«...Mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesetan joan hintzana» zioen Xabier Letek, Xalbadorren omenez eginiko abestian. Urepeleko aurtengo ekitaldiak badirudi Leteren hitzak hartu dituela eredutzat, mendi hegal horietan zehar mendi martxa antolatu dutelako (09:00), inguruak hobeto ezagutzeko helburuarekin; aldi berean, bertsolari nafarra zenaren etxolara ere iritsiko da ibilaldia.
Aurtengo ekitaldiak beste hainbat aldaketa ere izan ditu. Lehenengoa, Joakin Berasategi argitaratzailea ere omenduko dutela. Urepel eta Xalbadorren inguruarekin lotura handia zuen Berasategik, eta horren adibide da 2004. urtean Hauspoaren liburutegi osoa Xalbadorren Urepeleko lagunei eskaini izana. Aldi berean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko bideo emanaldia egingo dute, plazan.
Hala ere, urteroko egitarauaren parte diren Zuberoako dantzariak, herri bazkaria, erromeria eta bertsolariak (15:30) ez dira faltako. Joxe L. Gorrotxategi, Aitor Sarriegi, Sebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi ariko dira bertsotan, eta Joxemari Iriondo arituko da gai-jartzaile lanetan.
1976ko azaroaren 7an, bere omenez egiten ari zen herri bazkari batean, bihotzekoak jota hil zen Xalbador. Harrezkero, herri bazkaria antolatu ohi da Urepeleko frontoian, bertsolaria gogoraratzeko.
XALBADOR EGUNA
Noiz. Gaur, egun osoan.
Non. Urepel (Nafarroa Beherea).
Urepeleko artzaina gogoan
Urtero legez, Xalbador bertsolaria omenduko dute Urepelen haren heriotzaren 36. urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu