ALMA osatuko duten 66 antenetatik hamasei besterik ez daude gaur egun martxan, baina, hala ere, Atacama Large Milimetre/Submilimetre Array (ALMA) dagoeneko munduko teleskopiorik ahaltsuena da uhin milimetrikoko irrati teleskopioen atalean. Txilen dago kokatuta azpiegitura hori, eta astronomiaren erreferentzia nagusia bihurtu da. Badago horretarako zio nahikorik: ALMA unibertso hotza ikertzeko diseinatu dute, uhin milimetriko eta submilimetrikoetan behatzeko; aurrekariak ezin dira alderatu ere egin ALMArekin.
Zerua ez dute betetzen soilik izarrek, planetek, galaxiek eta beste astroek. Oraindik oso ezezagunak diren materia iluna eta energia iluna alde batera utzita, oinarrizko materia, atomoak, molekulak eta ionak ikusten ditugun astroen artean sakabanaturik daude. Gas horren zati bat oso hotza da; molekulak dira, eta izarrak zein planetak osatzeko baliatzen diren lehengaia osatzen dute. Jaiotzeko dauden izarrak ezkutatzen dira gas hotzeko hodei horien barnean. Espazioaren behaketarako teleskopio arruntak ez dira gai haiek ikusteko.
Gas hodei horiek uhin milimetriko eta submilimetrikoen bidez ikus daitezke, ordea. Erradiazio horrek gure galaxiaren eta urrutien dauden galaxien molekulen hodeien barruan gordetzen dena ezagutzeko bidea ematen du. Alpeetan kokatutako Plateau de Bureko IRAM behatokia horretan dabil, kasurako.
Haatik, ALMA da etorkizunerako apustua. Unibertso hotza behatzeko propio diseinatu baitute, uhin milimetriko eta submilimetrikoetan behatuz. Inoiz eraiki diren halako teleskopioen artean ahalmen handienekoa da, alde handiarekin gainera. Hiru kontinenteko hogei herrialderen arteko elkarlanak bideratu du. Europako ESO behatokia, AEBak eta Kanada, eta Japonia eta Taiwan daude Joint ALMA Office JAO elkartean, Txilerekin batera. Behatoki erraldoia Txilen baitago, munduko lekurik lehorrenetako batean, Chajnantor ordekan, 5.100 metrotara. Eremuan zehar mugituko dituzte behatokia osatuko duten 66 antenak (egun 16 daude martxan), propio diseinatu eta eraikitako garraiatzaile erraldoien bidez. Proiektuaren bultzatzaileek diotenez, Hubble teleskopioak baino irudi askoz ere garbiagoak eskainiko ditu ALMAk. Astronomoek sekula ikusi gabeko urrutiko gas molekularra ikusi ahal izango dute azterketarako.
Txileko Chajnantor ordekan lan egitea ez da erraza izango. 5.100 metroko altueran itsas mailan dagoen oxigenoaren erdia baino ez dago. Zientzialarientzat erronka da hori. Oxigeno bonbonarekin lanean aritzea ohikoa bihurtu da jada. Gainera, zero azpitik hamar eta hogei gradu bitarteko hotza pairatu behar da maiz, baita haize ufada handiak ere. Baina kokapen egokia da ALMArentzat, eta zientzialariek sari ederra izan dezakete; izango dutela sinetsita daude.
Datozen bederatzi hilabeteetan 112 proiektu garatuko dituzte ALMAn. Urriarekin batera hasi ziren proiektu horri dagozkien lehen behaketak, behatokiaren hastapenekoak. Mundu zabaleko ikerlariek 900 proiektu proposatu zituzten ALMAren lehenengo bertsio honekin gauzatzeko (hamasei antenekin). Aditu batzorde batek 112 hautatu ditu. Datozen urteetan beste asko egingo dira ALMAn, behatokiak 30 urtez funtzionatuko duela kalkulatu baitute.
Ezarian. Zientzia
Unibertsoaren arima behatzeko
Urriarekin batera hastapeneko behaketak egin dituzte Txileko ALMA behatokian. Unibertsoa ikertzeko sekula diseinatu eta eraiki duten behatokirik ahaltsuena da, zientzialari askoren iduriko, mugarria jarriko duena unibertsoaren ezagutzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu