Montepulcianon, Italiako Toscanan, ardo upelen lasterketa bat antolatzen dute urtero, 1974tik. Ordura arte egiten zen zaldi lasterketa zela-eta istilu handiak egoten ziren, eta hura saihestu nahian erabaki zuten animaliak upelekin ordezkatzea. Ezin esan Gasteiz euskal Montepuciano denik, baina 2016an Blusen eta Nesken Batzordeak Italiako herri horretan topatu zuen 1964tik Santiago egunean usadio zen asto lasterketa ordezkatzeko eredua. Harrezkero, blusa eta nesken kuadrillen upel lasterketa izaten da eguneko ikuskizun jendetsuenetakoa eta arrakastatsuena. Gaur ere ikusmin handia sortu du.
Blusak eta neskak protagonista izan dira gaur Gasteizen, Santiago egunean. Hain zuzen ere, 29 kuadrilletako 9.000 kidek baino gehiagok girotu dute eguna, milaka herritarrekin batera, eta goiz-goizetik giro aparta izan da kalean. Dianarekin batera, jendez betetzen hasi dira erdiguneko kaleak, Gasteizko San Frantzisko aldapa inguruko baratxuri postuak eta hainbat txokotako ikuskizunak.
Goizean Plaza Berrira hurbildu da jende andana, blusen eta nesken upel lasterketa ikusteko. Zortzigarren aldia du aurten, eta gasteiztarren artean ohitura bilakatu da parte hartzaileak animatzera joatea. Hamaiketan hasi da lasterketa, baina ordu erdi lehenago iritsi dira kuadrilletako blusak eta neskak, prestaketa eta beroketak egiteko. Siberiarrak kuadrillako Itsaso Palacios eta Julia Costa gazteak eskularruak hartu eta dortsala jartzen ari dira beste kideekin batera. Kuadrillan hasiberriak dira biak ala biak, eta lehen aldia dute lasterketan. «Ez nuen nahi, baina ez dut izan ausardiarik ezetz esateko», aitortu du, barrezka, Palaciosek.

Hemezortzi kuadrillak parte hartu dute upel lasterketan; iaz baino gutxiagok. Aurreko urteetan elkarren aurka izandako talkak eta pilaketak ekiditeko asmoz gutxitu dituzte parte hartzaileak. «Ez dugu arriskurik nahi, ezta istripurik ere! Kontuz ibili!», egin die abisu aurkezleak blusei eta neskei.
Tania Calvo txirrindulariari egokitu zaio lasterketari ohorezko hasiera ematea. «Hiru, bi, bat... aurrera!». Ziztu bizian atera dira blusak eta neskak, upelari bultza eginez. Lau pertsonaren artean upela garraiatu behar izan dute, lurretik altxatu gabe bueltak emanez. Lau itzuli dira orotara. Bertaratutakoen animo garrasi artean burutu dute ibilbidea; kostata batzuk, pisutsua baita upela, eta zaila bidean zuzen eustea.
Azken zortzi urteetan bezalaxe, aurten ere Basatiak kuadrillak irabazi du lasterketa. «Estrategia basatia da gurea: gakoa da lehenak ateratzea eta horri eustea», kontatu du, pozarren, Iker Paniagua Basatiak taldeko kideak, lasterketa amaitu berritan. 225 litro ardo irabazi ditu kuadrillak.
Mota guztietako baratxuriak
Ohikoa denez, baratxuri eskaintza zabala izan dute aukeran gasteiztarrek Santiago egunean. Bost eta 30 euro bitarteko sortak salgai dituzte ehun bat ekoizlek. Ohitura den moduan, Nafarroako saltzaile ugari izan dira. Euskal Herritik kanpoko beste hainbat ere badira, Zamorakoak edo Errioxakoak (Espainia) adibidez. Txuriak, moreak, ekologikoak, prezio eta tamaina ugaritakoak... kiloka saldu dituzte gaur.
