ATZEKOZ AURRERA. Unai Elizasu. Arrauning enpresaren sortzailea

«Urumeari begiratzen diogu, baina ez dugu ezagutzen»

Elizasuk proposatuta, festa eguna antolatu dute gaur Ramon Barea pedalontziaren asmatzailea omentzeko: Urumean egiten zuten lasterketa egingo dute berriz Donostian, hogei urteren ostean.

JON URBE / FOKU.
Naroa Rios
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Duela 130 urte, Ramon Barea izeneko donostiar batek pedalontzia patentatu zuen. Gaur, hura omentzeko, Ramon Barea eguna ospatuko dute. Horretarako, duela hogei bat urte egiten ziren pedalontzi lasterketak egingo dituzte berriz Urumea ibaian. Unai Elizasuk (Altza, Donostia, Gipuzkoa, 1980) proposatu du ideia, Arrauning enpresaren jabeak. Elizasu 14 urte zituela hasi zen arraunean. Urumean eman zituen lehen palakadak, eta, ordutik, ibai horrek zuen magiarekin liluratuta dago. Orain, irteerak eskaintzen ditu Urumean, kanoan.

Zein da Urumea ibaiaren bereizgarri nagusia?

Urumea ibaia zoragarria da. Ibaia kolore, usain, animalia eta bitxikeriaz beteta dago: horrek egiten du berezi. Beti gauza bera erantzuten dut: denok begiratzen diogu Urumea ibaiari, baina inork ez du ibaiaren barrualdetik begiratzen. Oso ikuspegi ezberdina da.

Nork parte hartu ohi du Arrauning-en?

Gehienbat, gipuzkoarrek. Urumea ibaian interes handiagoa daukagulako, eta kontatzen ditudan bitxikeriak interesgarriagoak iruditzen zaizkigulako. Bestetik, adin guztietakoak etorri ohi dira. Behin 86 urteko emakume bat etorri zen nirekin kanoan.

Zergatik ekarri zenituen pedalontziak Arrauningera?

Hasieran, kanoak baino ez nituen. Parte hartzaile batzuek, ordea, zailtasunak zituzten aritzeko. Hortaz, beste ontzi lasaiago baten beharra sentitu nuen, eta pedalontziak aproposak iruditu zitzaizkidan.

Zergatik ez beste ontzirik?

Ontzi motordunen aurka nago. Alde batetik, ura kutsatzen dute, eta, bestetik, motor soinuek kalte egiten diote bertako faunari.

Noiz konturatu zinen donostiar batek patentatu zituela?

Ontzi hauen historiari buruz irakurtzen hasi nitzenean. Orduan izan nuen Ramon Barea izenaren berri. Informazioa bilatzen ari nintzenenean, Barearen bilobarekinegin nuen topo. Besteak beste, aurten 130. urteurrena zela azaldu zidan. Barearen historiak Arrauningekin lotura handia zuela konturatu nintzen, eta, omenaldia egiteko, Ramon Barea eguna ospatzea proposatu nion udalari.

Pedalontzien lasterketen berri nola jakin zenuen?

Kasualitate eder bat izan zen. Aurten, Aste Nagusian parte hartuko dut bigarren aldiz. Kasualitatez komentatu nuen pedalontziak ekarriko nituela, eta horiekin zerbait egin nahi nuela. Udalekoek kontatu zidaten orain dela urte asko pedalontziekin lasterketak egiten zirela Ondarreta hondartzan. Ohitura hori berreskuratzea polita iruditu zitzaidan.

Zein da lasterketaren helburua?

Gure helburu nagusiak honako hauek dira: jendeak ibaiaz gozatzea; beste ontzi batzuk daudela ezagutaraztea; eta ibaia ezagutzeko beste modu bat eskaintzea. Txapelketa moduan aritzen gara honi buruz, baina, egia esan, karrusel moduko bat da. Azkenean, parte hartzaileak mugitu ahalko dira guk markatzen dugun zirkuitu batean, eta zirkuitu hori azkarrena egiten duenak sari bat jasoko du. Baina ez dugu lehia piztu nahi; ez dugu bizkorrena izateari buruz hitz egin nahi.

Zer nahiago duzu, pedalontzia ala kanoa?

Guztiz ezberdinak dira biak. Pedalontziak ontzi lasaiak eta motelak dira. Lasai egoteko eta ibaiaren gainean aritzeko erabiltzen dira. Nik hondartzara eguzkia hartzera joaten direnekin lotzen dut pedalontzia. Kanoek, berriz, mugikortasun handiagoa eskaintzen dute. Gainera, kanoa kanadarrak ditut. Horiek ontzi berezi batzuk dira: esertzeko modua oso erosoa da, eta ez duzu sufritzen piraguetan bezala, hankak bertikalean jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.