Gaur zen jokatzekoa New Yorkeko (AEB) maratoia , baina bertan behera geratu da azkenean. Sandy urakanak eragindako kalteak direla-eta hartu zuen erabakia Michael Bloomberg hiriko alkateak, herenegun iluntzean. Beranduegi izan da hara joandako hainbat korrikalarirentzat, hegazkinetik jaitsi eta gero izan baitute albistearen berri. Tartean daude hainbat euskaldun.
Javier Maurolagoitia eta Jon Arrarte dira horietako bi. Lagunak dira, eta lehen aldiz egin behar zuten korrika New Yorkeko maratoian. Zalantzak zituzten arren, asteazkenean alkateak lasterketa egingo zela baieztatu ondotik, hegazkina lasai hartu zuten. «Hegazkinera igo ginen erdiak baino gehiago korrika egitera gentozen. Txema Martinez maratoilaria zegoen tartean», dio Maurolagoitiak.
Manhattanen ez dute sumatuurakanaren arrasto handirik. «Etxe orratz bateko garabia iraulita ikusi dugu, eta Central Parken, zuhaitz eroriak, baina gainontzean normaltasuna da nagusi». Handik kanpo, egoera bestelakoa da oso. Urakanak 41 hildako eragin ditu hirian, eta zenbait tokitan elektrizitate eta urik gabe jarraitzen dute. Gaurko maratoiak hiriko bost auzotatik pasatu behar zuen, eta Staten Islanden zuen abiapuntua; hiriko gunerik kaltetuenetako batean. «Brooklyn eta Queen auzoetan ere kalteak nabariak direla esan digute. Metroa ez dabil leku askotan».
Maratoiaren inguruko erakustazokan pasatu zuen ostirala Maurolagoitiak. «Dortsalak eta informazioa ematen dituzte han, besteak beste. Ez ziguten ezer esan». Handik atera bezain pronto, iluntzean, oinezko batek abisatu zion lasterketa bertan behera geratu zela. Jon Arrarte, bien bitartean, Washingtonen zegoen turismo egiten, eta lagunaren deia harrituta jaso zuen.
«Erabaki politikoa izan da bertan behera uztea. Alkateak kritika ugari jaso ditu aurretik». Oposizioak aste osoan leporatu dio Bloombergi maratoirako erabili behar zituen baliabideak urakanaren kaltetuentzat jarri behar zirela. Alkateak erantzuten zien maratoia ongi etorriko zela hiria «bere onera itzultzeko» urakanaren kolpea jaso ondoren, baita ekonomia suspertzeko ere.
Orain, azken orduko aldaketak korrikalarien artean sortu ditu kritikak. «Onartezina da asteazkenean egingo dela esan eta azken orduan, ostiral iluntzean, bertan behera uztea. Korrikalari asko, ziurrenik, ez ziren honaino etorriko», jarraitu du Arrartek. Alkateak azken unera arte itxaron izana alderdi ekonomikoarengatik ere badela uste dute. «Turista asko etorri dira maratoiaren aitzakian; dirua da».
Nahiko lur jota sentitzen da Maurolagoitia. «Urte osoa horretarako entrenatzen ibili naiz». Bidaiaren kostuaz eta antolaketaz aritu da Arrarte. «Oporrak udan hartu beharrean, orain hartu ditugu. Behin etorriko, eta zorte txarra izan dugu, egia esan». Antolakuntzak bermatu die hurrengo urterako dortsala gordeko dietela, baina esan dute haraino joatea ez dela erraza. «Ikusiko dugu zer egingo dugun. Gogo izugarria dugu, baina ez da Mungiatik Donostiara joatea bezala».
New Yorkeko maratoia berezia da oso. Munduko maratoilari guztien ametsa dela dio Arrartek, «bizitzan behin behintzat egin beharrekoa», eta horren erakusgarri da lasterketan parte hartzen dutenen kopurua. Mundu osotik iritsitako 40.000 korrikalari inguru espero zituzten gaur kalean.
«Atzo goizean, Central parkera atera nintzen korrika egitera, eta lasterka zebilen herrialde askotako jendearekin egin nuen topo».Lasterketarik gabe, turismoa egin eta inguruak ezagutzeko aprobetxatuko dituzte egun hauek.
Urakanaren haizeteek zapuztutako maratoia
Bertan behera geratu da New Yorkeko maratoia, 'Sandy' urakana dela eta; lasterkariek azken unean jakin dute berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu