Urteroko bisita santuari

Beste behin ere jende ugari bildu da Urkiolan, San Antonio eguna ospatzeko gogoz. Tradizioari jarraiki, santuari bisita egin eta tximistarriaren inguruan bueltak eman dituzte.

Jendetza bildu zen Urkiolan, harriaren inguruan bueltak emateko. M. RAMIREZ / ARP.
Abadiño
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aita San Antonio Urkiolakoa, askoren bihotzeko santu debotua», dio abesti ezagunak. Eta beste behin ere, argi geratu zen Abadiñoko mendatean dagoen santua euskal herritar ugariren kutuna dela. Izan ere, atzo, San Antonio egunean, giro freskoari aurre eginda lagun andana joan zen Urkiolara urtero legez, ohiturak agintzen duen moduan. Batzuk, autoa ondoko herrian utzi, mendiko botak jantzi, makila eskuan hartu eta oinez joan ziren santutegira. Nagienek, inguruko larreetan aparkatu zuten ibilgailua. Ondarroatik zein Mungiatik (Bizkaia) edota Azpeititik eta Andoaindik (Gipuzkoa), berriz, autobusean joan ziren.

Goizean goiz igartzen zen egun berezia dela ekainaren 13a. Bertako larreetan, ardiak eta isiltasuna besterik ez da izaten normalean. Baina atzo erabat bestela zen. Hainbat abere zeuden BBK-k antolatutako abere azokan. Behiek, zekorrek, behikumeek, zaldiek eta behorrek ikusmiran zeudenei orro egiten zieten. Haurrak eta erretiratuak ziren animaliengana gehien hurbiltzen zirenak, gazteek urrutitik begiratzen zieten, beldurrez. «Gu, badaezpada, ez gara aurrerago joango», zioten Durangoko nerabe kuadrilla batekoek.

Abereak ez ezik, barazkiak eta bestelako jakiak ikusteko aukera bazegoen. Indabak, piperrak, tomateak, urazak, pastelak, gazta eta, nola ez, bedeinkatutako erroskillak. Saltzaileak Bizkaiko hainbat txokotatik etorri ziren: Igorre, Mungia, Orozko, Otxandio eta Mañaritik, adibidez. Loreak eta zuhaitzak ez ziren falta. Horretaz guztiaz gain, eskulangileak ere baziren. Haiek mendiko makilak, perretxiko otzarak eta saskiak eskuz egiten zebiltzan jendaurrean. Taloa eta txorizoa saltzen ziharduten txosnakoak lanez lepo zebiltzan hamaiketakoaren orduan.

Tximistarriarien inguruan bueltaka

San Antonio egunean etxera joan aurretik bi gauza egin behar dira ezinbestean. Batetik, santua bisitatu behar da. Horretarako, bost meza daude goiz eta arratsaldez. Meza nagusia, 12:00etakoa, Mario Izeta Bilboko gotzainak eman zuen.

Santutegi aurreko harriari bueltak ematea da beste eginkizuna. Tradizioak dioenaren arabera, harriaren inguruan buelta batzuk emanez gero senargaia edo emaztegaia aurkitzen du ezkongai dagoenak. Ezkonduta daudenek, berriz, emazte edo senarrarekin urte gehiago jarraituko dute. Tximistarriaren inguruan biraka zebiltzan sei emakume. «Zenbat aldiz inguratu behar dugu?», zioen batek. Galdera horrek, baina, hainbat erantzun izan zituen. Izan ere, batzuen ustez, ordulariaren orratzen noranzkoan hiru eman behar dira. Beste batzuen iritziz, berriz, zazpi. Orduan azaldu zuen batek. «Asko emango ditugu, horrela eragin handiagoa edukiko du gugan».

Trikitilariek musika joz alaitu zituzten Urkiolan bildutakoak. Abesti ezagunak dantzatu zituzten. Aitor Mendiluze eta Angel Mari Peñagarikanoren bertsoen oihartzuna entzun zen mendateko bazterretan barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.