Euriak haurren danborradaren danbor hotsak eta martxak isildu bazituen ere, entzun ziren danborren burrunbak Donostian. Union Artesana konpainiako danbor jotzaileek eta Udal Bandak urrezko danborra emateko ekitaldia girotu zuten atzo.
Behobia-Donostia herri lasterketari eman zioten urrezko danborra, hiriaren izen ona zabaltzen egindako lanagatik. Fortuna kirol elkarteak urtero azaroaren bigarren igandean antolatzen du proba. Haren presidente Enrique Cifuentesek jaso zuen ikurra, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen eskutik. Trukean, iazko lasterketako elastikoa oparitu zion Cifuentesek alkateari. Jon Maia Sarriegiren doinuen erritmoan dantzatu zen.
Momentu berezi batean jaso zuen saria Fortunak, mendeurrena bete berri baitu. «Fortunaren egunik handiena da gaur; Donostiako saririk garrantzitsuena eta preziatuena jaso dugu», adierazi zuen Cifuentesek saria jasotzerakoan. Urtero lasterketa herrikoiagoa egiten lan egiten duten guztiei eskaini zien danborra.
Izagirrek, berriz, lasterketaren izaera parte hartzailea eta herrikoia goraipatu zuen: «Elkartasuna eta lan boluntarioa dira Behobia-Donostia lasterketak sustatzen dituen balioak».
Urrezko danborra eman aurretik, Behobia-Donostia lasterketaren esanahia laburbiltzen duen bideo bat eman zuten, merezimendu horren arrazoiak azaltzeko.
Bideoan, lasterketaren bilakaerari buruz jardun zuten urte askotan lasterketan parte hartutako korrikalarien ahotsek.
Izaera bereziko lasterketa da Donostia-Behobia. Kirol proba ez ezik, festa handia ere bada. Urtetik urtera geroz eta jende gehiagok parte hartzen du. 1979. urtean berreskuratu zuten aspaldian egin gabeko lasterketa. Orduz geroztik, urtero-urteroparte hartze markak apurtzen ditu. Azkeneko aldian 20.000 lagun inguru atera ziren Behobiatik Donostiara bidean.
Hiriaren ekonomiarentzat pizgarri gisa ere funtzionatzen du, lasterketaren aitzakian nazioartetik korrikalari mordoa etortzen baita senideekin Donostian egun batzuk igarotzera. Lasterketaren aurreko egunetan, hiriko taberna eta jatetxeak kanpotik iritsitako korrikalariz betetzen dira.
Donostiaren enbaxadore izendatu zuen lasterketa Izagirrek, mundu osoan Donostia ezaguna egin baitu.
Cifuentesek azaldu zuenez, korrikalariek egin dute handi lasterketa, eta haien leialtasuna eskertu zuen. «Azkena iristen den atleta lehena iristen dena bezala tratatzen dugu».
Urtero hutsik egin gabe lasterkariak animatzera joaten diren ikusleek egiten dute berezi lasterketa, Fortunako lehendakariaren arabera. Izan ere, ibilbidearen ertzetan ikusle andana bildu ohi da parte hartzaileei indarra ematera. «Korrikalariek berek esan ohi dute ikusleen animoek hegan eramaten dituztela».
Urrezko danborra Fortunarentzat, hiria sustatzen egindako lanagatik
Enrique Cifuentes Fortunako lehendakariak jaso du urrezko danborra, Izagirreren eskutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu