ATZEKOZ AURRERA

Urdinak hartu du Ondarroa

San Joan jaiekin bat egin du Ondarroako Zapato Azulek aurten, eta aurreko urteetako jendetzarik gabe ospatu ahal izan dute festa. Alde zaharra kamiseta urdinez eta giro onez bete da, hala ere, beste urte batez.

Dinamartxako partaideak atzo eguerdian iritsi ziren Ondarroako alde zaharrera. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Ondarroa
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Superman-en melodia entzuten hasi da Ondarroako (Bizkaia) kofradia zahar pareko balkoi batetik. Atera da bertara Nekane Akarregi Radixu irratiko esataria, eta hizketan hasi da: «Aurten martxoan gehien egin diguten galdera ez da izan nor izango den alkate berria edo antzekorik; ez, aurten gehien galdetu digutena izan da ea noiz izango zen Zapato Azule». Egun zehatzik ez baitauka Ondarroako jai ezagunenak. Ekaineko azken asteburua izaten da normalean, baina jendeak jakin nahi zuen ea San Joan jaiekin bat egingo ote zuen. Eta hala izan da, azkenean. «Bai, aurten ekainaren 25ean tokatu da!». Balkoi azpian zeuden herritarrak oihuka hasi dira, egun hori atzokoa zela jakitun.

Baina Zapato Azulari hasiera emateko txapligua bota behar, eta horretarako tartea eman dio herritar bati. Duela zenbait urte, udalari jaien hasiera emateko suziri batzuk eskatu zizkioten antolatzaileek, eta horiek eman ez zizkiotenetik herritar horrexek hartu du ardura, txapligua ahoko soinuz botaz: «Panba! Panba! Panba!» oihukatu, eta balkoi azpiko jendea berriz ere oihuka hasi da, kostako herria urdinez koloreztatzen duen egunari hasiera emanez. Eguerdian oraindik jende gutxi, baina elektrotxaranga, txaranga eta erraldoiak bertaratu ahala joan da berotzen Ondarroako giroa. San Joan jaiekin bat egin du egunak, eta aurten ohi baino jende gutxiago izan da; ez da izan aurreko urteetako jendetzarik. Eta, hala ere, alde zahar guztia jendez beteta egon da.

Horrela egon da Dinamartxa iritsi arte. Ostiral iluntzean 50 pertsona abiatu ziren Tolosatik (Gipuzkoa) mendiz mendi Ondarroarantz, eta beste 200 txirrindulari atzo goizean. Denak batera iritsi dira jaia hasten ari zela, eta eurekin izan du jarraipena. Herritarren txalo, irrintzi eta txarangaren doinuen laguntzarekin iritsi dira Dinamartxa egin duten partaide guztiak Ondarroara, eta ordutik aurrera Zapato Azulek festarekin jarraitzeko osagai guztiak izan ditu. Arratsalde eta iluntzera arte iraun du Radixu Irratiak antolatzen duen jaiak.

Kamiseta lehiaketa

Festa giroak hartu du Ondarroako alde zaharra, baina zubiaren beste aldean giroa lasaiagoa izan da. Kamiseta lehiaketa egin dute bertan hogei egileren eskutik, «Euskal Herriko bakarra, ziurrenik». Urtzi Sertutxa Pokabroma kamiseta egileen postuan egon da goiz guztian, jai giroa urrun ez duela: «Gaur [atzo] ez du aparteko eguraldirik egin, eta espero baino gutxiago saldu dugu; aurreko urteetan ez bezala, itzelezko beroa egin, eta tiratako kamiseta denak agortu zitzaizkigun». Euririk ez du egin, hala ere, eta Zapato Azule jai giroan amaitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.