Urteek urratu gabeko notak

Ondarroan izango da gaur Oskorri, uda honetan Euskal Herrian egingo duen kontzertu bakarretakoa jotzeko

2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Lagun batek eskuratutako partitura zahar batzuei esker hasi zen Oskorri taldearen azken proiektua. Paper zaharrez osatutako sorta horretan, Juan Ignacio Iztueta musikariak XIX. mendean egin eta denboran galdu zirendantza konposizioak topatu zituen Natxo de Feliperen taldeak. Hiru urteren buru jaio da Dantza kontra dantza, gaur gauean Ondarroan (Bizkaia) eskainiko duten kontzertuko protagonista nagusia (Itsasaurre plaza, 23:00).

«Kalean dantzatzeko disko» gisa definitu zuten lana aurkezpenean, eta zuzenekoa izango da esandakoa frogatzeko aukera. Iraganeko dantza abestiak bere modura interpretatu eta ikusleari eskainiko dizkio Oskorrik gaur, XIX. mendeko plazetan bizi ziren sentipenak egun bertatik bertara bizi ahal izateko.

Horretarako, ikuskizun bikoitza prestatu dute. Kontzertuaren lehen atala eserita ikustekoa izango da, eta taldearen betiko abestiak eskainiko dituzte, euskal musikaren pieza klasikoez gain. Atseden labur baten ostean, eserlekuak kendu, eta Dantza kontra dantza diskoko abestiak joko dituzte, Itsasaurre plaza dantzaleku bihurtzeko asmoz.

Gaurkoa izango da uda honetan Oskorri zuzenean ikusteko aukera bakarretakoa: aurreko astean Donostiako Aste Nagusiaren hasierako kanoikadan izan ziren, eta, azken orduko erabakirik ezean, ez dira Euskal Herriko agertokietara igoko iraila arte.

OSKORRI, KONTZERTUAN

Non. Itsasaurre plazan.

Noiz. 23:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.