Askotan esan izan dute Donostiari xarma berezia dariola, beste euskal hiriek nonbait ez duten glamour-a. Errege-erreginen eta aristokraziaren udaleku izateak, agian, izango zuen zerikusia horrekin. Errege-erreginek aspaldian bezainbesteko maiztasunarekin bisitatzen ez badute ere, beste xarma mota batek ukitzen du egunotan Donostia: Zinemaldiko izar gonbidatuena.
Erdigunera iritsi ahala nabaria da egun bereziak direla Donostian. Prentsa aniztasun handia dago Euskal Herrian, baina jendeak egunkari berdina darama besapean: Zinemaldiko egunerokoa. Kamera lepoan zintzilik daramate beste askok, momentua harrapatzeko prest, ohiz kanpoko zerbait gertatzea espero balute bezala.
Zinemaldian emozio oihuek eta txalo zaparradek iragartzen dute zerbait berezia gertatu dela, hau da, filmetan horrenbeste alditan ikusitako aktore kutunak metro gutxira daudela. Halaxe gertatu da Richard Gere eta Susan Sarandon Maria Cristinatik atera eta prentsa aretora bidean abiatu direnean. Hondartzara bidean zihoazenak eregelditzea beste erremediorik ez dute izan.
Bost izarreko hotelaren parean bildutako jende andana sakabanatu da Arbitrage filmeko protagonistak desagertu bezain laster. Jarraitzaile leial batzuek besterik ez dute itxaroten jarraitu. «Hemendik ez gara mugitu ere egingo». Hamabost urtez hutsik egin gabe toki berean ipintzen dira Amaia Galarreta eta haren lagunak. 09:00 inguruan iritsi dira, eta ez dakite noiz etxeratuko diren. «Bukatutakoan». Eskarmentua dute jada, eta poltsa bat ekarri dute, ogitartekoz beterik.
Idoloak zuzenean ikustea, horixe da haien helburua, eta gogo eta indar guztia jartzen dute horretan. Hori da Zinemaldia haientzat. Jaialdia bukatu artean tinko eutsiko diote lekuan, sinadura edo argazki bat lortzeko itxaropenarekin. Ez dute zinemarik zapalduko, nahiago baitute aktoreak «zuzenean» ikusi.
Kexu da Galarretaren laguna: «Kazetari eta argazkilariei besterik ez diete kasurik egiten». Halere, goiza emankorra izan da. «Jose Coronadok balkoitik agurtu gaitu».
Maria Cristina igarota baten batek oraindik zalantzak izango balitu, Kursaaleko hormako leloak, zubiko afixek eta telebista furgonetek ohartaraziko diote zinemak hartu duela hiria.
Viktoria Eugeniako txarteldegiko ilara luzea da; kanpoan jarri duten alfonbraraino iristeko gutxi falta zaio. Berdin gertatzen da Kursaaleko txarteldegian. «Aurten, oso gaizki ibili naiz; ez ditut aldez aurretik erosi txartelak», dio Anak, damututa. Richard Gere eta Susan Sarandonen filma ikusi nahi du, eta egunean salgai jartzen dituzten txartelak bukatu diren beldur da.
Zinema jaialdiak badu, gainera, berezkoa duen ezaugarri nahasezin bat: kalean etengabe gora eta behera kreditazioarekin dabilen jende uholdea. Lepotik zintzilik daramaten txarte- lak Zinemaldian lan egiten dutela dio, eta une oro erakusten dute ezaugarri hori.
Egunotan hedabide askoren begiradapean egongo da Donostia, hirian ostatu hartu duten gonbidatuen xarmak erakarririk. Zinemazale askori, baina, ez zaie horrenbeste axola nor etorri den, film eskaintza zabalak mugituta bildu baitira hirian.
Plaza giro
Xarmaz jantzi da hiria
Izarren peskizan, sarreren bila edo laneko zereginetan murgilduta: jendearen joan-etorri bitxiak bistan uzten du Donostiako Zinemaldia hasi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu