Energia

Uste baino lehenago, uste baino larriago

Istripu nuklearren kostuaz inoizko ikerketarik handiena egin dute, eta datuak etorkizunera proiektatua, beste hondamendi bat jazotzeko arriskua nazioarteko agentziek onartu baino askoz handiagoa dela ondorioztatu dute.

Edu Lartzanguren.
2016ko urriaren 7a
08:45
Entzun

Zenbat aukera daude beste Txernobyl bat gertatzeko datozen urteetan? Segurtasunaren inguruko adituek kontuak atera dituzte, eta emaitza harrigarria da: aukerak %50 dira datozen 62 urteotan. Are gehiago, aukera berdinak daude Three Mile Islandeko ezbehar nuklearraren tamainako beste bat gertatzeko datozen hamar urteotan.

Suitzako eta Ingalaterrako zientzialariek egin dute iragarpena, energia nuklearraren arriskua aztertzeko inoizko analisirik sakonenean: aurreko ikerketan baino datuen halako bi hartu dituzte kontuan. Historiako istripu garestienen zerrenda egin dute, 200 ezbehar ikertu ondoren.

Zerrendaren buruan Txernobylgo (Ukraina) zentralean 1986. urtean gertatutakoa jarri dute. Hondamendia 232.000 milioi euroan kalkulatu dute. Ondoren, Fukushimako (Japonia) zentraleko 2011koa jarri dute. Horren kostua: 148.700 miloi euro. Three Mile Islandeko (Ameriketako Estatu Batuak) istripua (1979) laugarrena da zerrendan, 9.850 milioi eurorekin. On Disasters and Dragon Kings: A Statistical Analysis of Nuclear Power Incidents and Accidents txostenean argitaratu dituzte emaitzak Spencer Wheatley, Benjamin Sovacool eta Didier Sornette ikertzaileek.

Baina nola ausartu dira etorkizunaren inguruko halako iragarpen beltzak egiten, iraganeko istripuen kostua kalkulatuta? Zein tresna erabili dute horretarako? «Tresnak arriskuen kalkulu probabilistikoa du izena», esan du Sovacoolek. Danimarkako Energia Teknologiarako Zentroko zuzendaria izan zen, eta irakasle dabil orain Essexko Unibertsitatean (Ingalaterra). Azaldu duenez, joera historikoak erabil daitezke etorkizunean zerbait gertatzeko aukerak eta larritasuna kalkulatzeko. «Hori da aseguruen industriak (eta apustu etxeek) erabiltzen dutena». 

Izan ere, apustu baten antza luke adituok eginiko iragarpena, horren beldurgarria ez balitz. Gaur jaioko diren haurren bizialdian aukera gehiago daude Fukushimako istripuaren larritasuneko edo gehiagoko istripu bat gertatzeko, ez gertatzeko baino. Eta istripu txikiagoak, baina halere garestiak, urtean behin gertatuko dira. Esaldi batean laburbildu du Sovacoolek: «Hurrengo istripu nuklearra jendeak uste duen baino lehenago gertatuko da, edo larriagoa izango da».

Eskala desegokiak
Txostenaren egileek gogor kritikatu dute energia atomikoaren inguruko nazioarteko agentzien lana. Istripuen inguruko informazioa ezkutupean gordetzea egotzi diote IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari, bakarrik gertaeren erdiaren datuak eman dituelako. Horrez gain, haien larritasuna neurtzeko eskala «inkoherentea» erabiltzea leporatu diote. IAEAk bere INES (Ezbehar Nuklear eta Erradiologikoen Nazioarteko Eskala) erabiltzen du. Batetik zazpira sailkatzen ditu ezbeharrak: 1-3 artean, «gertaera» gisa tratatzen ditu; 4-7 artean «istripu» moduan. Ikertzaileen arabera, ordea, eskala hori txiki geratu da: Txernobylgo eta Fukushimako istripuak 10 eta 11 bezala sailkatu beharko lirateke, hurrenez hurren, baina INESek zazpian du maximoa. INES ordezkatzeko NAMS eskala proposatu dute. David Smythe segurtasun nuklear adituak sortu zuen azkena 2011n, Fukushimako hondamendiaren ondoren. Zentral nuklearretatik kanpora isuritako erradiazioa neurtzen du, eta ez du mugarik.

Ikertzaileek behin eta berriz idatzi diote IAEAri, baina Sovacoolek esan duenez, ez dute erantzunik jaso. «Arriskuen informazioa ezkutatzea oso politika arriskutsua da», esan du Wheatley ikertzaileak. Suitzako Teknologia Institutu Federalean, Enpresa Arriskuak gaia irakasten du Zurichen. «Informazioa partekatzea ona da gaurko industriarentzat ere, informaziorik ez dagoenean aukera gehiago dagoelako beldur ezezagunekiko beldurrez erabaki histeriko-paranoikoak hartzeko». 

Halako arrisku handia duen industria batek nola jarrai dezake lanean? Wheatleyk, Sovacoolek eta Sornettek honela azaldu dute: «Erreaktore nuklearrak ordu gutxitan pasibo ekonomiko bihur daitezkeen aktiboak dira, eta, normalean, zergadunek edo gizarteak oro har ordaintzen dituzte istripuok, ez eta argindar konpainiek edo elektrizitate kontsumitzaileek». Hori konpontzeko bidea azaldu du Sovacoolek: «Erantzukizun modu zorrotzagoak eta kostuak hobeto kalkulatzeko bideak sortu behar ditugu, istripuen kostuak konpainien edo inbertsoreek bizkarrean gera daitezen».
Baina ez du ematen hori gauza daitekeenik. «Ez dago zentral nuklear bat aseguratuko duen aseguru etxerik, arriskua izugarri handia delako», esan du Marcel Coderch adituak. Kataluniako Generalitateko aholkularia izan zen energia kontuetan, eta haren Lehia Aginteko presidentea da gaur. El espejismo nuclear liburua argitaratu zuen, 2008an. Zentrak nuklearrak kudeatzen dituzten enpresek diru erantzukizun mugatua dute. «Ez dago erantzukizun mugatua duen beste alorrik. Ez balute, bihar bertan itxiko lirateke zentral nuklear guztiak». Estatuek energia nuklearrari emaniko ezkutuko subentzio  dela gaineratu du. 

Fukushimako istripua dagoeneko herrialdeko erreaktore guztiak eraikitzea halako bi kostatu zaie japoniarrei. «Beraz, gutxienez, bikoitza kostatu zaie energia hori, hau da, eta hori kontuan hartu beharko litzateke energia iturrien kostua konparatzeko orduan; baina ez da egiten, begi bistan geratuko litzatekeelako ikuspegi ekonomiko hutsetik energia iturri horrek onartzerik ez daukan arriskua duela».

Beste adibide bat Erresuma Batuan ikusten du Coderchek. Margaret Thatcher lehen ministro izan zenean industria publiko gehienak esku pribatuen esku utzi zituen, baina ez zuen lortu nuklearra pribatu egitea, «inork ez zuelako nahi». Coderchek kontatu duenez, Frantziak erosi zuen orduan, euren industria nuklearra iraunarazi nahi zutelako. Baina AREVA Frantziako erreaktore eraikitzaileak hondoak jo du, eta Parisek arazoa EDF elektrizitate konpainiari pasa dio. «Frantzian elektrizitate merke samarra izan dute, Estatuak emaniko zeharkako diru laguntza horiengatik, baina amaitzen ari da, eta prezioak igo beharko dituzte. Energia nuklearra merkea izatearen mitoa gezurra dela ikusiko da berriz ere». 

Oraingo zentralen diseinuan normaltzat hartzen da hogei urtetik behin istripu larri bat izatea, Coderchek azaldu duenez. «Eta esperientziak erakusten du horrela gertatzen direla, edo sarriago. Eredu matematikoek baino gehiago balio du esperientziak». Coderchen epeak are laburragoak dira: 20-30 urteko tartean, beste Txernobyl bat. Gainera, egoera okertu egingo dela uste du ingeniariak, erreaktoreak zahartzen ari direlako. 40 urterako diseinaturiko erreaktoreen bizitza 60 edo 80 urtera luzatzeko asmotan dira AEBetan. 

Sovacoolek ere gauza bera nabarmendu du: «Nahiz eta teknologia nuklear berria sartu, zentral zaharrek lanean jarraituz gero arriskuak hor jarraituko du». Ikertzailearen arabera, Txernobyl eta Fukushimako hondamendiak ez dira iraganeko kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.