Akuiferoen kudeaketa irizpide jakin batzuekin egin beharko litzatekeela uste du Iñaki Antiguedad EHUko Geologian doktore eta Hidrogeologian katedradunak (Bilbo, 1955). «Afrikan eta beste edozein lekutan» akuiferoak ustiatzean hainbat aldagai hartu behar dira kontuan, adibidez urtero eurien bidez sartzen den ur maila baino gehiago ez ateratzea. Afrikaren akuiferoak banan-banan aztertu behar direla dio, tokian tokiko ustiapenak erabakitzeko.
Afrikaren lur azpian akuifero erraldoiak kartografiatu dituzte. Beste kontinenteetan daudenekin alderatuta badute apartekotasunik?
Ez. Bi baldintza bete behar dira horrelako akuiferoak sor daitezen: geologia aldetik, arroka bolumen multzo handiak behar dira, iragazkorrak betiere, ura gorde ahal izateko; eta ura egotea, euria egitea alegia. Afrikako arrokek badute berezitasun bat: igneo-metamorfikoak dira leku askotan, ez sedimentarioak, Euskal Herrian izan daitezkeen bezala. Horregatik diote granitoa topatu dutela.
Sahel inguruan akuifero handiak daude. Itxura batean albiste ona da ur eskariari erantzuteko. Nola ikusten duzu zuk hori?
Galdera asko sortzen zaizkit. Akuiferoen ustiapena nola egiten den aztertu beharko genuke. Espainiako Levantera begiratzea besterik ez dugu: lurpeko uraren ustiaketa gehiegizkoa egin dute. Ur asko atera dute, baina ur hori ez zen azken urteotako klimaren ondorio, aurreko klima euritsuagoen ondorio baizik.
Hain zuzen, 5.000 urte pilaturik daraman ur kantitate handia topatu dutela diote…
Ikerketak kokatzen ditu hainbat akuifero 25 metrotara, eta beste batzuk, berriz, 250 metrotara, Libian adibidez. 5.000 urteko datu hori zuhurtziaz hartuko nuke; akuifero sakonen uraren adina izan daiteke hori, aurreko klima desberdinen ondorio, baina azaleko akuiferoen ura, 25 metrotara dagoen hori, ez da adin horretakoa. Ur hori aurreko urtean edo aurreko bietan pilatutako euri urena izango da. Akuifero sakonek istorio geologiko eta klimatiko bat islatzen dute: iraganeko kutxa beltza izan daitezke, alegia. Azalekoak erabat ohikoak dira.
Itxura batean uraren kalitatea ona da; halaxe diote BGSko ikerlariek. Ustiapena egokia litzateke?
Aurkitu dute ur guztiaren kalitatea ona da? Ez dut batere argi ikusten. Ez dut sinesten 5.000 urteko urak, ehunka metrotara dauden urak, kalitatezkoak direnik, edangarri alegia. Badakigu Saharan oso akuifero onak daudela, baina oso sakonera handian. Sahararrek putzuetatik ateratzen dute ura euren kanpalekuetan, baina ehunka metro zulatuz. Ur fosilak dira, mineralizazio handikoak. Bestalde, egia da granitoa dagoen lekuan urak mineralizazio txikia izango duela.
Akuifero sakonak ezin dira izan granitoari lotuak? Hau da, ur kalitate onekoak?
Akuifero sakonak oso zabalak izaten dira, kilometro koadro askorekin eta metro kubikotan ere bolumen handiarekin. Horrelako akuiferoak ez daude granitoari lotuak. Granitoek eta antzekoek ur bolumen gutxiago izaten dute.
Afrikako iparraldeko akuifero sakon-zabal horiek nola azaldu behar dira orduan?
Aljeria eta Libia inguruko akuifero handi horiek antzinako arro sedimentarioei lotuak daude. Normalean, arro sedimentarioetan dauden material iragazkorrak, orain sakonera handian dauden horiek, mineralizazio handia ematen diote urari. Horregatik, arazo bikoitza dago akuifero horiek erabiltzeko: oso sakon daude batetik, eta horrek esan nahi du teknologia handia behar dela ura ateratzeko, eta ura erabilgarri bihurtu behar da bestetik, normalean oso ur gaziak izaten direlako. Beraz, kasu bakoitza, akuifero bakoitzaren baldintzak aztertu behar dira ustiapena egin ote daitekeen jakiteko, eta egitea komenigarria den jakiteko.
Eta azaleko akuiferoen ustiapena nola egin beharko litzateke?
Oraingo klimari lotutako akuiferoak badira, bai Afrikan eta bai edonon, ustiapenak badu muga bat: ez atera gaurko klimak sartzen duen baino ur gehiago. Frantziar pope handi baten zioenak balio du hemen: akuiferoa kontu korronte bat balitz bezala kudea daiteke. Zenbaki gorritan ez geratzeko ez da irabazten den baino diru gehiago gastatzen. Horrek ez du esan nahi dagoena baino gehiago ateratzea txarra denik beti, ez du zertan. Maileguak eskatzen dira; kontua da hurrengo urtean edo hurrenetan diru hori itzultzea. Lehorte urtean ur gehiago atera bada, egindako kontsumo hura hartu behar da kontuan urte euritsuak datozenean.
Eta akuifero sakonekin zer egin behar da? Ur fosilak ezin dira ukitu?
Saheleko akuiferoen birkarga ez dago ia, gaurko klima oso lehorra delako han. Kasu horretan ezin da lotu ateratzen den ura sartzen den urarekin. Ur fosilak, uraren meagintza esaten diogun horretan sartzen dira, petrolioa edo urrea ateratzea bezala baita. Kontu korrontearen adibidera itzuliz, gerta daiteke seniparte bat jaso eta diru mordoa jasotzea bat-batean. Europan gertatuko balitz ur fosilak hain kantitate handian aurkitzea, gu jadanik bueltan egon beharko genuke; ez genituzke ukitu beharko. Baina Afrikan, gerta daiteke inbertsio bat egitea ur hori ateratzeko, gizartearen behar jakin batzuk betetzeko, agian edateko ez. Nik uste dut merezi duela ur hori ateratzea, horretarako baldintza onak egonez gero behintzat. Baina garrantzitsuena da, ateratako ur horiek erabiltzea aukera berriak sortzeko gizarte horietan, eta ez ur horren gatibu bihurtzeko.
Iñaki Antiguedad. Hidrogeologian katedraduna
«Ur fosilak aukera berriak sortzeko erabil daitezke, ez haien gatibu izateko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu