Uzta botilara iritsi da

2022ko uztako botilako sagardoa aurkeztu dute Txillida Leku museoan. Behin denboraldia amaituta, sagardogileek upeletan eskainitako sagardoa botiletara eraman dute. 50 sagardogilek ekoitzitako Euskal Sagardoa jatorri izeneko laurogei sagardo egongo dira eskuragarri aurrerantzean.

Aurkezpenean parte hartu duten sagardogileak eta ordezkariak, Txillida Lekun. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Hernani
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Apirilean amaitu zen sagardotegi garaia Euskal Herrian, baina, hala ere, sagardoaren sektoreak ez du atseden hartzen. Izan ere, botilako sagardoaren aurtengo garaia aurkeztu zuten Hernaniko Txillida Leku museoan (Gipuzkoa). Zabalaga baserriaren lurretan dago museoa, eta antzina dolare baserri bat izan zen.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizleek 2022an bildutako uztarekin egindako botilako sagardoa aurkeztu zuten atzo. Ekoizten den sagardoaren %95 botilan kontsumitzen dela azaldu zuen Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak, eta, beraz, garrantzitsua dela hura bultzatzea. Era berean, azaldu zuen behin produktua botilan egonda prozesu osoa amaitutzat ematen dela.

Oihana Gaintzerain Euskal Sagardoa jatorri izeneko presidentearen hitzetan, uzta txikia izan zen iazkoa, baina, hala ere, «izaera handiko» sagardoa lortu dute ekoizleek. «Orain, sagardo salmentan jarri behar da begirada», esan zuen. Sagardogile bakoitzak bere lan egiteko modua du, eta horren arabera aldatzen da emaitza; sagarraren heldutasuna eta jasotzeko momentua dira, esaterako, horietako batzuk. Sagardo bereziak merkaturatzen ari dira jatorri izeneko sagardogileak, besteak beste, lursail jakinetako sagardoak, sagar mota berezietakoak, ondutakoak... Formatuari dagokionez, latan ontziratutako sagardoa merkaturatzen ere hasi dira orain dela gutxi.

Iazko garaiarekin alderatuta, jende gehiago ibili da: %20 igo dira sagardotegietako erreserbak. Hala ere, gaueko zerbitzuek beherakada izan dute, orokorrean, jendeak nahiago izan baitu eguerdian joan. Bezeroak ez dira sagardotegietara jatera soilik joan: «Jendeak geroz eta gehiago eskatzen ditu beste mota bateko jarduera batzuk», gehitu zuen Amaia Zubeldiak, Sagardoa Routeko kideak. Hain zuzen, %25 igo dira bisitak eta dastatze gidatuak.

Gipuzkoatik haratago

Sagardoa Route sagardoaren eta sagardotegien inguruko eskaintza garatzeaz eta sustatzeaz arduratzen da: bisitak, kirol edota kultur ekintzak... Udari begira agenda betea dutela adierazi zuten. Aurrera begira, erronka gisa dute tabernak eta jatetxeak sartzeaekintzen eskaintza horretan, eta horretan ari dira lanean, helburu hori lortzeko. Euskal sagardoaren kultura zabaltzea eta jendeari euskal sagardoarekin gozatzeko aukerak eskaintzea da erakundearen helburua.

Euskal Herriko sagardotegien erdiak udan irekita egongo direla jakinarazi zuen Zubeldiak, eta, sagardo garaian ez bezala, kanpoko bisitari asko espero dituztela esan zuen, bai Espainiakoak, baita handik kanpokoak ere: «Txinako talde baten bisita espero dugu».

50 sagardogilek aurkeztu zuten botilako sagardoa, eta, nahiz eta gehienak Gipuzkoakoak izan, baziren Bizkaikoak eta Arabakoak ere. Bizkaiaren kasuan, hango lurzoruaren ezaugarriek zaildu egiten dute ekoizle berriak lortzea. Gaur egun, lau sagardotegi daude: Axpe (Markina-Xemein), Etxebarria (Gatika), Laneko (Gizaburuaga) eta Uxarte (Zornotza). «Eurak egiten duten lanari ere balioa eman behar zaio, eta elkarlanean jarraitu behar dugu helburu berriak lortu ahal izateko», esan zuen Arantza Atutxak, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Departamentuko zuzendariak.

Iazko abenduan Euskal Sagardoak zabaldutako prentsa ohar bateko adierazpenen harira, Lehiaren Euskal Agentziak zehapen espediente bat ireki zion jatorri izeneko erakundeari. Oharrak adierazten zuen Euskal Sagardoaren prezioa %25 igoko zela gutxi gorabehera. Lehiaren Euskal Agentziaren arabera, baieztapen horrek Kontseilu Arautzailearen balizko prezioen igoera adierazi zezakeen. «Ekoizpen kostuak batez beste %25 igo direla baieztatzea zen gure asmoa», azaldu zuten Euskal Sagardoa sor-markakoek.

Jatorri izena

2016an sortu zen Euskal Sagardoa jatorri izena, eta, geroztik, lanean dihardu sagastietan, produktuaren kalitatean eta haren komertzializazioan, besteak beste. Euskadiko sagargile eta sagardogileek gidatzen dute jatorri izena, eta hainbat erakundek babesten dute: foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, esaterako.

Bi oinarri ditu sor-marka horrek: tokiko sagarra eta kalitatea. Euskal Sagardoak 106 sagar mota dauzka onartuta, baina horietatik 24 dira nagusiak edo gehien erabiltzen direnak. Jatorri izen horretako kideen ustez, mota horiek mendez mende aldatuz eta «hobetuz» joan dira, eta, hala, ahalik eta kalitate oneneko sagardoa lortu dute. Sagar mota gehienak Euskal Herrian sortuak dira, tokiko baldintzetara egokituak.

Kontrol zorrotzak egiten zaizkio produktuari, sagastitik hasi eta botilaraino, bermatzeko ahalik eta kalitate onena eskaintzen dutela. Botilaratu aurretik, analisi fisiko, kimiko eta organoleptikoak egiten dizkiote sagardoari, Fraisoro laborategian. Prozesuaren kontrola HAZI fundazioak eramaten du.

Goiza amaitzeko, aurkezpenera joan direnek sagardoa dastatu ahal izan dute, Basatxerri elkartearen eskutik. Hilabeteetako lanaren ondoren, sagardogileek euren kideen lanaren emaitza dastatu zuten. Agirrek sagardoaren ezaugarriak azaldu zituen, eta Fede Pachak txerriaren produktu bakoitzaren ñabardurak aipatu zituen. Euskal abeltzainen kooperatiba da Basatxerri. «Nahasketa bikaina egiten duten bi produktu eta bi proiektu dira Basatxerri eta Euskal Sagardoa», aipatu zuen Agirrek dastaketa hastean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.