Iñigo Gambra. Argazki lehiaketako partaidea

«Xehetasunei erreparatzen diet»

2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iñigo Gambra (Iruñea, 1975) kamera aldean duela ateratzen da beti etxetik. Lorezaina da, eta gauza txikiek erakartzen dute gehien. Adibidez, loreek eta zomorroek.

Nondik datorkizu argazkigintzarako zaletasuna?

Batetik, familiatik, amak argazkiak egiten baitzituen. Bestetik, kuadrillako batek reflex kamera bat oparitu zidan aspaldi, eta ordutik afizioa dut. Hogei bat urterekin hasi nintzen argazkiak egitera zaletzen.

Zeri ateratzen dizkiozu argazkiak?

Mendira asko joaten naiz, eta han ateratzen ditut argazkirik gehienak. Gauza txikiei argazkiak ateratzea gustatzen zait; esaterako, loreei eta zomorroei. Izan ere, ni lorezaina naiz, eta xehetasunei erreparatzen diet. Dena den, etxetik beti irteten naiz kamerarekin, eta Iruñeko argazki pila bat ditut.

Argazki ikasketarik baduzu?

Ez dut ikasketarik. Kamera oparitu zidan lagunaren aholkuekin eta neure kasa probak eginda ikasi dut. Oso astuna naiz.

Zein kamera erabiltzen duzu argazkiak egiteko?

Olympus E300 kamera daukat. Nahiko zaharra da, baina oraindik ateratzen diot etekina.

BERRIAko lehiaketaz gain, aurkezten zara beste lehiaketaren batera ere?

Bai, baina oso gutxitan. Gehienak BERRIAko lehiaketara bidaltzen ditut, poza ematen baitit nire argazkiak argitaratuta ikusteak.

Eta irabazi al duzu noizbait?

BERRIAko lehiaketa irabazi nuen behin, eta Getariara bidali ninduten asteburu-pasa. Hori izan da jasotako saririk politena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.