Komunikazioa. Ekografiak

Urrutizkina

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lasai, ez nator garai bateko aldarri, sorkuntza eta proposamenei gorazarre edo kritika egitera. Ez dut, baina, hoberik aurkitu barruan dudana islatzeko. Urruti, hizki eta ina, horra hiru elementu, gertuan ez dagoenarekin harremanetan jartzeko. Kasu honetan, ez baitarabilte telefonorik. Urrutikoarekin komunikatu ahal izateko tresna bat da, Tele5 kateko Más allá de la vida saioa. Urrutikoa hildakoaren espiritua izan ohi da, hizkia hark bidalitako mezua eta, ina edo gailua, horretarako medioa, Anne Germain izeneko mediuma, hilik dauden pertsonekin harremanetan jartzeko dohainaren jabea.

Pantailaren aurrean ikusi nuenean —kosta zait bai, ostiral gauetan ez baitut telebistari so egoteko ohiturarik— distantzia hartu nuen, metro batzuk atzera egin, prekauzioz, halakoetan fede askorik gabea izaki. Eta eskerrak, ohitura falta eta distantzia hartzearena, biak ala biak. Ezezagutzatik abiatzen naiz. Ez dakit, egiaz, zein oinarrirekin arrazoitzen duten mediumek espirituekin duten harremana. Berezkoa dut fede falta hori. Areagotu egiten zait telebistako plato batean, ostiral gauez, prime time-an kokatzen badute. Saioak, seguruenik, ez lukeelako zentzurik, baldin eta mediumaren parean esertzen direnak pertsona famatuak ez balira. Bestela ere, prentsa arrosaren miran daudenak aspalditik. Morbodun edukien bazka. Morbodunen gozagarri. Morboaren elikatzaile. Zenbait kasutan salbu. Horietan mugak hausten dira. Adibidez, maitzaren 17an. Anne Germain, Sandra Paloren espirituarekin jarri zen kontaktuan. Hain zuzen, justu egun hartan, baina zortzi urte lehenago, bahitu, bortxatu eta erahil egin zuten gazte madrildarra. Neskarentzat egun hori nolakoa izan zen, haren aitak geroztik bizi duen infernua, azken unean minik sentitu ez zuela, eta abar entzun ahal izan zituen ikus-entzuleak mediumaren ahotik. Begiak blai amaitu zuen zuzenean. Saioko arduradunen arabera, mediumak ez ditu parean esertzen zaizkionak ezagutzen. Eta haren lanaren helburuak premisa bakarra du: mezu baikor eta itxaropentsuak zabaltzea. Emanaldiak, behinik behin, ez du halakorik iradokitzen. Niri bost ahalmenaren eztabaida. Hori baino ikusgarriagoa da telebistako ikuskizuna. Gustuko dutenentzat, onerako. Niretzat, txarrerako. Sentsibilitate faltaren beste eredu bat gehiago. Fribolitatea, negozioaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.