Gastronomia

Xanty Elias sukaldariari eman diote Basque Culinary World Prize saria

Haurren elikadura hezkuntzan eragiteagatik jaso du saria Eliasek, epaimahaikideen arabera. Kia Damon eta Ana Estrela sukaldarien lana ere goraipatu dute.

Xanty Elias sukaldari espainiarrak eskuratu du Basque Culinary World Price 2021 saria. JOSE SALTO / EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 15a
16:26
Entzun

Xanty Elias sukaldari espainiarrari eman diote 2021eko Basque Culinary World Prize saria, Los niños se comen el futuro (Haurrek etorkizuna jaten dute) egitasmoari esker umeen elikadura hezkuntzan eragiteagatik, epaimahaikideen arabera. Zehaztu dute sukaldariak lehen hezkuntzako ikastetxeetan egiten duela lan, hala nola «sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientziaren inguruko kulturan heztea» garrantzitsua dela sinetsita.

Eusko Jaurlaritzak ematen du saria, Euskadi Basque Country eta Basque Culinary Centerren bidez martxan duen estrategia integralaren esparruan. Sariak aintzat hartzen ditu egitasmo eraldatzaileak, eta norabide hori duten lanak aitortzen ditu, irabazleari 100.000 euroko saria emanda. Edizio honetan, elikadura hezkuntzaren alorra nabarmendu dute, baina, baita immigrazioarekin edo talentua gizarteratzearekin lotutako eremuak ere.

Irabazle nagusiaz gainera, beraz, epaimahaiak bi aipamen berezi ere egin ditu. Batetik, Kia Damon sukaldari estatubatuarrak eginiko lana aitortu du, besteak beste, «baztertuta egon ohi diren taldeen talentua» erakusteagatik. Bestetik, Ana Estrela brasildarraren lana ere saritua izan da, sukaldaritzaren bidez «pertsonak gizartean txertatu» dituelako. «Sukaldari ekintzaileak dira, berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak, eta, baita komunitatearekin konprometitua daudenak ere».

Lanak eta erronkak

Joan Roca epaimahaiko presidenteak Eliasen lana nabarmendu du: «Haurrak etorkizuna diren heinean, janariak duen benetako balioaz kontzientzia sortzeko beharrezkoak diren testuinguruak eta balioak erein behar dira, eta Eliasek nazioarteko ahalegin horri jarraipena ematen dio». Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, berriz, azpimarratu du Lur planetak «erronka globalak» dituela aurrerantzean, eta, sari honek ematen duela aukera «mundu osoko» errealitateak ezagutzeko eta haiekin «konektatzeko», gastronomia hizpide hartuta. Joxe Mari Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendariak, jakinarazi du sari honen asmoetako bat «errealitatearekin konektatzea eta eboluzionatzea» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.