Herri oparoa da Usurbil (Gipuzkoa) artearen ikuspuntutik, ibilbide emankorra duten hamaika artistaren lanek Euskal Herriko kulturaren mapan kokatu baitute herria. Hain zuzen ere, herrian dauden artelanen berri emateko, bisita gidatuak antolatu dituzte larunbaterako.
Artelanak egon litezke barruan, eraikin baten barnean, baina egon litezke kanpoan ere, inguruarekin harremanetan. Horixe gertatzen da Usurbilen, eta, horrexegatik, bi zati izango ditu bistak: lehenik, kalean ibilbide bat eginez, bertan dauden obrak ezagutuko dituzte, gida baten laguntzaz. Ondoren, Zumeta estudiora joango dira bisitariak, eta Usoa Zumeta artistak, Jose Luis Zumeta zenaren alaba ere badenak, guneari buruzko azalpenak emango ditu.
Izan ere, Usurbilgo artelan bat ezaguna bada, Zumetaren plazako murala da hori. 50 urte beteak ditu zeramikazko mural koloretsuak, eta herriaren ikur bihurtua da. Zumetak, garai hartan, ez zekien ezer zeramikari eta esmalteari buruz, baina, udalak baratzez betea zegoen eremu bat urbanizatu nahi zuela eta, horma irudi hori osatzea proposatu zionean, baiezkoa eman zuen. Bederatzi metro luze eta hamasei metro zabaleko horma da.
Remigio Mendibururen Udarregiri omenaldia eskultura ere bisitatuko dute. 1966an jarri zuten eskultura, erdigunean, pilotalekuaren ertz batean. Hitzik gabeko bertso batzuk ezkutatzen ditu obrak, Udarregik ez baitzekien idazten. Festa handi bat egin zuten eskultura inauguratzeko, eta «Usurbilgo herriak Udarregiri, 1966ko maiatzean» eskaintza du idatzia behean.
Irantzu Lekuek, berriz, loreen barruko aldea irudikatu zuen Loreen abstrakzioa obran, eta hori ere ikusiko dute parte hartzaileek. Zumetaren kolore eta formak oinarri hartuz osatu zuen bere lana Lekuek, eta Kale Nagusiaren eta Askatasun Plazaren arteko pasabidea koloreztatzen du. Naturaren bizia eraman zuen zementuaren hotzaren gainera.
Herri sarreran, Babarrunaren biribilgunean, berriz, «Sasi guztien gainetik, herria egiten» jartzen du horma batean. 2021. urtean margotu zuen murala Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile, komikigile eta muralgile hernaniarrak (Gipuzkoa). Erratz erraldoi baten gainean, Usurbilgo hainbat herritar irudikatu zituen, eta harrera egiten die errepidean doazenei; herria egitea zer den irudikatu zuen. Aniztasuna, kolorea eta alaitasuna dira haren lanen ezaugarriak, eta horiek ditu ardatz horma irudi honek ere.
Informazio praktikoa
Bisita 11:00etan hasiko da, Sutegi udal liburutegitik. Gehienez, hamalau pertsonak izango dute parte hartzeko aukera. Guztira, bi ordu iraungo du; sarrera doakoa izango da 18 urtetik beherakoentzat, eta hortik gorakoek, berriz, bost euro ordaindu beharko dute. Hori bai, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da; bestela ezin izango da parte hartu.