Orain ez hainbeste, telebista elkarrizketak hartu genituen hemen hizpide. Nola baden joera elkarrizketa luze-zabalak, patxadatsuak, saihesteko. Nola baden joera dena erloju orratzen erritmora, tximistaren abiadan erretzeko. Anitzele saioa aipatu genuen, baduela meritua ordubetetik gora aritzea elkarrizketatu baten inguruan —azkena, orain bi astekoa, Jose Antonio Ardantza; joan den ostegunean saskibaloia izan genuen eta Apaizac obeto dokumentala—.
Eta hara non, igande gauean, katetik katerako saltoan, topo egiten dudan ETB1eko Finlandia saioarekin. Eta ikusten ditudan ekarri dituzten bi gonbidatuak—Ainhoa Goikoetxea orotarikoa eta Joxemari Iriondo beteranoa—, mikrofonoa eskuan, karaoke moduko batean kantuan eta dantzan, edo saiatzen, ez baita gauza bera. Iriondo larri samar, Goikoetxea ohituago. Eta bai, badakit, Finlandia beste gauza bat da, ez da elkarrizketa saio huts-hutsa. Umore saio bat da, bere esketx, bere imitazio, bere zera guztiekin. Baina ekartzen dituzte gonbidatuak eta egiten diete elkarrizketa: orain eserita, orain karaokean; orain lasaiago, orain bideo jokoekin jolasean. Eta alde horretatik erakusten du elkarrizketak egiteko modu bat. Esango nuke muturrekoa.
Baina hara non gogoratzen dudan orain gutxi ikusitako beste elkarrizketa bat, Hamaika telebistan, Hurbilean saioan. Gonbidatua zen Niko Etxart kantaria. Gidaria Inaxio Esnaola kazetaria. Plato bat, elkarrizketatzaile bat, elkarrizketatu bat. Ez besterik. 45 minutu aurretik. Aspertzeko tarterik ez. Noski, aitzakia da elkarrizketa luzeek aspertu egiten duela jendea, kalakaren bigarren minuturako katez aldatu duela ikusleak. Eta egia da, gonbidatuak Play Stationekin jartzeak ez nau aspertzen, zuzenean ez dut ikusi ere egiten.
Beste muturrean kokatzen da, beraz, Hurbilean saioko elkarrizketa, soila, biluzia, hizketaldi hutsa. Elkarrizketatzaile eta elkarrizketatu txukun-interesgarriak, iruditzen zait horixe dela elkarrizketa on bat egiteko behar den gutxienekoa. Eta funtzionatzen du: arretaz jarraitu nituen Etxartenak, alkandora gorriz, larruzko txalekoz, bizi oso baten pasadizoak kontatzen, Agur Xiberua ingeles jogurtean kantatzen. Falta izan zen bakarra: platoan arto-bixarra erretzea. Ostiral honetan Anjel Lertxundi izango da gonbidatua, plazer duenarentzat.
Komunikazioa. Ekografiak
Ustez aspergarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu