Urtegia arnasgune

Naturaz gozatzeko gune lasaia bezain aproposa da Aretxabaletako Urkulu urtegia. Hainbat kirol eta ekintza egiteko aukera ematen du

Urkulu urtegia naturaren erdian dago. JUANAN RUIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urkulu urtegia Aretxabaletan (Gipuzkoa) dago, Kurtzebarri mendiaren magalean. Atseden hartzeko eta naturaz gozatzeko leku aproposa da, eta, gune lasaia ez ezik, aire zabalean kirola egiteko leku paregabea ere eskaintzen du. Bidegorri batek inguratzen du urtegia, eta ekintza ugari egiteko hainbat gune daude bertan.

Udan, eguzkia berotzen hasi ahala, jende asko gerturatzen da Urkulura. Izan ere, hainbat ekintza egiteko eta egun oso batez gozatzeko aukera ematen du naturaz inguraturiko espazioak. 6,5 kilometroko perimetroa du urtegiak, eta hura inguratzen duen bidegorri batetik jende ugari ibiltzen da paseoan zein bizikletan. Kirola egiteko hainbat gune daude bertan, baita ariketak nola egin azaltzen duten argibide taulak ere. Gainera, uretan piraguismoa egiteko aukera ere badago, piraguak urtegian bertan alokatuz.

Urkuluko urtegiak, gainera, haurrentzako parkea, askaltegia eta iturriak ditu, familian edo lagunartean ingurune naturalaz gozatzeko. Ingurune hori hegazti ugariren babesleku izaten da neguan.

Urtegiaren arrakastagatik, hain zuzen ere, Aretxabaletako Udala, Naturgintza Fundazioaren laguntzaz, hasi da urtegiko azpiegiturak egokitu eta naturaren kontserbazioa segurtatzeko hobekuntzak egiten. Duela gutxi, Aretxabaletako bainuetxeko industria eremuan ere bidegorria egin zuten, eta hori luzatzea dute helburu, Urkuluren alboan dauden Aozaratza eta Goroeta auzoak urtegiarekin lotzeko. Gainera, arrantzarako irisgarritasuna ere hobetu nahi dute. Aretxabaletan bertan ingurumena eta naturarekiko kontzientziazioa lantzen ari direnez gero, hura zaintzeko eta Urkuluko fauna eta flora mantentzeko lanean ere ari dira.

1979. urtean sortu zuten Urkulu, eskualdeko herrietara ura eramateko helburuarekin. Urtegia sortu aurretik, ordea, eremu hori baserriz betetako naturaren erdian zegoen. Orain, berriz, naturaren erdian badago ere, aisialdirako leku bilakatu dute, lau urteko lanen ostean, eta jende asko biltzen da urtegiaren inguruan udan.

Flora-faunen bizileku

Geroztik, paisaiaz gain, bere ezaugarriengatik, Urkuluko eremuan flora eta fauna aberatsa bizi da. Izan ere, hegazti eta bestelako animalia ugari bizi dira inguruan, eta, bertaratuz gero, erraza da haiek ikustea. Are gehiago, bisitariak hainbat behatoki aurkituko ditu ibilbidean zehar edo urtegiaren inguruan, bereziki hegaztiak ikustera joaten direnentzat eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.