Pitillasko aintzira (Nafarroa) urik gabe gelditu da. Hezegunea toki lehor bilakatu da, ezhoiko itxura eskainiz. Arrazoia ez da azken hilabeteetako euri falta, urmaelak ura biltzeko gaitasun gutxi duelako baizik. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren arabera, gertakaria mesedegarria da bertan lekutzen diren espezieentzat, eta urmaela garbitzen laguntzen du.
Klima mediterraneoko aintzira endorreikoa da Pitillaskoa. Horrek esan nahi du ura bere harroan biltzen duen euritik izaten duela. Beste urmael batzuk ez bezala, ez du ibairik edo lur azpiko urik harroa betetzeko. Harro txikia duenez, uraren maila aldaketak maizago gertatzen dira. Aintzirak hartzen duen ura inguruan egiten duen euriak baldintzatzen du. Horregatik, euri asko egin izan duen garaietan ere urmaelaren ur maila jaitsi egin izan da harroan euririk ez duelako bota. Eta aurkakoa ere gertatu izan da. Lehorte garaietan urmaelak ur maila handia izan du inguruan ekaitzen batizan delako. Ingurumen Sailak egindako neurketen arabera, Pitillasen urmaelak normalki bi metroko ur maila izaten du. Iragan ilbeltzean, oraindik lehorterik ez zegoenean, sakonera 90 zentimetrokoa zen soilik. «Urmaelaren ur maila ez da azken sei hilabeteetan nozitzen ari garen lehortearen ondorio, lehenagotik heldu den gertakaria baizik», dio gobernuak.
Horri beste baldintza bat gehitu behar zaio: urmaelaren hamar urteko ziklo naturala. 90eko hamarkadaren hasieran lehortu egin zen, 2002an ere bai, eta aurten ere bai. «Ez dira nahikoa erregistro eredu bat ezartzeko, baina urmaelak autoerregulaziorako joera duela frogatzen dute».
Espezientzat mesede
Kontrakoa badirudi ere, aintzira lehortu izana mesedegarria da oso bertan bizi diren ehun espezie baino gehiagorentzat. Pitillasko aintziran espezie aloktonoak ere garatzen dira: karramarro amerikarra, zamo arrunta eta Floridako apoarmatua, nagusiki. Kaltegarriena oso hedatua dagoen zamo arrunta da. Arrain mota horrek aintziraren behea nahasten du janari bila, lohia altxatuz eta uraren oxigenoa murriztuz. Horrek urmaeleko landare kopurua murriztu egiten du, baita hegaztiena ere. Zamo arrunta dagoenean balio ekologiko handiko hainbat hegazki ez dira aintzirara hurbiltzen: kopetazuria eta ahate koloreduna, besteak beste.
Kasu horretan, gainera, aintzirak aurrea hartu dio gobernuari. Aintzira nahita lehortzeko aurrekontua egina zuen Ingurumen Sailak, urez hustu eta zamo arruntak eta beste espezie aloktonoak kentzeko asmoz. Ez da beharrezkoa izan aintzira bera bakarrik lehortu delako autoerregulazioaren ondorioz. Baina artifizialki lehortu diren aintziren adibide gehiago badira inguruan. Vianako Las Cañas aintzira berria 2006an lehortu zuten, dikean lanak egiteko. Sei tona arrain atera zituzten, gehienak zamo arruntak, eta ordura arte ez zeuden espezieak lekutzen hasi zen.
Astebururako euria iragarria dute, eta aintzira ura berreskuratzen hasiko da.
Urik gabeko aintzira
Lehortu egin da Pitillasko aintzira. Aurkakoa dirudien arren, ez da azken hilabeteetako lehorteagatik idortu, urmaelak ura biltzeko duen gaitasun eskasagatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu