Ezarian. Kontsumoa

Urte osoko merkealdia

Merkealdian arropa edo bestelako objektuak ohi baino merkeago erosi ahal dira. Beste denda batzuetan urte osoan izaten da merkealdia.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Urte hasieratik, Euskal Herriko hainbat dendatan produktuak ohiko prezioan baino merkeago daude. Merkealdia da. Ipar Euskal Herrian otsailaren 7an amaituko da, eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hilabete bat gehiago izango du erosleak kontsumitu ahal izateko. Denbora tarte horretan, batez beste, herritar bakoitzak 90 euro inguru gastatuko ditu, baina badira urte osoan merkealdian dauden denda eta azokak ere. Ohiko dendetako filosofiatik urrun, kontsumitzeko era alternatiboak baitaude. Gutxiago ordainduz —edo ezer ez—, eta erabilitako arropa edo objektuak erosiz, «zentzuzko kontsumoa bultzatu nahi dugu»,dio Aitor Amibilia Desazkundea elkarteko kideak.

Baina zer esan nahi du zentzuzko kontsumoak? Arazo nagusia ekonomiaren hazkundean datzala uste du Amibiliak, «urtero ekonomikoki hazteak naturari kaltea eragitea baitakar». Urtetik urterako hazkunde hori, gainera, ez da igoera proportzionala, «esponentziala» baizik, eta egoerak «ezin du horrela jarraitu». Izan ere, iparraldeko herrialdeetan ongizate egoeran bizi ahal izateko, hegoaldeko herrialdeetan aurkako egoeran egon behar dute biztanleek, Desazkundea elkarteko kidearen hitzetan. Hori dela eta, zentzuzko kontsumoa aldarrikatu behar dela uste du. Hau da, tokian tokiko produktuen kontsumoa, bertako ekoizleekin harreman estuagoak lortu eta gutxiago kontsumitzean oinarrituz, «behar dena» soilik erosiz. Helburua, gutxiagorekin hobeto bizi ahal izatea litzateke.

Ezer ordaindu gabe

Hori guztia bideragarri egin ahal izateko, Bilbon doako denda bat du elkarteak, Debalde izenarekin. Aipatutako eredutik ihes egin nahi izateko zabaldu zuten, «banaketa justu baten aldeko apustua egiteko», Maitane Cabeza dendako boluntarioaren hitzetan. Horregatik, ekonomikoki zailtasunak dituzten pertsonei eta gainerakoei berdintasun egoera bat eman nahi izan diete, «denok baitaukagu eskubidea gure gorputza hotzetik babesteko». Urtebete baino gutxiago da denda zabaldu zutenetik, baina premia gorria duten pertsonak baino gehiago, «bezero ideologikoak etortzen zaizkigu», azaldu du Cabezak. Nolanahi ere, zailtasunak dituen pertsonak ere inguratu ohi zaizkie, «emakumeak batez ere».

Asko dira, ordea, banaketa eta kontsumo era horretaz baliatu nahi izaten dutenak. Nahi adina hartu eta joan nahi dutenei, «garbi utzi behar izaten diegu hau ez dela ahalik eta gehien hartzeko leku bat». Alderantziz. Nahi duenak nahi duena doan hartzeko eskubidea dauka, baina hiru artikulutik gora ezin da ezer gehiago eraman. Bezeroari dendak daukan filosofia azaldu nahi izaten diote, jakitun izan daitezen non eta zer hartzen ari diren. Gainera, «parte hartzea ere eskatzen diegu», Cabezak dioenez. Dendaren proiektuarekin bat egin eta boluntario gisa hilean behin lanera joateko eskatuz, edo, bestela, etxean behar ez dituzten objektuak dendara eramanez. Era horretan bildu dituzte dendan dauzkaten arropa, liburu, disko edo bestelako produktuak.

Doakotasunaren eredua ez dago oso hedatuta Euskal Herrian, Debalde dendaz gain, antzeko eredu gutxi baitaude. Irailaren 21ean hustu zuten Kukutza gaztetxean, esaterako, bazegoen Hartu nahi duzuna izeneko sail bat, baina «hortik aurrera askoz gehiago ez, denda izaerari dagokionez». Baina eredu horretaz aparte, trukearen sistemak oihartzun handiagoa dauka. Hainbat herritan dirurik gabeko azokak egiten baitira, trukearen bidez funtzionatzen dutenak. Hau da, soberan dugun zerbait eraman, eta behar dena hartu. Dirurik Gabe izeneko elkarteak esaterako, herriz herri gisa honetako azokak antolatzen ditu. Hala nola Bilboko auzoetan, Usurbilen, Leioan...

Barakaldoko jaietan, adibidez, truke azoka bat antolatu zuten atzo bertan, San Bizente plazan, Eguzki eta Barakaldoko Gazte Asanbladak antolatuta.

Gutxiago ordaintzen

Doakotasun eta truke sistema apurka indartzen ari bada ere, Euskal Herrian aspalditik martxan dagoen beste kontsumo eredu batek sustrai sakonagoak dauzka. Bigarren eskuko objektuen salmenta, hain zuzen ere. Nines Perez Emausen Bizkaiko denden arduradunaren hitzetan ordea, Hego Euskal Herrian orain hasi dira bigarren eskuko dendak indarra hartzen, «krisiak eragina izango zuen, ziurrenik». Ipar Euskal Herrian, berriz, bada halako denda eta azoken ohitura aspalditik.

Frantzian edo Ingalaterran, esaterako, orain arte era horretako dendek harrera hobea izan dutela uste du Perezek, baina «Hegoaldean denda horietara etortzeak larritasun puntu bat ematen zuela iruditzen zait».

Aski ezaguna da Emaus elkarteak egiten duen lana, etxez etxe behar ez diren objektuen bila ibiltzen baitira, ondoren dendetan prezio eskuragarrietan eskaintzeko. Esaterako, merkealdian 15 euro balio dezaketen galtza batzuk hiru edo lau eurotan topatu ahal dira bertan. Baina, edozein modutan, altzariek izaten dute harrerarik onena eskaintzei dagokienez. Oldberriko dendetan, ordea, arropetan izaten dute eskaerarik handiena.

Gipuzkoan hedatuta dagoen katea da Oldberri, eta Sorne Arana bertako ordezkariak azaltzen duenez, 200 edukiontzi baino gehiago dauzkate hedatuta lurralde guztian. «Urtetik urtera gero eta arropa gehiago jasotzen dugu bertan». Euren eskaintzaren prezioa garestixeagoa da, galtzak zazpi eta hamar euro artean jartzen baitituzte salgai, baina, gainerako dendek garai hauetan egin duten bezala, Oldberrin ere merkealdia dute. Erdi prezioan daude produktu guztiak, eta era horretan jende ugari inguratu da eurenera. Urte osoan ere etengabe ibiltzen da jendea dendetan, baina «merkealdian jende gehiago dabilela sumatu dugu».

Kontsumitzeko beste era bat sustatzeko bigarren eskuko produktuak merke merkaturatzen badituzte ere, doakotasunarekin ere egiten dute lan Gipuzkoako denda sarean, baina «behar gorrian dauden pertsonentzat». Era horretan, Caritasekin, Martuteneko espetxearekin, Gurutze Gorriarekin, nerabe zentroekin eta beste hainbat erakunderekin egiten dute lan, doakotasunari dagokionez.

Bigarren eskuko salmentak, doakotasunak eta trukeak bezalaxe, azoka formatuan ere funtzionatzen du. Esaterako, Donostitruk azoka dago. Berrerabilera eta hiri hondakinen prebentzioa sustatzeko, 2005. urtearen inguruan Donostiako Udalak antolatu zuen egitasmoa, eta Artelatz ingurumen zerbitzuak eskaintzen die antolakuntza teknikoko laguntza. Hastapenetan, urtean behin edo bitan egiten zuten azoka, baina «duela hiru urte ingurutik, hilero egiten dugu», Mikel Urruzola Artelatzeko ordezkariaren hitzetan. Hil bakoitzeko bigarren larunbatean izan ohi da, Easo plazan, eta azoka bakoitzean 50-60 postu inguru jartzen dituzte.

Trukea edo doako ereduak badauden arren, azokan bigarren eskuko sistemak funtzionatzen du oro har. Arropa, musika, jostailuak, kirol objektuak eta bestelakoak eraman ohi du jendeak azokara, eta salmentan jarri. «Askotariko jendea etorri ohi da, baina azkenaldian sumatzen ari gara gero eta gazte gehiago inguratzen ari dela», Urruzolaren hitzetan. Horretarako, Donostiako Udalak eta San Marko mankomunitateak azken urteetan egin duten lana azpimarratu nahi izan du, baita Txingudiko Zerbitzuek Merkabidasoa azoka antolatzeko izan duten egitasmoa ere. Halako azoketan bisitari gehiago izatea krisiaren ondorio izango zela ez du dudarik egiten, baina erakundeen aldetik egindako lana ez du ahaztu nahi izan Urruzolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.