Aurtengo sagardo berria, goxo-goxoa. Etorri lasai, gozatuko duzue eta». Horrela zabaldu zuen Karlos Argiñano sukaldariak 2011. urteko txotx garaia, atzo. Upela parez pare zuela eta aurreskuak egindako ongietorriaren ondoren, txotx egin zuen Petritegi sagardotegian, Astigarragan (Gipuzkoa). Sukaldariarekin batera, ehunka lagun bildu ziren sagardo garaiko lehenengo tragoa hartzera.
Jertse gorria soinean, ez zen oharkabean pasatu txotx egiten zebiltzan lagunen artean. Petritegi sagardotegiko upelek ez zuten atzo atsedenik izan, ezta hemendik aurrera izango ere. Edatearekin batera, sagardotegiko menua hartu ahal izan zuten sagardozaleek txotx garaiaren hasierako festan.
Ekitaldirako dotore azaldu zen Argiñano, makillatuta eta guzti, goizean izandako grabaketetatik etorrita. Atzo ere umoretsu ibili zen, su artean daraman ibilbide luzean jarduten duen gisan. Argiñanorena ibilbide luzea, baita aurtengo sagardoak ahoan egiten duen ibilbidea ere. Horretaz gain, «usain gozokoa eta freskagarria» da, Jose Angel Goñi sagardogileen ordezkariaren hitzetan: «Eguraldia lagun izan dugu, eta iaz baino sagar gehiago bildu ditugu aurten; 2008ko zenbakietara iritsi ez bagara ere».
Dena den, ekoitzitako sagar litroak iazko kopuruaren parekoak izango dira, 10 milioi litro gutxi gorabehera. Maiatzera arte iraungo du txotx garaiak, eta Euskal Herriko sagardotegiak prest dira dagoeneko sagardozaleak jasotzeko: «Euskal Herrian ehun sagardotegi inguru ditugu, eta milioi bat lagun espero ditugu aurten». Txotx garaiaren lehenengo egunean, ezin zuen Astigarragako Sagardo Etxeak huts egin. Aurtengo uzta, Astigarragako sagardotegiak eta azken urteetako aurrerapausoak izan zituzten hizpide hara bildu zirenek. «Gure helburua sagardoa indartzea da; indar ekonomikoa dugu gastronomiari eta turismoari begira», azaldu zuen Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuordeak.
Bixente Arrizabalaga Astigarragako alkateak herriko sagardotegiek urteetan egindako lana azpimarratu zuen. Beste zenbaiten artean, Argiñano ere Sagardo Etxean izan zen goizean: «Gure sagardoa gurea da, eta betiko; lana eginez beti aurrera joango gara».
Sagar artean bertsotan
Lan pixka bat egin behar izan zuen atzo berak ere. Ekitaldi sinboliko gisa eta urtero legez, sagarrondo bat landatu zuten Sagar Etxearen kanpoaldean. Aitzurra sorbalda aldean zuela, sagarrondoa landatzeko ingurura joan eta han hasi zen Argiñano aitzurrean. Lanak amaitu ondoren, Sebastian Lizaso eta Jon Maia bertsolariek pare bat bertso eskaini zioten sukaldariari. Lizasok honela kantatu zuen sagarrondoa ahotan hartuta: «Opa diogu ale mardulak / ugari eman ditzala / bere sustraiak ondo errotuz / landatu dunak bezela». Jon Maiak, Lizasori erantzunez, honela kantatu zuen: «Sagarrondo hau landatu bada / Argiñanon estilora / ze sagar klase eztakit baina / bizia aterakoda».
Ezarian. Sagardoa
Usain gozokoa eta freskoa
Karlos Argiñano sukaldariak zabaldu du aurtengo txotx garaia Astigarragan, Petritegi sagardotegian. Usain gozokoa, freskagarria eta ibilbide luzekoa da aurten edan ahal izango den sagardoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu