Musikaren munduan egin zen ezagun Xaaltx izengoitiz ezaguna den Pantxoa Bergara artista. Orain,proiektu berri bati ekin dio: Gure Makila izenpean. Duela bi aste eskas Ezpeletan (Lapurdi) ireki duen tailer erakusketan, proiektu artistiko eta berritzaile horren ezagutza egiteko parada dago. Lau urte luzez pentsatzen aritu ondotik makila modernizatzeko lanean murgildu da Xabaltx .
Duela 25 urtez geroztik, euskal kulturgintzan erabat murgildurik bizi da Xabaltx. Azken lau urteetan, alta, pauso bat haratago egiteko gogoa zuela esan du, bere sorkuntzak materializatu nahian: «Nire sormena modu desberdin batean gauzatu nahi nuen».
Luzaz pentsatzen ibili ondotik, «lagun batekin kafea hartzen ari nintzela, eta egun egiten diren kafe makina modernoari so nintzela, kolpez, bururatu zitzaidan Euskal Makila eraldatzearen ideia, berritzearen ideia», dio Xabaltxek. Lau euskal makila eredu sortu ditu: bata Mundaka izenarekin, uraren elementuan pentsatuz sortua. Bigarrena, mendiari erreferentzia egin nahian Txindoki izena duena. Hirugarrena, maite duen leku bati pentsatuz sortua, Baztan izenarekin. Azkena, euskal hiriari erreferentzian, garaikidetasunaren izenean, Bilbo deitua.
Makila eraberriturik
Betiko euskal makila osatzen duten materialak aldatu ditu Xabaltxek, puntako teknologiaren bidez, kolore, grabaketa eta funtzioak ugarituz. «Makila bakoitza pertsonalizaturik eskuratzeko aukera ematen diot bezeroari».Abiapuntuko ereduez gain, karbono desberdinak hautatu daitezke, baita nahi izanez gero ere, GPS bat erantsi edota eskuen bidez taupadak neurtzeko gailua. Harri bereziak gehitzea ere posible izanen da, baita nahi den irudia makilan itsastea, sublimazioaren teknikaren bitartez.
«Makila pertsonalizatzea inportanta iruditzen zait, norbaiti ematen diozun oparia baita.Opariak pertsonari egokitzen dira, eta makila aldi berean pertsonaren nortasunaren seinale da». Makila arin-arinak sortu ditu. Betiko euskal makilak 600 gramo pisatu ohi du, eta berriak, aldiz, 340 gramo soilik.
Ez du arrotza makilen mundua Xabaltxek: haren familian badira zortzi belaunaldi makilak egiten direla. Horren adierazgarri, Ezpeletako erakusketan duen labea. «Labearen atea erakusketara sartzean ezarri dut, ene aitak labea duela 20 urte desegin zuen, eta nik gorde nuen. Beharbada, buru xokoan nuen oraingo ideia», dio Xabaltxek.
Familian beti garrantzitsua izan zaie. Horregatik eta beste arrazoi ugarirengatik, sinbolo handikoa zaio makila Xabaltxi. Bestalde, mundu guzian ezaguna dela dio, nahiz eta toki bakoitzean makila mota bereziak dauden.Aldiz, bada gauza bat behin ere aldatzen ez dena, hau da, indarra eta errespetuaren adierazgarri izatearen esanahia. Hala nola faraoiek eskuan izaten zutena boterearen adierazgarri zen, eta Ameriketako indiarrek ematen dioten erabilera etengabea. «Gainera, adinarekin, gehienbat, makila lagun biziki hurbila bilakatzen da, eta gazte zein zaharrentzat hirugarren hanka bilakatzen da ia», azaldu du Xabaltxek.
Gure Makila saritua
Lan artistikoak egiteaz gain, ikerketa lanak egiten ere ibili da. «Ezusteko handia hartu zuen makila hitza hilabetean 75.000 aldiz sarean bilaketetan markatzen dela aurkitzean. Biziki ezaguna da makila munduan, ez nekien hainbesterainokoa zenik», dio.
Nahiz eta duela gutxi abiatuGure Makila proiektu artistikoa,jadanik saritua izateko parada izan du Xabaltxek. Vos projets méritent le design egunean parte hartu zuen Akitaniako Eskualde Kontseilutik deitu baitzuten. Akitaniako Eskualde Kontseiluak antolatzen duen egun bat da zeinean tailer, hitzaldi eta enpresen sorkuntzak ikus daitezkeen, batik bat. Aurten 50 enpresa txiki zein handi egon ziren parte hartzen. «Eguerdi aldean esan ziguten sariketa bat izanen zela bertan aurkeztu ziren proiektuen artean. Saria irabazi nuen», dio Xabaltxek ezagutzaz pozik.
Bestalde, Baionako Merkataritza Ganbera eskertu nahi duela esan du eman dion laguntza guziarengatik, interes handia erakutsi baitu proiektuan. Frank Elen diseinatzailearen laguntza ere izan du, ordenagailuan makilak diseinatzen ibili baitzen.
Xabaltx, tradizioak berritzen
Musika mundutik aldendu, eta Gure Makila proiektua aurkeztu berri du Xabaltxek; sormenerako grina Euskal Herriko makila tradizionalaren eraberritzean islatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu