Nafarroaren bihotzean barneratu da Urmuga, eta Oibarreko gailur, muino eta herrietan zaldiko-maldiko dabil egunotan, galsoro, olibondo eta mahastien artean. Urmuga geografikoari heldu beharrean gure historiaren zidorrei heldu die aurten ekinaldi ibiltariak, behiala euskaraz mintzo zen herri baten arrastoei jarraika. Uxue, Eslaba, Galipentzu, Rocaforte, Oibar... iragan horren lekuko dira, eta Nafarroako Erdialde horretan sumatzen da oraindik ere taupada bat, harrotasun bat, izan ginen eta bagara nahi bat.
ikusi gehiago
Agustin Rodriguez Egilaz Logroñon bizi da, baina Eslabakoa da (Nafarroa), eta Urmugaren berri jakin orduko batu zen Uxue eta Kaseda arteko etapara. Ibiltariak Zaldinaga mendilerroa zamalkatuz doazela, geldialdi bakoitzean bere Oibar maitea erakusten hasten da: «Horko hori Lerga da. Parean duguna, berriz, nire jaioterria, Eslaba, eta ondoan ikusten dena, Santa Criz herrixka erromatarraren aztarnategia. Harribitxi bat da; aukera baduzue, zoazte ikustera. Harago Ageza eta Aibar ageri dira. Ikusten duzuenez, herrixka gehienak muinoen gainean daude eraikita, eta gehienek gaztelua edo gotorlekua izan zuten, XVI. mendearen hasierara arte, 1512an Albako dukeak denak suntsitu zituen arte. Toponimia, %90etik gora, euskaratik dator: lehen Txutxu mendia ikusi dugu, orain Zaldinaga mendilerroan gaude, hori Andiaga da, harako mendilerro hura Arbinaga...».

Felipe Uriartek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944) aurten ez zuen asmorik Urmuga osoa egiteko, baina aurreko hiru ekitaldietako lagunak ikusteko gogoa zuenez, aurtengoa berezia denez eta hizkuntza baten alde «urrats txikiak» egiten jarraitzeko gogoa zuenez, aurten ere orain arteko etapa guztiak egin ditu. «Aurtengoa berezia da, bai. Alde batetik, laugarrena izateak poza ematen du, bizirik dagoelako ekimena, eta bestetik, urmuga geografikoari alde egin eta beste bide batzuk hartuta gabiltza, eta hori ere ederra da. Ipuscoa lehen aldiz agiri batean azaldu zela mila urte dira, eta duela 1.000 urteko Gipuzkoa hura ere Nafarroako Erresumaren parte zenez, izen horren arrastoan Nafarroako lurralde eder hauetan gabiltza. Iruñeko eta Nafarroako Erresumaren erdigunean sartzen ari gara, eta gure historiaz beterik daude inguruok. Alde horretatik, bidaia sakon bat balitz bezala ari naiz bizitzen. Bidaia bat gure iraganean eta historian barna».
«Zaldinaga mendilerroan gaude, hori Andiaga da, harako mendilerro hura Arbinaga... toponimo horiek guztiak dira lekuko hemen euskaraz egiten zela»
AGUSTIN RODRIGUEZ EGILAZEslabako herritarra eta ibiltaria
Duela hiru urteko ekaineko suteek suntsitu egin zuten Nafarroako Erdialdea: San Martin Unx, Uxue eta inguru hori guztia. Mendi apal hauetako zuhaitz eta zuhaixka asko beltz ageri dira oraindik ere, hilda, baina belarra eta sastraka oparo jaio dira gerozko hiru urteotan. «Nolako indarrez datozen ipuruak», poztu da Rodriguez Egilaz. Hainbatetan galdu egiten da zidorra, sastraka sarriek janda, eta, halakoetan, Julen Reketa gidariak (Laudio, Araba, 1967) hartzen du aurrea, eta hurritz makila eskuetan duela, aspaldiko xendaren arrastoari jarraitzen dio, zalantza zirkinik egin gabe. «Urmuga baino lehen etapa guztiak aztertzen ditugu, ikusteko zein izan daitekeen biderik egokiena, edo ederrena. Tokian tokiko mendizaleek ere asko laguntzen digute horretan», azaldu du Reketak.

Zaldinagako gailurreriara bidean, prakamotzak daramatzaten urmugalariek hankak urraturik bukatu dute. Trinkoa da, trinkoa denez, sastrakadia Nafarroako Erdialde horretan. Ordainetan, izpiliku, ezkai eta erromero usainak gozatzen ditu oinetako urratuak. Gainera, atzera begiratuta, bide lauso bat urraturik geratu da hamahiru laguneko segizioa igarotzean; izan ere, ibilian-ibilian, horixe egiten ari da Urmuga: sastraken artean bidexka bat urratzen. Sastrakek janda behiala inguruotan bidezidor bat bazela, hizkuntza bat bazela azaleratzen. «Aurrez aipatutako toponimo horiek guztiak dira lekuko hemen euskaraz egiten zela», jakinarazi du Rodriguez Egilazek. Gaztelaniaz mintzo da, baina sumatzen zaio arestian aipatutako euskararen aldeko nahi hori, taupada hori. Txus Aiape Arbe emaztea, berriz, Kasedakoa bertakoa sortzez, gai da euskaraz egiteko. Eta eskertuta dago, Maluxa, Arantxa eta beste urmugalariak mintzalagun ezin hobeak direlako.
«Oibarren mendebaldera, hor da La Bizkaia ibarra; han, Elomendi; horko hori Argangoitiko mendilerroa da; urrunean Pirinioak, Bisaurin, Aguerri...», jarraitu du Rodriguez Egilazek Beragu tontorreko talaiatik, eta, kaxko hartan, beste istorio polit bat azaldu du: hamalau zortziehunekoa. Hamalau zortzimilakoak beharrean, Oibar harresitzen dituzten 800 metrotik gorako hamalau mendi igo zituzten duela urte batzuk ibarreko hainbat lagunek. Bazen mendi apal horien aldarrikapen hartan ere harrotasun amiñi bat. Eta harrotasun horren isla da, inondik ere, Zangozaldeko jendeak Urmugarekiko agertu duen prestasuna. Oso eskertuta dago Felipe Uriarte: «Aldez aurretik ekitaldiak eta bidea prestatzen aritu garenean, jendeak oso harrera beroa egin digu, eta laguntza handia jaso dugu. Urmugaren inguruan mugitzen den jende horrek egiten du Urmuga. Rocaforten, Zangozan, Oibarren... lagun handiak egin ditugu; gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute, baina sumatzen dugu euskararen aldeko eta Euskal Herriaren aldeko bultzada, eta horrek ematen dio gorputza ekimen honi. Alde horretatik, aurtengoa ederra izaten ari da».
«Rocaforten, Zangozan, Oibarren... lagun handiak egin ditugu; gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute, baina sumatzen dugu euskararen aldeko eta Euskal Herriaren aldeko bultzada. Alde horretatik, aurtengoa ederra izaten ari da»
FELIPE URIARTEMendizalea eta Urmugaren antolatzailea
Galipentzuko aldapak
Beragu gailurretik behera, Galipentzuko San Salvador eliza agertu da zerumugan, baita Aragoi ibaia ere, musker koloreko ziraun bat nola. Ibaiertzeko alorretan, ekiloreak lepoa luzatuta ageri dira, eguzki egarriz. «Galipentzutik Zarrakaztelura, ikaragarri oparoa da ibaiaren bazterreko landaredia, eta babestuta dago Aragoiren tarte hori. Gero, Zangoza baino lehen batzen zaio Irati, eta, haren urak hoztuta, hor doaz Mediterraneora», jakinarazi du Txus Aiapek.

Galipentzu zaharreko San Salvador elizaren ondoan indarrak berritu ondoren, maldan behera abiatu dira urmugalariak, zubi erromatarraren bila. Gaur egun zaharberrituta daude Galipentzu zaharreko etxe ia guztiak, baina biztanle gehienak Galipentzu Berrian bizi dira, malda sosegatzen den lekuan. «Ez du erraza behar bizimodua aldapatzar hauetan», bota du batek. Eta sastrakekin bezala, aldapatzarrarekin ere berehala etorri da euskara gogora. Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorio kezkagarriei buruz galdetuta, hauxe Felipe Uriarteren gogoeta: «Oso inguru latzean bizi da gure hizkuntza gutxitua, eta ez da erraza horri aurre egitea, baina horretarako legeak behar ditugu, lege ausart eta indartsuak euskararen alde, eta horiek ezartzeko baliabideak ere jarri behar dira. Bidea hori da. Gizartea ekinean dago, lanean dago, aktibatuta dago, prest dago, eta lege indartsu horien babesa behar da. Ez gara estatua, erkidego kaxkar batzuk gara, eta, gainera, euskarari inolako begirunerik ez diotenen kuadrilla batekin adosten baditugu politikak, alferrik gabiltza».
«Galipentzutik Zarrakaztelura, ikaragarri oparoa da ibaiaren bazterreko landaredia, eta babestuta dago Aragoiren tarte hori. Gero, Zangoza baino lehen batzen zaio Irati, eta, haren urak hoztuta, hor doaz Mediterraneora»
TXUS AIAPEKasedako herritarra eta ibiltaria
GR-1 zidorrari jarraituz heldu dira urmugalariak Kasedara. Zain dago, besteak beste, Aitor Fernandez Oneka (Rocaforte, 1967). Arkitektoa da ogibidez, baina historialaria zaletasunez, eta Baskunsa proiektuaren bultzatzaileetako bat. «Zangozako dantza taldean sortu zen nolabait ekinaldia, eta hiru dira oinarriak: gure historian arakatzea, dantza eginez eta kantuan ondo pasatzea eta naturaz eta mendiaz gozatzea. Urmugaren modukoa da gure Baskunsa ere [barrez]». Fernandez Oneka izan da Rocaforteko ekitaldiaren antolatzaile nagusietako bat, eta harrituta dago astearte buruzuri batean ehundik gora lagun elkartzekoak direlako Eneko Arista Iruñeko Erresumako lehen erregearen sorlekuan.
Bat-batean, ondoko mahaian, urmugalariak eta Kasedako bertako hainbat herritar kantuan hasi dira; kantuan hasi zaizkio La Bizkaia ederrari, hala baitu izena kantuak. Bals zahar bat da, lur hauetan oso errotua: Y aquel viento frío que Julio mandó, Inviernos de nieve y de fuego escritos en una canción que en tono de jota alguien te cantó (Eta uztailak bidalitako haize hotz hura, elur eta suzko neguak abesti batean idatzita, eta jota doinuan norbaitek kantatuta).Eta sute suntsigarriak, sastrakak eta aldapatzarrak ahaztuta, Urmugako beste une eder horietako bat sortu da. Vive la maleza en tus casas desiertas, recuerdos que quedan en el corazón (Sasiak eta sastrakak bizi dira zure etxe mortuetan, bihotzean geratzen diren oroitzapenak). Eta hala, berriro ere, sastrakadian urratuta, bide sotil bat geratu da Urmugaren pasaeran.