Komunikazioa

Xiberoko Botzak «etxez etxe» dirua biltzeko kanpaina hasi du

Iaz 24.000 euro inguru eskuratu zituzten, eta horrekin lanpostu bat ordaintzeko moduan da Xiberoko Botza

Xiberoko Botzako langileak entzuleei eskainiko dieten soin-zakuarekin. ALLANDE SOCARROS / BERRIA.
Maule
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Xiberoko Botza Zuberoako euskal irratiak, urteroko legez, etxez etxe dirua biltzeko kanpaina hasia du. Iaz, 24.000 euro inguru eskuratu zituen herritarren eskuzabaltasunetik. Diru horrekin lanpostu bat ordaintzeko moduan da; guztira bost lagun ari dira irratian. Horietatik bata, haatik, Euskal Irratiak federazioak kontratatuta dauka.

Zuberoan zehar etxez etxe ibiltzean Xiberoko Botza irratiko langile eta laguntzaileek jakin badakite harrera ona eginen dietela eta dirurik ere emanen dietela… irratia gutxi edo batere ez entzuten dutenek ere. Izan ere, azkenik egin zen entzuleria neurtzeko ikerketak agerian jarri zuen Zuberoan entzungai diren irratien artean hirugarrena dela Xiberoko Botza, hots, Bleue Pays Basque irrati estatalaren tokiko irratiaren eta Mauleko beste irratia den Radio Mendililiaren atzean.

Hori dela eta, duela gutxi eginiko Xiberoko Botzeko biltzar nagusian nabari agertu da Euskal Irratiak federazioarekiko edo behintzat horren zuzendaritzarekiko kexak handituz doazela. Kalapita giroa hazten duena da Ipar Euskal Herriko euskarazko lau irratiak bateratzen dituen Euskal Irratiak egiturak zubereraz dauden ordutegi zatiak gero eta gehiago murrizteko joera erakusten duela.

Gaur egun, goizean hiru ordu eta erdi soilik dira Xiberoko Botza irratitik ekoitziak. Hargatik, Euskal Irratiak federazioko programazio egitarau berrian, 11:30 eta 12:00 tartea ere lau irratien saio bateratuan sartzeko xedea bada. Egitasmo horrekin ez dira ados Xiberoko Botzakoak, eta irratiaren biltzar nagusian ordutegi zati hori zubereraz mantentzeko nahikaria argi eta garbi azaldu da. Ezen, ordutegi zati hori da egun osoan entzule kopuru handienetako bat bereganatzen duena.

Zubereraz hitz egiten den tarte horren bestelakatzea gertatuko balitz, Zuberoako euskal irratiak entzule gehiago galtzen jarrai dezake. Hori «benetan tamalezkoa» litzatekeela iritzi diote Xiberoko Botza irratiko arduradun, langile eta laguntzaileek.

Irratiak bere sorreraren 30. urteurrena ospatuko du datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.