«Hunkituta eta ilusio handiz». Halaxe jaso du Joaquin Fuentes Biggi psikiatrak (Donostia, 1949) Urrezko Danborraren aitorpena. Hautagaien artean egon arren, ez zuen espero izendapena. «Izen handiak zeuden hautagaien artean. Nik bezainbeste merezi zuten saria». San Sebastian eguna «oso barrenetik» bizi du. «Europa Hotelaren Lagunen danborradan ateratzen naiz urtero. Ez dakit nola moldatuko naizen, baina nire asmoa aurten ere ateratzea da». Senideekin, lagunekin eta lankideekin ospatu nahi du eguna.
Nola hartu duzu Urrezko Danborra jasoko duzulako berria?
Banekien zerrendan nengoela, baina izen handiak zeuden hautagaien artean. Ilusio handia egiten zidan, baina ez nuen espero. Besteek nik adina merezi zuten. Goiza libre nuela aprobetxatuz, enkargu batzuk egiten ari nintzen, eta komunikabide batek deitu dit berria emateko. Bitartean, alkatea nuen deika erietxera. Hunkituta eta harro nago, oso barrutik bizi baitut San Sebastian eguna. Sortu zenetik Europa Hotelaren Lagunen danborradan ateratzen naiz. 16:00etan ateratzen gara, eta hiriko txoko askotatik igarotzen gara. Ez dakit nola moldatuko naiz aurten, baina nire asmoa ateratzea da. Banderaren igoera eta jaitsiera balkoitik ikustea ere oso polita izan behar du. Espero dut horretarako aukera izatea.
Danborradan ateratzeaz gain, nola espero duzu Urrezko Danborra jasotzeko eguna?
Ilusio handiko eguna izango dela uste dut, nire bizitzako garrantzitsuenetako bat. Bezperan, kostako zait lokartzea. Senideekin, lagunekin eta lankideekin ospatu nahi dut egun horren ilusioa. Izan ere, ez dut uste munduan beste hiribururik dagoenik halako sari berezi bat ematen duenik.
Nori eskaintzen diozu saria?
Nigerian esaten da tribu bat behar dela ume bat zaintzeko, eta, hori gogora ekarriz, esango nuke halako sari bat jasotzeko ere tribu bat behar dela. Urte hauetan autismoaren inguruan egin ditudan ikerketetan eta proiektuetan lagundu didaten pertsona guztiei eskaini nahi diet saria, baita Donostiako Poliklinikan artatu ditudan umeei eta haien familiei. Milaka haurri egin diegu kasu, eta asko diet eskertzeko. Asko ikasi dut haiengandik.
Urte hauetan egin duzun lanaren saritzat hartzen duzu?
Zalantzarik gabe. Urte hauetan isilik lan egin dugu. Baina iaz antolatu genuen autismoaren ikerketari buruzko nazioarteko kongresua mugarri izan zen. 1.800 aditu biltzea lortu genuen, eta 300.000 pertsonarengana iritsi ginen. Guretzat ere ikaragarria izan zen, eta balio izan zuen gizarte osoa konturatzeko egiten ari garen lanaz.
Murrizketak izaten ari zareten garai hauetan garrantzitsua izango da zientziak halako aitorpen bat jasotzea, ezta?
Bai, oso inportantea da. Hemen goi mailako ikertzaile asko ditugu, eta Donostian lan asko eta ona egiten da zientziaren alorrean. Kasu batzuetan, Donostiaren izena eta izana munduan ezagutarazteko balio du lan horrek, eta uste dut horregatik ere badela garrantzitsua Urrezko Danbor hau. Bide horretan jarraitzeko indarra ematen digu.
Zer mezu eman nahi diezu donostiarrei egun horretarako?
Nire bizitzan beti eman diet garrantzia giza balioei, hori baita edozein esperientziatatik geratzen den gauzarik garrantzitsuena. Hori dela eta, ondo pasatzeko eta jaiaz gozatzeko esango nieke. Baina, batez ere, Donostiak dituen giza balioez disfrutatzeko. Halako egunetan are ageriago geratzen dira hiri honek dituen balio eta izaera paregabeak. Mezua bera da kanpokoentzat.
Joaquin Fuentes. Psikiatra
«Urte hauetan nire lanean lagundu didaten guztiei eskaintzen diet saria»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu