Xarnegu

Lucien Etxezaharreta.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Laster dira 50 urte Txillardegik Huntaz eta Hartaz liburua kaleratu zuela Baionan. Intelektual batek orraztatzen zituen ausartziaz gai asko. Horien artean batek aipatzen zituen Biarnoko euskaldunak. Ez genion halako kasu handirik egin: garai horretan inork ez zion kasu handirik ematen berriki Bidasoa honaindira errefuxiatu zenari. Jainkorik gabeko ezkertiar bat zen, bere gogoetak harma gisa zituena.

Gaurko garaietan maizegi ahazten dugu gure Biarno auzoa euskaldun askoz josia dela eta bere hirietan, nola Olorone, Ortese eta bereziki Pauen, badirela franko. Mende askotako hizkuntz muga etxe jakin batzuen artean marratzen dela ziurtasun handiz maite dugu azpimarratzea. Baserri batzuen arteko egia, inondik ere, ez da hala globalki. Aspaldi da Oloroneko jendetza handi bat auzoko Zuberoatik datorrela. Pauen ikusten da 50 urte hauetan Lagunt eta Maita elkartearen biltze lana, nahiz euskaldunen gutiengo bat baizik dela elkartekide. Argi da, Biarnon Zuberoan baino jende gehiago jatorriz zuberotarra badela.

Gogoratzekoak dira Jean Pierre Seiliezek, Frantzia iparraldeko Arras hiritik etorriak, Seaskako lehendakari izan zelarik egin zituen indar bereziak ikastolen hedatzeko, 1975. urtean bereziki. Horrela, Olorone eta Pauen bi ikastola eraiki ziren. Horien bultzadak bi Calendreten eraikitzea bideratu zuen ere hiri horietan. Geroztik, dudarik gabe axola eskasez, bi ikastolak itxi ziren.

Xarneguak dira erdi euskaldun erdi biarnesak diren jendeak: harrotasun zerbaitekin musika talde batek izen hori hartu zuen duela gutxi, eta erakusten zuten euskal musika argiki xarnegu zela eta Pirinio mendilerrokoak denok nonbait hala garela, kultur arrago eta molde beretik gatozela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.