Urteko lehenbiziko inauteria

Urtezahar gauean mozorrotzeko ohitura dago Iruñean. Aurreko egunetan lanez lepo ibili dira dendak, gehienek azken unean egiten baitituzte erosketak. Ikusteko dago zein izango den gehien salduriko mozorroa.

Jendea, mozorroak eta osagarriak erosten, Iruñeko La Golosina dendan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neguko bestetako ezaugarrien artean dago mozorroa. Batik bat, inauterietan estaltzen du jendeak aurpegia, ingurukoek ez ezagutzeko. Iruñean ere ospatzen dira, baina arrakasta handiena gaur gauean ospatuko den mozorro bestak izaten du. Lizarrara, Agoitzera eta Erriberako hainbat tokitara ere hedatu da, eta, Nafarroatik kanpo, Getxon ere (Bizkaia) ikus litezke mozorrotutako kuadrillak. Mozorro eta oihal dendak lanez gainezka daude, eta gazteak, mozorroa prestatzeko estu.

Goizean goiz ez da jende askorik joaten San Nicolas kaleko La Golosina dendara. Hamaikak aldera, baina, geroz eta jende gehiago biltzen da, eta arratsaldean lanez lepo ibiltzen dira. Harategian bezala, zenbakia hartu behar da, eta txanda itxaron. Sonia Barcos arduradunak aitortu du lan gehien duten egunak direla Urtezahar gauaren aurrekoak. «Begiratzera etorri dira lehenago, eta orain ideiak argi dituztela behar dutena erosten dute», azaldu du.

Asko dira egindako mozorroa erosi beharrean ileorde, maskara edo oihal apaingarriak eramaten dituztenak, norberaren jantzia osatzeko. Merkeagoa izan, bada, baina erabaki hori hartzeko tenorean krisiak eragin txikia izan duela uste du Barcosek: «Beti bezala da: batzuek, pentsatu behar ez izateko, egina dagoena erosten dute, eta beste batzuek landu egiten dute».

Salmentari dagokionez, kanpaina «ahula» izaten ari dela dio, baina parrandarako gogoa ez dela galdu. Bestara atera eta zerbait berria eramatea da kontua. «Sarri ez da asko gastatu beharrik. 5,95 eurotik aurrera baditugu; ez da sos kontua, oso diru gutxiren truke atera zaitezke eta egun bat aldatu», azaldu du Barcosek. Koldo Nava La Mascara dendako arduradunak ere antzeman du krisia: «Nabaritzen da Urtezahar gaua datorrela; mugimendua bada, baina beste urte batzuetan baino motelagoa, jendeak asko begiratzen baitu. Azken orduan etortzen da».

Aski erroturik dago mozorro gauaren tradizioa Nafarroako hiriburuan. Navak argi azaldu du hori: «Iruñean mozorroturik ateratzen ez dena da mozorroturik dagoena». Belaunaldiak aldatu egin diren arren mozorrotzeko gogoa mantendu egin dela uste du. Barcosek gogoan ditu lehenbiziko urteak, ordurako denda irekia baitzuen. «Hasieran, txanoak erosten zituzten, baina, gero, Alde Zaharreko tabernak ados jarri ziren mozorrotzeko gaia jartzeko, eta gaur arte», azaldu du. Normalean, lagunekin mozorrotzen da jendea. Baina bikoteak ere ibiltzen dira mozorro eske, baita familiak ere. «Seme-alabak izan arren, ez dute tradizioa galtzen, eta etxean mozorrotzen dira», dio Barcosek.

Aurten ez dago argi zein izanen den Iruñeko kaleetan gehien ikusiko den mozorroa. Barcosek eta Navak diote denetarik saldu dutela. La Mascara dendan, kasurako, Amerika Kapitainaren eta Playboy untxitxoaren mozorroak bukatu dira. Haurren artean bai, Ninja Dortoken jantziek izan dute aurten arrakastarik handiena. Bestalde, ohiko mozorroak ez dira ahantzi: pailazoak, mosketariak, piratak, bufoiak, indioak, bakeroak...

Ez dira faltako urteko gertakizun nagusien inguruko satirak. Nelson Mandelaren heriotzan, politikarien ustelkerian edota Barack Obamaren espioitza kasuetan oinarrituko dira batzuk. Gertuagoko gaiak hartuko dituzte beste batzuek. Yolanda Barcinaren aurkako tartakadek, txupinazoaren egunean Udaletxeko Plazan ikurrina zabaldu zuten arrantzaleek, Nafarroako ospitaleko janariak, CAN auziak eta D ereduaren aurkako erasoek jokoa eman dezakete. Bestalde, txikitako bizipenak berpiztuko dituzten komikietako, marrazki bizidunetako zein bideojokoetako pertsonaiak ere aterako dira Alde Zaharreko kaleetara. Urteotan, gero eta gehiago dira mozorrotzeko gaia teknologia berrietan aurkitu dutenak: Whatsapp, Facebook, Twitter... Ideia berritzaileentzako ere beti dago lekua.

Etxeko neurrira

Iruñeko Tximeleta oihal dendan ere gelditu ezinik dabiltza. Mila Nuin dendako arduradunak azaldu duenez, mozorrotzeko ohitura hasi zenean nork bere mozorroa prestatu ohi zuen, gero egindako jantziak erosten hasi zen jendea, baina gaur egun berriz ere josteari ekin diote iruindarrek. Izan ere, erositakoa edo norberak egindakoa ezin dira alderatu, Nuinen aburuz. Ez du uste krisia denik oihalak erosteko arrazoia, mozorro oso merkeak ere saltzen direlako. «Oihala izanez gero, nahi duzun horixe egin dezakezu».

Etxean bai, baina, Nuinen aburuz, modu errazean egin ohi dituzte mozorroak. Bertaratzen direnei jantziak sortzeko aholkuak ematen dizkie: «Mozteko modua pixka bat irakatsita, dena konpontzen duzu». Tximeleta dendako arduradunak dio neurria hartu behar ziola, betiere bide errazak jorratuta.

Nuinek 30 urte daramatza oihalak saltzen, eta azaldu du urtetik urtera asko aldatzen dela bezeroek eskatzen dutena. Badaude urtero saldu ohi dituzten oihal distiratsuak, baina besteak aldatu egiten dira: batzuetan tula, besteetan arkume oihal zuria... «Aurten, ile askokoak eskatu dituzte. Ez dakit hotzarengatik izanen den, baina jendeak mozorro beroa nahi du, ile askorekin». Beraz, jantzia etxean eginen dutenen artean munstro eta animalia dezente ibiliko dela aurreikus daiteke.

Interneten eragina

Mozorrotzeko gaia ez ezik, mozorroak egiteko lagungarri ere bada Internet. «Dendan jantzien album anitz ditugu jendea laguntzeko, baina orain jada jantzia buruan dutela datoz; lehen, orduak ematen zituzten nahi zuten mozorroaren bila», esan du Nuinek. Mozorro dendetan ere antzeman dute teknologia berrien eragina. «Jende askok artikuluak Interneten ikusten ditu, eta sakelakoa erakusten didate», esan du Barcosek. Bada mozorroak Internet bidez erosten duenik ere.

Urte berriarekin batera inauteria heldu da Iruñera. Iruñeko Alde Zaharra prest dago gaur gauean urte berriari ongietorria mozorroturik egiteko. Urte berri, mozorro berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.