M endi mundura «heldu berria» dela dio Julen Urdaibaik. Alabaina, hasiberria izateko hamaika lasterketatan ibili da bermeotarra (Bizkaia). Eta hurrengoa begi bistan dauka. Antartikara joango baita azaroan, bertan egingo den Ice Marathon (Izotz maratoia) lasterketan parte hartzeko. Erronka berezia izango da gainera, 1912an Kantauri itsasoan sartu zen galernan hildako arrantzaleak omenduko baititu mendeurrenean. 143 arrantzale bizkaitar hil ziren, horietatik 116 bermeotarrak. Bide batez, omenalditxoa egin nahi dio «Bermeoko arima den itsasoari». Baina korrika izotz gainean egingo du, ohikoa ez den gisan. «Sinbolikoki uraren gainean ibiliko naiz korrika», dio barrez. Guztira, 143 kilometro egingo ditu, hildako arrantzale bakoitzeko kilometro bana.
Azaroaren 16an abiatuko da Euskal Herritik, eta hiru egun geroago helduko da Antartikara. Bertan, maratoia osatzen duten bi lasterketetan egingo du korrika. Hain zuzen ere, azaroaren 20an, 43 kilometro egingo ditu, eta, bi egun geroago, 100 kilometro, 25 kilometroko zirkuitu bati lau buelta emanez.
Orain arte ezagutu gabeko baldintzetan egingo du korri Urdaibaik. Zero azpitik hogei gradu inguruko tenperaturan, eta haizea badabil, sentsazio termikoa hotzagoa izango da. Eta bere burua baldintza horietan zelan moldatzen den frogatu nahi du. Horregatik, «beharrezkoa da antzeko tenperatura dagoen leku batean entrenatzea». Orduan, kontserba enpresa bateko hozkailua toki aproposa izan daitekeela pentsatu du. «Neure burua eta gorputza prestatzeaz gain, eraman beharreko arropa aukeratzeko ere garrantzitsua da egoera horretan entrenatzea», esan du. Izan ere, arropa gehiegi eraman eta izerdi asko botatzea kalterako izan daiteke, deshidratatzeko arriskua baitago.
Lasterketan parte hartzea «oso garestia da». Izena emateak, soilik, 10.000 euroko kostua du. Hortaz, ezinbestean, babesleen laguntza eskatu behar izan du. Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, eta beste bost enpresa pribatuk ere lagundu diote. «Asko eskertzen diet; laguntzarik barik ezingo nuke horrelako esperientzia bat izan», azpimarratu du Urdaibaik.
Baldintza gogorretako eskarmentua
Lasterketa eta lehiaren mundura iritsi berria dela dioen arren, eskarmentua badu bermeotarrak. Iaz, esaterako, Amazoniako oihanean egiten den Jungle Marathon lasterketan aritu zen, Brasilen. Duela sei edo zazpi urte inguru hasi zen kirola serioago hartzen: «Mendiko bizikletarekin hasi nintzen, gero lasterketa batzuetan parte hartzen, eta abar». Eta 2008an beste pauso bat eman zuen: Sablesko maratoian (Sahara) korrika eginez. Orduan animatu zen «lasterketa potoloagoetan» parte hartzen. Hurrengo urtean, Alpeetako Transalpin lasterketara joan zen.
Gogotsu dago Urdaibai, erronka berri honi ekiteko prest. Blog bat sortu du aurten (Julenurdaibai.blogspot.com), eta, bertan, abenturaren nondik norakoak kontatuko ditu.
Ur gaineko korrikalaria
Basamortuan, mendian, oihanean... eta, oraingoan, izotzean korrika egingo du Julen Urdaibai bermeotarrak. Horrela, 1912ko galernan hildako arrantzaleak omendu gura ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu