Hamar urte zituela hasi zen eskiatzen Jon Santacana (Donostia, 1980). Ordutik, txapelketetan murgilduta dabil buru-belarri, eta emaitza bikainak lortu ditu. Munduko eta Europako hainbat proba irabazi ditu donostiarrak, baita Paralinpiar Jokoetan zenbait urrezko domina ere. Ikusmen elbarrien artean lehiatzen da, B2 mailan. Orain gutxi, entrenatzen ari zela lesionatu, eta bi hilabete egin ditu geldirik; hala ere, indarrez dabil entrenamenduekin hasi eta denboraldiari gogor ekiteko.
Zein probatan parte hartuko duzu aurten? Zeintzuk dira dituzun helburuak?
Otsailean La Molinan egingo den munduko txapelketa izango da aurtengo helburu nagusia. Hori prestatzeko, munduko kopako eta Europako kopako proba batzuetan parte hartzeko asmoa daukat. Hein batean, proba horietan emaitza onak lortzea izango da helburu, baina munduko txapelketan daukat burua.
Nola prestatzen zara? Zer entrenamendu mota egiten dituzu?
Aurten, lesioa dela medio, oso atzeratuta daukat prestakuntza. Normalean, udazkenean hasi ohi gara entrenatzen, eta abendura arte egiten ditugu entrenamendu saio luzeenak. Abendutik aurrera, txapelketen denboraldia hasten da, eta ordurako, egoera fisiko onean egotea izaten da normalena. Aurtengo denboraldia berezia izango da niretzat alde horretatik, lesioak bi hilabete eta erdiz eduki bainau geldirik. Orain, Italiara noa eta bertan ariko naiz eskiekin lehenengoz lesioa egin nuenetik. Lau proba ditut hilabete honetan, baina, emaitzak begiratzeko baino gehiago, sentsazioak berreskuratzen ahalegintzeko erabiliko ditut gehienbat. Feeling-a hartuz joan behar dut.
Beste kirolen bat erabiltzen duzu prestakuntza moduan?
Orokorrean, asko gustatzen zait kirola egitea. Ez dut eskia prestatzeko egiten, normalean, nire gozagarri baizik. Euskal Herrian nagoenean, surfa egitera joatea asko gustatzen zait. Sentipen aldetik oso aberatsa den beste kirol bat da, eta duela bi urte probatu nuenetik, asko gustatzen zait. Bestela, bizikletan ibiltzea ere gustatzen zait. Eski denboraldia prestatzeko, gimnasioan egin ohi ditugu saio asko.
Txapelketen barnean, B2 kategorian parte hartzen duzu. Zer esan nahi du horrek?
Ikusmen elbarrien barnean, hiru azpisail bana daitezke: B1, B2 eta B3. Lehenengo taldean, guztiz itsuak direnak daude, ezer ere ikusten ez dutenak. Beste bi taldetako kirolariak ez dira guztiz itsuak, ikusten dute zerbait; gaitasunaren arabera, bigarren edo hirugarren taldean sartzen dira. Ni bigarren taldekoa naiz.
Zer lan egiten du gidariak?
Ezinbesteko lana egiten du. Miguel Galindo da nire gidaria;hamar urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta nik jarraitu egiten diot. Ikusten dudanarekin eta kaskoetan daramatzagun elkarrekin komunikatzeko mikrofonoekin, Miguelek esaten dit nondik nora joan behar dudan, zein abiaduratan, nola hartu errebueltak… Rallyetan kopilotuak egin ohi duen lana egiten du Miguelek nirekin eskiatzean.
Konfiantza handia eduki beharko da gidariarengan, ezta?
Bai, handia. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta horrela izatea ezinbestekoa da emaitza onak lortzeko. Elkar ezagutu genuenetik oso ondo konpontzen gara; ez da kide soil bat, lagun bat baizik. Orain, hainbeste urte pasatu direnean, askotan ez diogu elkarri hitzik esan behar ere, begirada batekin ulertzen dugu elkar. Hainbeste entrenamenduren ostean,automatikoki ateratzen da dena txapelketatan, ez dugu pentsatu ere egin behar.
Gidarien lana baloratzen dela iruditzen zaizu?
Bakarka jardun ohi den kirola da eskia, baina guk taldeko jarduera bihurtzen dugu. Lehiatzeko uneaz gain, txapelketa inguratzen duten gainontzeko arlo guztiak egiten ditugu biok elkarrekin: dopinaren aurkako kontrolak, esfortzu azterketak… Probetan lortutako garaipenak bion meritu dira; hortaz, domina eta sariak ere bioi ematen dizkigute. Hala ere, askotan ezagutza faltagatik, gidarien lana ez dela baloratzen iruditzen zait. Hori ez da soilik gertatzen eski probetan: paralinpiar kirol guztietan gertatzen da. Urtez urte hobetuz doan arren, oraindik bide luzea gelditzen zaie egiteko paralinpiar kirolei, eta horretan zeregin handia dute hedabideek.
2006. urtean Turinen jokatu ziren Olinpiar Jokoetan ez zinen zure onenean egon, lesio batetik irten berria zinelako. Nola bizitu zenituen joko horiek?
Argi dagoena da besteetatik guztiz desberdinak izan zirela. Niretzat oso gogorra izan zen, Jokoak asteko bi hilabete falta zirela eduki nuelako lesioa. Lau urtez lan handia egin nuen Turingo Jokoetara ahalik eta sasoi onenean iristeko, eta nire kirol ibilbideko unerik onenean nengoela pentsatzen dut. Horregatik, nola hala jokoetan parte hartu behar nuela sartu zitzaidan buruan, eta oso baldintza kaskarretan izan bazen ere, eslalom modalitateko azken proban parte hartu ahal izan nuen. Berez, sei hilabeteko osatzeko epea zuen lesioa zen, eta ebakuntza egin nuenetik bi hilabete baino ez ziren igaro.
Oraintsu osatzen ari zaizun azken lesioak nola eragingo dizu aurtengo denboraldian?
Tibian fisura txiki bat eduki dut, eta espero nuena baino gehiago luzatu da osatzeko epea. Artikulaziotik nahikoa gertu zegoenez, oso garrantzitsua izan da ondo osatzea berriro ere sor ez zedin. Turingo Jokoetan egindako astakeria ez dut errepikatu nahi izan, eta prestakuntza asko atzeratu zaidan arren, ez ditut helburuak aldatu. Orain Italian egingo dugun kontzentrazioan jakingo dut zehatzago nola aurkitzen naizen.
Praktikatzen dituzun modalitateen artean zein duzu gustukoen?
Niri gehien gustatzen zaidana eslalom erraldoia da. Baina, egia esan, abiadurako probetan ere oso emaitza onak lortu ditugu azken denboraldietan, eta Vancouverren 2010ean lortutako urrezko domina nire kirol ibilbideko unerik handiena dela uste dut. Biak gustatzen zaizkit asko, baina oraindik eslalom erraldoia da nire proba onena.
Urte asko daramatzazu eskiatzen eta txapelketetan lehiatzen. Zerk bultzatzen zaitu oraindik aurrera jarraitzera?
Batez ere, gogobetetze pertsonalak. Urtez urte helburuak jarri eta horiek lortuz joateak betetzen nau. Esan daiteke txapelketen alorrean lortu daitezkeen helburu guztiak bete ditugula: munduko kopa, munduko txapelketa, Olinpiar Jokoetan urrezko dominak… Baina, urtero-urtero entrenamenduetatik hasi eta txapelketa egunerarteko prozesua bizitzea gustatzen zait.
Kirolari moduan zure amets guztiak bete dituzula esan dezakezu?
Turingo Jokoetan kolpe handia hartu nuen, eta horien ostean Vancouverren egindako Jokoek eta batez ere lortutako emaitzek asko bete ninduten. Urrezko domina bat eta zilarrezko bi eskuratu genituen. Hala ere, emaitza horiek hobetzeko aukeraren bat dagoela iruditzen zait. Ez da erraza izango; batez ere, krisi egoerak guri ere eragiten digulako, eta aurrekontuak jaitsi egin direlako —beste lurralde batzuetan, berriz, gora doaz—. Ez da esperantza galdu behar, eta lanean jarraitu behar da emaitza horiek gainditzeko. Oraingoz, lesioa ondo gainditu eta munduko txapelketa on bat egitean kontzentratuko naiz. Gero gerokoak.
Mendia. Eskia. Jon Santacana. Eskiatzailea
«Vancouverko Jokoetan lortutakoa hobetu daitekeela iruditzen zait»
Jon Santacana donostiarrak 22 urte daramatza eskiatzen. Txapelketetan lor daitezkeen titulu guztiak eskuratu ditu; hala ere, denboraldi berriari gogoz ekingo dio, lesio batek bi hilabetez geldirik eduki duen arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu