Pascual Roman. Kimika irakaslea

«Wolframa topatu izana da Euskal Herrian inoiz jazotako zientzia ekintza nagusia»

Elementuen taula periodikoa kimikarien iparrorratza da, unibertsoa zerez osatuta dagoen ulertzeko. Abertzaletasunak horren izendegian izan duen garrantziaz mintzatuko da gaur EHUko irakaslea.

Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Pascual Romanek (Tauste, Espainia, 1947) kimika irakasten du EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Sei liburu eta 200 liburu atal eta artikulu idatzi ditu gai horren inguruan, nazioarteko hainbat aldizkaritan. Nacionalismos y localismos en la tabla periódica hitzaldia emango du gaur, 12:00etan, Leioako (Bizkaia) campuseko gradu aretoan.

Jende askok eskola edo institutu garaitik gorrotoz gogoratzen du elementuen taula periodikoa. Eta beste batzuek, berriz, buruan tatuatzen dute, edo horrekin oinetakoak diseinatzen dituzte. Zer du taulak halako gorroto-miresmena sortzeko?

Zientziaren ikono nagusietako bat da. Horretan ezagutza multzo ikaragarria laburbiltzen da: hor daude bizitza eta ez-bizitza eraikitzeko blokeak. Einsteinen E=mc2 ekuazioak eta DNAren egiturak bezainbeste garrantzia du, edo handiagoa. Duela gutxi Elementu Kimikoen Martxa sortu dut, eta musika jarri diogu, guk txikitan biderkatzeko taula abesten genuen bezala, haurrek elementuen taula periodikoa ikas dezaten. Orkestratzeaz hitzegiten ari naiz Euskal Herrian den Errumaniako orkestra zuzendari batekin, nazioartean zabal dadin.

Esaten dute futbola eta politika ez direla nahastu behar, eta hara non ezinezkoa den kimika inorganikoa eta abertzaletasuna bereiztea.

Dmitri Mendeleievek 1869an taula aurkeztu zuenean, harropuzkeriatzat hartu zuen askok, erronka jo zielako zientzialariei taularen bidez aurreikusitako elementuak bila zitzaten. Mendeleiev harrapatzera atera ziren korrika. Bitxia bada ere, kimikariak aurreikusitako lehen hiru elementuei izen abertzaleak jarri zizkieten: galioa, Frantziarengatik; eskandioa, Eskandinaviarengatik; eta germanioa, Alemaniarengatik.

Polonioaren kasua are bitxiagoa da, lehenago agertu zelako elementua taula periodikoan, Polonia estatuen zerrendan baino.

Polonia entelekia gisa ibili zen mendeetan, auzo estatuek zatikatuta eta eurenganatuta. Alde horretatik, polonio izena probokazioa izan zen. Handik 20 urtera, Poloniako Estatua sortu zuten. Marie Curie, polonioaren eta radioaren aurkitzailea, abertzale sutsua zen: hura gaztea zenean, Errusiak debekatua zuen polonieraz hitz egitea, eta ezkutuan ikasi behar izan zuten euren hizkuntza.

Italiako faxistak ere saiatu ziren euren sinbologia taulan sartzen.

Enrico Fermik pentsatu zuen ausonioa eta hesperioa aurkitu zituela 1934. urtean, eta Nobel saria eman zioten horregatik. Gero ikusi zen halako elementurik ez zegoela, eta Fermik fisio nuklearra aurkitu zuela baina ez zela konturatu ere egin. Ausonia Italiaren izen poetikoa da, eta Hesperia-k, grezieraz, mendebaldeko lurra esan nahi du, hau da, Italia. Garaiko agintari faxistek nahi zuten Fermik horietako bati littorio deitzea. Lictor horiek Erromako epaileen bizkartzainak ziren, inperioaren ikurra —fasces— zeramatenak. Galdutako elementuen inguruko artikulua idazten ari naiz, hainbat lagunekin. Nire kalkuluen arabera, taulan 25 elementu daude leku izenekin.

Elhuyar anaiek 1783an Bergaran (Gipuzkoa) 74. elementua deskubritu zutenean, zergatik jarri zioten wolfram?

Wolfram esaten diogu euskaraz, espainolez... baina ingelesez eta frantsesez tungsten/tungstène esaten diote. Wolframita mineraletik dator izena, handik atera zutelako elhuyartarrek, eta otso lerdea esan nahi du alemanieraz, aparra sortzen duelako urtzerakoan. Taula arautzen duen nazioarteko batzordeak tungsteno hitzaren alde egin du, guk wolfram hitzari eusteko eskatu arren. Halere, elementuaren sinboloa W da.

Arazo gutxiago izango zen baskonio jarri izan baliote?

Agian ez zen halako arazorik izango baskonio edo bergario jarriz gero. Euskal Herrian inoiz gertatu den zientzia ekintzarik garrantzitsuena da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.