Egun berezia izango dugu gaur. Txupinerek euren eguna ospatuko dute. 11:30ean, denek batera suziria botako dute hemendik», iragarri du Jose Antonio Bastegieta Marko sukaldaritza lehiaketa girotzen duen esatariak bozgorailuetatik. Iritsi da ordua, eta berriro egin du oharra. «Oraindik ez dira agertu, baina etorriko dira», gehitu du. Hirugarrenez esan du hamar minutu igaro direnean. 25 suziri prest daude Areatzan, noiz su emango dieten zain. Aste Nagusiaren urtebetetze tarta zirudien, kandelen ordez suziriak zituela. Baina txupinerak falta. «Galduta ibiliko dira, jaia gogorra da eta», bota du konpartsetako ordezkari batek. Trikitilariek lagunduta etorri dira azkenean. Ikusi mendizaleak herri doinua abestuz agertu dira. «Gu txupinerak gara, Euskal Herrikoak», moldatu dute letra. «Zuen eguna da, eta dena duzue libre». Musika bandak ere atzeratu behar izan du bere saioa, suziriek eztanda egin duten arte.
Aste Nagusi guztietan bezala, oraingoan ere bildu egin dira ostegunez. Goiztiarrenak 10:00ak aurretxoan agertu ziren Arriaga plazan Oihana Pascual aurtengo txupinerarekin batera egunari hasiera ematen dion suziria pizteko. Gainontzekoak apurka-apurka elkartu ziren. Handik Erriberara joan ziren. Aspaldikoenetik oraintsuenekora, txupinerek ordena kronologikoa errespetatuz bota zituzten suziriak, merkatuaren aldamenetik. Pascualek azkena bota zuen. Erosle eta saltzaileen artean buelta bat eman ostean, hamaiketakoa eman zieten merkatariek. Eguna luzea izan zen. Jan-edana ez ezik, erosketak egiten zebiltzanen animoak ere jaso zituzten.
Areatzak ortzadarrak baino aniztasun handiagoa zuen unean agertu zen, bat-batean, suge gorria, kolore horretako jaka eta txapela zuten hogei txupinerek osatutakoa. Taldearen batasuna apurtu zuen bakarra Gurutze Beitia pregoilaria izan zen, ziape koloreko jakarekin. «Ziapea da, ez aipatu besterik», egin du oharra egunero, estreinakoz jantzi zuenetik. Horia denik ezin da esan, aktoreei zorte txarra ematen dielako. «Pozik nago hainbeste emakumez inguratuta. Energia handia dago taldean; energia femeninoa, gainera. Argi geratzen da andreok mundua mugitzen dugula, galaxiako hiriburutik». Agerikoa zen Beitiak atsegin zituela parranda kideak. Besarkadaka eta musuka ibili ziren.
Aurtengo pregoilariak gustura egingo luke halako topaketa bat bere aurretik kargua bete dutenekin. «Interesgarria izango litzateke, baina ez genuke izango gure artean txupinerek duten konplizitaterik. Azken batean, haiek konpartsetatik ezagutzen dute elkar. Gainera, gehienbat gizonen topaketa izango litzateke. Tamalez, hainbeste urtetan ni zazpigarren andrea naiz». Edonola ere, argazki bitxia izango litzatekeela iruditzen zaio. «Liluragarria, hainbeste lagun ziape koloreko jaka soinean eta luma buruan ikustea».
Suziriei su eman ostean, bigarren mokadutxoa zuten zain. Antxoa pintxoak izan zituzten gosea kentzeko. Eta Makilaren Kofradiak, sukaldaritza txapelketa antolatzeaz arduratzen denak, bermut berezia prestatu zien. «Urteroko ohitura izaten da. Iturriza kaleko JK tabernakoen errezeta berezia da. Hil egin ziren jabeak, eta guri pasatu ziguten», azaldu zuen Kepa Freirek. Beren-beregi horretarako sortutako tramankulua erabili zuten, bermuta, fruta eta izotza nahasten dituena. Itzela zegoela aitortu zuten txupinerek. Arrakasta izan zuen.
Historiaren kontalariak
Elkarrekin bazkaldu zuten. Zer kontatua bazuten: bakoitzak bere urteko bitxikeria eta pasadizoak. Txupineren zeregina bera ere asko aldatu da 1978tik. Uribarri konpartsako Marije Agirregoitia bigarren urtean izan zen txupinera, 1979an. «Beteranoena naiz, baina ez taldeko zaharrena. Hori argi gera dadila». Marijaiaren aldamenean ibili ohi diren bi pertsonaien bilakaera gertutik ezagutu du. Hastapenetan, txupinerak lehen egunean baino ez zion su ematen suziriari. Gero, eguneroko ekitaldi bihurtu zen. Pregoilaria, orain, egunero murgiltzen da jai giroan; aspaldian, festarako deia egitea zen haren lan bakarra. «Suziria bota ostean parranda eta parranda egin nuen nik. Egungoek gaitzago dute. Baina, era berean, pertsonaia ezagunagoak dira, eta, horri esker, bilbotarren maitasuna jasotzen dute».
Dioenez, urteotan gertatu dena buruz daki. «Eskerrak Oihanak [Pascual], aurtengo berriak, kontatuko dizkigun».Gaur, seguruenik, datorren urteko txupineren egunaren zain egongo dira, taldeko kide berriak zer kontatuko dien entzuteko irrikitan.
Urtero handitzen da kluba
Lehen Aste Nagusitik gaurdainoko txupinerek beren eguna ospatu dute. Jaka eta txapel gorridun uniformea soinean, hogei emakume bildu dira, elkarrekin suziriei su eman eta parranda egiteko. Pregoilariari baino ez diote utzi kuadrillan sartzen. Gomuta asko izan dituzte berriz gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu