Urtezahar gaua bueltan dela, ohikoa izaten da gehiegi jatea. Guztiok ikusi nahi ditugu gure mahai gainean itsaskiak, arkumea eta turroiak; eta zenbat eta gehiago izan are eta hobeto. Azkenerako, neurririk gabeko gaua izaten da, eta hurrengo egunetan etortzen dira komeriak eta buruhausteak.
Hori guztia saihesteko eta menu orekatuago baten bila, Gorka Gereñok menu makrobiotiko bat iradoki dio BERRIAri. Lekaleak, arraina eta barazkiak dira prestatu duen menuaren ardatza, baina badago lekua haragiarentzat. Sukaldariak azaltzen duen bezala, menu makrobiotiko baten funtsa ez da jatekoa gutxitzen ibiltzea, baizik eta oreka bilatzea.
Gereñok prestaturiko menua ez da askorik urruntzen edozein etxetan egunotan ikus daitezkeenetik, baina gehienak baino osasuntsuagoa da. Lekale pate batekin hasi du menua, ohiko ahate edo antzara pateak alde batera utzita. Ondoren, arrain pastela artatxikiarekin iradoki du. Artatxikia ohiko produktua da dieta makrobiotiko askotan. Hurrengo platera, barazki kroketak dira; betiere olo esnearekin eginak, behi esneak duen gantza ez erabiltzeko. Kroketen ostean, arrain zopa proposatu du.
Hasierako platerak amaitu ostean, erreboiloa tenpuran da Gereñoren gomendioa. Amaitzeko, antxumea barazkiekin proposatu du. Gereñoren iritziz, menua osoa eta orekatua da, ospakizun afari batentzako aproposa.
Urtezaharretako afarirako menu proposamena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu