Zinema

Jaione Camborda: «Urrezko Maskorrak toki bat eman dit sortzen jarraitu ahal izateko»

Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Euskal Herriko lehen emakumea bihurtu zen iaz Camborda. «Filmekin, gauzak hautemateko antenak zorroztu nahi ditut», esan du.

Jaione Camborda zinemagilea
Jaione Camborda zinemagilea, joan den astean, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Jaione Cambordak (Donostia, 1983) hamalau urte daramatza Galizian bizitzen. Galegoz egin ditu lehen bi film luzeak. Tabakaleran izan zen joan den astean, Kontatutako zinea topaketan, O corno filma egiteko prozesuaz hitz egiten.

O corno filmaren hastapen prozesuan Ikusmira Berriak egitasmoan parte hartu zenuen. Zer esan nahi du zuretzat Tabakalerara itzultzeak filmaz hitz egiteko?

Oso berezia da niretzat. Proiektua bere hasieran zegoen, eta zortekoa izan nintzen. Izan ere, denbora izan nuen proiektua garatzeko. Beste zinemagile eta profesional batzuek proiektuaren gaineko ikuspegia eman zidaten, eta horrek aukera eman zidan hazteko. Pozik nago Donostiara itzultzeagatik. 

Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen Euskal Herriko lehen emakumea zara. 

Urrezko Maskorrak bide asko zabaldu dizkit. Filmari ikusgarritasun handia eman dio, eta toki bat eman dit sortzen jarraitzeko. Aukera bat ere bai. 

Galizian zinema egiten duen jendeak nola hartu zuen saria?

Galizian garrantzitsua izan zen, eta ospatu egin zen lorpena. Bi gauza funtsezko batzea izan da niretzat: nire jaioterria eta zineman bidea egin dudan tokia [Galizia]. Bi munduak batzeak sekulako plazera sorrarazten dit.

Aretoetako sosetan nola joan da filma?

Oso ondo, arrakastatsua izan da. Areto askotan jatorrizko bertsioan [galegoz] jarri zuten, eta apustu bat dago hor. Harritzekoa izan da aretoetan zein ondo joan den.

Oro har, jende asko joan zen iaz aretoetara, baina film guztiek ez dituzte zenbaki onak lortzen.

Zorionekoak sentitzen gara, eta argi dago Urrezko Maskorrak lagundu zuela horretan. Maskorrak gonbita egin zien ikusle batzuei, eta konturatu dira filma haientzat ere bazela.

Gero eta zinemagile emakumezko gehiago daude. Baina zinema industria gizonek kontrolatzen al dute?

Aldaketa batean gaude, bete-betean. Emakume belaunaldi bat dago, eta haien obrak aitortuak dira. Baina botere egitura batzuk daude, hainbat egoera adierazgarriak dira. Erabateko berdintasunik ez dago oraindik. Alor askotan kristalezko sabaia dago.

Galizian sortu duzun ekoiztetxeak Esnatu Zinema du izena. Zer esnarazi nahi duzu ikusleengan?

Hunkitu egin nahi dut: gauzak hautemateko antenak zorroztu. Zinemak toki sakonetara iristeko ahalmena du, ikusleak obrari ematen dion konfiantzaren bidez. Eta mugiarazi egiten du. Eremu horretan gozatzen dut ikusle gisa, eta sortzaile moduan ere bai.

O corno filmean, emakumeen arteko elkartasuna ukitu zenuen.

Filmean, emakumea dago erdigunean: bizitza emateko edo ez emateko duen gaitasuna. Emakumeen zaintza sareaz eta sororitateaz hitz egiteko premia ageri da pelikulan. Emakumeek debekuak jasan dituzte historikoki, eta haien arteko elkartasunari esker askatasun nitxoak aurkitu izan dituzte sarri.

Filma Movistar Plusera iritsiko da otsailean. Toki gehiagotan ikusi ahalko da?

Bai, TVEn eta TVGn. Laster HBO Max plataforman ere bai. 

Galiziako erakundeak inplikatuta al daude galegozko zinema berriarekin?

Duela 10-11 urte, galegozko filmak sari garrantzitsuak irabazten hasi ziren. Erakundeek ez dute beste alternatibarik izan, eta estrategikotzat jo dute galegozko zinema.

Galiziako zer gertakariren inguruan egingo zenuke pelikula bat?

Buruan dut bat, baina nahiago dut oraindik ez esan. Aita Perukoa dut, ama Kataluniakoa, Galizian bizi naiz, eta Euskal Herrikoa naiz: ez dakit bideak nora eramango nauen.

LOTSABAKO

Zinemagile emakume bat?
Justine Triet.

Hitz bat galegoz?
Namorada (Maitemindua).

Euskal aktore bat?
Itsaso Arana.

O corno filmaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.