Txalapartak instrumentu erritmikoa dirudi hasiera batean, baina melodiak sortzeko ere aukera handiak ematen ditu. Horixe frogatzen du Hutsun txalaparta taldearen bideoklip berriak. Yann Tiersenen Comptine d´un autre été abestia txalapartarekin jo dute musikariek, akordeoia lagun eta dantzariak alboan dituztela. Atzo jarri zuten Youtuben ikusgai.
Taldearen aurkezpena egiteko modu polita iruditu zaie bideoklipa egitea. «Txalapartarekin jotzeko abesti egokia zela ikusi genuen. Harrizko txalaparta erabili dugu, soinu melodikoagoak lortzeko», adierazi du Anai Gambra taldeko kideak. Hala, bere garaian, Oreka TX taldeak irekitako bideari, melodiaren arrastoari, jarraitu diote. Musikariak adierazi duenez, ez da prozesu erraza. «Egurrak eta harriak moztean afinazioa aurkitu behar da. Denbora asko eskatzen du».
Behin instrumentua muntatuta zeukatela abestiaren partitura atera, eta melodia ikasten «orduak» pasatu dituzte. Jotzeko modua ere ezberdina da. «Gure arbasoek inprobisatu, jolastu, egiten zuten. Gaur egun, badago aukera, zorionez, horrelako kanta bat txalapartarekin jotzeko».
Gambrak adierazi duenez, ipuin bat kontatu nahi izan dute bideoklipean. Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikidearen Zentroan grabatu dute lehen zatia, eta Iruñeko harresietan bigarrena. Margolan bat ikusteko elkartzen dira lagun batzuk, eta artelan horretatik egiten du jauzi kamerak gero, musikariak jotzen ari diren lekura. Akordeoiak laguntzen dio txalapartari, une oro, eta dantzariek dantza egiten dute. «Akordeoia neuk jotzen dut. Irantzu Garciak egin digu margolana, eta dantzariek eurek sortu dute koreografia». Estudioan grabatu dute soinua, eta irudiarekin txertatu dute, gero. Oso pozik daude emaitzarekin.
Aurretik Pulp Fiction joz egina dute beste bideoklip bat. Bardean (Nafarroa) grabatu zuten, baliabide gutxiagorekin, eta Youtuben 32.000 ikustaldi inguru ditu. «Txalaparta afinatuarekin probatzen hasi ginen garaia zen, eta hortxe agertu zitzaizkigun, bat-batean, Pulp Fiction-en notak. Abestiak, nolabait, gu aukeratu gintuen».
Bilakaera handia aurretik
Txalaparta oso musika tresna gaztea dela eta etorkizunean bilakaera handia izango duela uste du Gambrak. «60 urteotan aldaketak izan ditugu. Oreka TX taldeak txalaparta afinatu zuen duela hogei urte inguru, estudiotan ikusi dugu, eta Kalakaneko kideekin Madonnaren agertokiraino iritsi da. Nork esango liguke hori?», jarraitu du. Txalapartarien artean dagoen elkartasuna nabarmendu du, gainera. «Gutxi gara, eta guztiok izan behar dugu ikasle eta irakasle».
Duela hiru urte sortu zuten Hutsun taldea Simon Ahetxuk, Mikel Hernandezek eta Gambrak berak, txalapartaren inguruan sakontzeko asmoarekin. Urte hauetan, 70 kontzertu inguru eman dituzte, eta tartean, Bordelen (Okzitania) eta Oreka TX taldearekin ere jo dute. Kontzertu didaktikoak kaleko emanaldiekin tartekatzen dituzte. «Bizipoza ematen dit txalapartak. Jotzeak alaitu egiten nau, eta askatasuna ematen dit», esan du Gambrak.
Yann Tiersenen ttakuna
Hutsun txalaparta taldeak bideoklip bat grabatu du Yann Tiersenen abesti bat joz, eta sarean ikus daiteke dagoeneko. Txalaparta, dantza eta artea uztartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu