ATZEKOZ AURRERA. Jon Patxi Arratibel, 'Xafan'. Herriko Tabernako arduraduna

«Urteetan hau izan zen eskaintza bakarra»

Hamabost urtez egitarau propioa egin ondotik, aurten bertan behera utzi beste aukerarik ez dute izan Herriko Tabernan. Karrikako musikari eta animazioari muga paratzea «astakeriatzat» jo du Xafanek.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Penaz eta amorruz, sanferminetako egitarau osoa bertan behera utzi behar izan dute Herriko Tabernak eta Arrano elkarteak, udaltzainek isunak paratzearekin mehatxu egin ondotik. Jende anitz hurbildu zaie, hala ere, eta eskerturik agertu da Jon Patxi Arratibel Xafan (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1975), Herriko Tabernako arduradunetako bat. Herenegun gauean jendetza bildu zen haien aldeko elkarretaratzean.

Zer moduz zaudete? Lan handia izan duzue?

Bai, batez ere asteburua izan zen oso gogorra, espero bezala, 6aren ondoren berehala tokatzen zelako. Berri txarra jaso, artista guztiekin hitz egin, ostia txar pila bat egin, baina gero lanean murgildu gara buru-belarri. Arraroa da, ekitaldien lantaldeak lan gutxi duelako aurten.

Jende asko etorri zaizue?

Aurtengo apustua gosariak eta bermuta izan dira. Sanferminak baino lehen 5.000 kroketa prestatu ziren, eta aste honetan hasi ziren gehiago egiten. Eguna landu dugu, ikusten ari ginelako joera hori dela: bermutak eta goizak geroz eta gehiago gustatzen zaizkio jendeari. Oso ongi funtzionatu du horrek.

Lanordu asko dituzue?

Lehenengo eguna izaten da ordu dezente sartzekoa, baina gero jendeak sei, zazpi edo zortzi orduko lanaldiak ditu, eta egun bat festa. Lehen egiten ziren astakeria handi horiek ez ditugu egiten orain. Lehen, ordutegi luzeak zituen jende gutxik, eta horrela amaitzen zuten.

Lo orduak faltan dituzue?

Lanetik atera eta jaiarekin uztartu dezakezula pentsatzen baduzu, gero lanera deskantsatu gabe zatoz. Egunero hori eginez gero, oso gaizki bukatuko genituzke sanferminak. Bederatzi egun oso luze egiten dira.

Uztailaren 5ean zer gertatu zen udaltzainekin?

Esan zidaten ez nuela baimenik Herrikon DJak izateko. Zur eta lur gelditu nintzen, barruan antolatutako zerbait zelako. Kalekoarengatik galdetu, eta esan zidaten ekitaldi bakoitzagatik 6.000 eta 60.000 euro arteko isuna jar ziezaguketela. Dena bertan behera utzi dugu azkenean.

Zergatik antolatzen duzue egitaraua sanferminetan?

Saiatzen gara jaiari ekarpena egiten. Lan asko egin behar dugu hau antolatzeko, eta dirua jarri. Ez dugu egiten dirua lortzeko. 2007an hasi ginenean, ez zegoen txosnarik, eta lortu dugu hemen euskal txoko bat egitea, elkartasunaren aldekoa. Urte askoan hau izan zen eskaintza bakarra.

Baimena da arazoa?

Yolanda Barcinari ez genion baimenik eskatzen, ezta Joseba Asironi ere. Ez dugu ezer gaizki egiten; auzokoekin hitz eginda daukagu.

Karrikan egiten diren gauza gehienek ez dute baimenik. Hori mugatu nahi du udalak?

Astakeria bat da. Horrek nori egiten dio kalte? Hainbeste gauza sanferminetan ikusten dira bakarrik.

Soldatak ere ordaindu behar dira. Eragina izanen du honek?

66 pertsona ari gara lanean, eta horrekin arduratuta gaude. Seguruenik, egin daiteke jende gutxiagorekin, baina orduan hamar orduko txandak egin beharko genituzke. Nahiago dugu lana banatu.

Jendea etorri da Herriko eta Arrano babestera?

Jende asko etorri da, eta asko eskertzen diegu jaso dugun elkartasuna. Etorri dira txarangak, eskusoinuak, Raimundo el Canastero Compañia plazan kontzertua eman ondoren...

Bizilagunekin zer egin daiteke?

Inork ez dio gai horri ongi heldu. Uste dut festa izorratzen ari dela, ez delako urteko gainerako egunetan mugarik jartzen.

Azken eguna berezia da hemen, Fermin Valentziaren kontzertuarekin. Hutsune handia izanen da?

Hutsunea egitarau osoarekin dugu. Arratsaldeetan elektrotxarangak genituen, eta jende pila bat etortzen zen, zezenen eta peñen kontuari jarraitzen ez diotenak. Aurten ez dago ezer, eta asko nabaritzen dugu. Azken kontzertu hori berezia da, intimoa. Iaz ezin izan genuen egin, eta aurten gogo handia genuen egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.