Baina ez dira bakarrik Nafarroako windsurflariak etortzen, Bizkaiko Itsasona haizerik ez dagoenean, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaleak ere etortzen dira, noiz-behinka, Allotzera. Aintzira Urbasa eta Andiako mendizerren oinean dagoenez, haize korronteak sortzen dira mendien artean, eta horregatik, toki hori oso maite dute nabigatzeko zaletasuna dutenek. Oro har, iparraldeko haizea ateratzen denean, nabigatzeko aproposena izaten da, baina, udan, hango ur maila asko jaisten denez, nabigatzeko hedadura murrizten da.
Leraten, Allozko eskuineko aldean eta Aritzaleku kanpinaren ondoan dago urtegiko ontziratokia, eta han biltzen dira nabigazioa maite duten guztiak. Lehen, aldiz, ontziak uretan sartzeko ez zegoen ia azpiegiturarik, eta ontziratokia lurrezkoa zenez, uretara ontziak sartzeko arazoak izaten zituzten. Azkenaldian, ordea, lanak egin dituzte, eta orain, hormigoizko portutxo bat egin dute. Aritzaleku Kanpinak eskaintzen dituen zerbitzuak aprobetxatzeko (komunak, dutxak, ontziak gordetzeko lekua...), portuaren azpiegiturak kanpinaren ondoan egin dituzte.
ONTZIRATOKI GEHIAGO. Lerateko ontziratokiak arrakasta handia eduki du, eta horren ondorioz, Lerate inguruko beste hiru herrik ere, Lerateko ontziratokia ikusirik, antzeko azpiegiturak egiteko asmoa agertu dute. Nabigatzaileen eta bainua hartzen ari diren pertsonen artean istiluak ez izateko, Lerateko ontziratokiaren inguruko eremuetan, nabigatzaileek dute lehentasuna.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Bela Federazioak ikasleentzako uretako kirol jarduerak antolatzen ditu udaberrian, eta aurten, adibidez, hainbat eskolatako 1.080 ikaslek parte hartu dute Allozko ikastaroetan.
Aritzaleku Kanpinak uretako kirolak egiteko hainbat ontzi mota alokatzen ditu: hala nola piraguak, winsurfeko taulak eta mota askotako bela ontziak. Horrez gain, kanpinak bainua hartzen dutenentzako eta nabigatzaileentzako azpiegitura batzuk eskaintzen ditu: dutxak, komunak, ontziak gordetzeko tokiak, askatokiak, suak egiteko lekuak...
Allotzen, bainua hartzeari dagokionez, hondartza txikiak daude. Uretara sartzeko malkar leunak badira toki batzuetan, baina, beste batzuetan, malkarra askoz bortitzagoa izaten da, eta zorua segituan galtzen da. Bestalde, aipatzekoa da aintziraren alde batzuetannudismoa egiten dutela bainulariek: horregatik ere ezaguna da naturismozaleen artean.
NAFARROAKO BIGARRENA. Esako urtegiaren ondotik, bigarrena da tamainaz Allozkoa. 1930ean eraiki zuten, eta 930 hektareako eremua hartzen du. Etxauriko haitzetan sortzen den Salado ibaiaren urak biltzen ditu Allozko urtegiak, eta haren ingurumarian, 84 hektometro kubiko sartzen dira, gutxi gorabehera.
Urtegiaren inguruko mendi mazelak erkametzez, pinudiz, belardiz eta sasiartez estaliak daude, eta horiek dira Nafarroako Erdialdeko paisaiaren ezaugarri adierazgarrienak. Bestalde, uretako kirolak maite ez dituztenek ere aintzira inguruko ibilbideak egiteko aukera ere izaten dute, eta horretan aipatzekoa da Iturgoiengo Trinitate Sainduko baselizara iristeko mendi ibilaldia. Behin hara iritsita, gailurretik ikusten den paisaia izugarria da, eta ikusten den guztiaren artean, Allozko aintzira da nabarmenena.
Esako urtegian bezala, arrantzaleek kanpoko arrain motak sartu dituzte Allozko aintziran, eta kanpoko arrainek bertakoak zokoratu dituzte. Amuarrainak, zamoak eta karpa amerikarrak daude batez ere, baina black-bassak ere topatu daitezke. Azken urteetan, siluro arrain handi eta kaltegarriak ere barneratu dituztela diote bertakoek, baina oraindik ez da halakorik arrantzatu.
aLLoTzeKo GIDa
Nola iritsi. Iruñetik A-12 errepidea hartu behar da, eta ondoren, 31.sarreran atera behar da. Sarrera horretan, NA-1110, Lorca eta Allotz norazkoa segitu behar da, eta kilometro bat pasatuta, errotonda batean, NA-7171 errepidea hartu behar da. Bide hori jarraituta, Allotzeko aintziraraino eramaten du. Iruñetik 38 kilometro daude, orotara.
Non lo egin. Aritzaleku Kanpina (Lerate). Tel. 948-39 50 64. Don Roque landa etxea (Abartzuza). Tel. 948-52 00 84. Laguao landa etxea (Abartzuza). Tel. 948-52 02 03. Lizarrate landa etxea (Abartzuza). Tel. 948-52 01 81. Oncineta aterpetxea (Lizarra). Tel. 948-55 39 54. Deierri Hotela (Lizarra). Tel. 948-54 60 34. Bioitza Kanpina (Zudairi). Tel. 948-39 10 04. Iratxe Hotela (Aiegi). Tel. 948-55 11 50.
Non jan. Alai Taberna (Eulate). 948-54 39 41. Lezaun jatetxea (Lakar). Tel. 948-54 12 31. Casa Faustina (Barindano). Tel. 948-53 94 93. Astarriaga sagardotegia (Lizarra). Tel. 948-55 08 02.
Ardoak eta upeltegiak. Castillo de Monjardin upeltegia (Villamayor). Tel. 948-53 75 89. Iratxe upeltegia (Aiegi). Tel. 948-54 12 31. Lezaun upeltegia (Lakar). Tel. 948-54 13 39. Azkonako Jauregia upeltegia (Azkona). 948-54 22 94. Aroa upeltegi ekologikoa (Lakar). Tel. 948-55 53 94.
Kirol jarduerak. Alto de Muru klub hipikoa (Bearin). Tel. 948-55 19 86. Aritzaleku Kanpina (Lerate). Tel. 948-39 50 64. Nafarroako Bela Federazioa. Tel. 848-42 78 59.
Informazio gehiago. Lizarrako Turismo Bulegoa: 948-55 63 01. Lizarraldeko Kontsortzio Turismoa: 948-55 65 37.
Urbasa eta Andiako mendizerrak
Allozko aintziraren ondoan daude Urbasako eta Andiako mendizerrak. Bertan, hainbat motatako paisaiak aurki daitezke: besteak beste, mendi garaietako orografia, estepak, hosto-erorkorreko basoak eta mediterranear basoak. Hango aniztasun ekologikoa babesteko, natur parke izendapena eman zion Nafarroako Gobernuak, 1997. urtean. Landarediaren eta paisaiaren aldetik aberastasun handia izateaz aparte, gizakiek urteen joan-etorrian arrasto ugari utzi dituzte ingurune horretan. Arrasto horien artean, aipatzekoak dira aro megalitikoko trikuharri, tumulu eta zutarri ugariak.