Komunikazioa. Ekografiak

Urriaren 12an

Aritz Galarraga.
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Urriak 12, eta ni lanean. Tira, lanean, telebista ikusten —egun batean hitz egin beharko genuke telebista ikusteagatik dirua jasotzearen kontu hori—. Telebista ikusten, ostegun-ostiral santu edo abenduaren 25ean bezala —beste egun batean hitz egin beharko genuke jaiegun erlijiosoen gainean; zergatik joan behar dugu lanera abenduaren 6an eta 8an ez?—. Urriak 12, Pilar eguna, Pilarika, Pili berripaper honen agendako izendegiaren arabera. Hispanitatearen Eguna. Baita emakumeentzako lehen medikuntza unibertsitatearen irekiera eguna ere, Pennsilvanian, 1850ean.

Garai batean, Tele5n gala koloretsu eta haragitsu bat ematen zuten, Atlantikoaren bi aldeak elkartzeko —zer sarkasmoa—. Baina urriaren 12ko klasikoetan klasikoena desfile militarra da, Madrilgo kaleetan egin eta, eskuzabal, etxe guztietara iristen dena. TVE katearen bitartez, adibidez, militarrak pasatu ahala komentario teknikoak egin zituzten, armen ezaugarriak, pausoen zenbatekoak, berez nardagarria dena are nardagarriago eginez. Desfilearen ondoren bota zuten Bud Spencer-en pelikula bat, festak jarrai zezan. Intereconomian saltsa pixka bat gehiago jarri zuten, eta aberri-urguilua haizatzeaz gain, Gobernuarekin sartu ziren, sozialistekin, eta bertan izan ez ziren agintari autonomikoekin —gutxi batzuk falta ziren, baina errotuluetan bi baino ez zeuden idatzita, kasualitatea: Artur Mas eta Patxi Lopez geurea—.

Eguna horrela joan zen eta albistegiak etorri ziren arratsean. Desfilea aitatu zuten, noski, nola ez, legioaren ahuntza beti irudietan —animalien tortura ez al da hori?—. Baina egunak eman zuen gehiagorako. Guardia Zibilaren eguna ere badenez, Ramon Jauregui (sic) Presidentzia ministroak esan zuen ETA bukatzen ari dela, eta Guardia Zibilak paper garrantzitsua izan duela bukaera horretan. Ez zuen esan guardia zibilak paper garrantzitsua izan duela gatazkaren elikatzean ere, baina tira. Gero hainbat lagun bildu ziren Bilbon, Euskal Herriaren independentziaren alde, Espainia inposizioa eta hondamena dela jakinaraziz.

Eta nik nahiago nuke gauzak zerbaiten kontra eraiki baino zerbaiten gainean eraikitzea, norberak bide egitea, inguruetara behar baino gehiago begiratu gabe aurrera ibiltzea. Horregatik, informatiboak bukatu eta gero jarraitu nuen telebista ikusten, lanean alegia, urriaren 12an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.