«Egongela berreskuratu nahi dugu; Youtube telebistan ikustea dugu helburu». Manuel Bronstein Youtubeko edukien zuzendariak zehaztu du, nagusiki, gailu eramangarrietan ikusten direla bideoak: sakelako telefonoetan, tabletetan... Ordea, bideoak konpartitzeko guneak Internetera konektatzen diren telebistak ditu helburu, hain zuzen ere. «Belaunaldi berriek, etxean egonda ere, sakelakoan ikusten dituzte bideoak; kasu horietan ohar bat bidaliko diegu, bideoa telebistan ikus dezaketela oroitarazteko».
Bronsteinek FesTVal Gasteizko Telebista Jaialdia baliatu du Youtubeko etorkizuneko erronkez jarduteko. Han azaldu du erabiltzaile batek denbora gehiago pasatzen duela Youtube telebistan ikusten duenean, eta horrek publizitate aldetik ere aukera gehiago ematen dituela. Ordea, Bronsteinek aitortu du badagoela zer hobetu telebisten alorrean. «Sakelakoan bilaketak egitera ohituta bagaude ere, telebistan gogaikarria izan daiteke». «Esperientzia» hobea izan dadin, Bronsteinek zehaztu du garrantzi handia ematen diotela bideoak proposatzeko algoritmoari. Erabiltzaile bakoitzak egin dituen bilaketak aintzat hartuta, programak zenbait bideo aholkatzen dizkio ikusleari. «Azken urtean, hiru aldiz handitu dira gure proposamenak aintzat hartzen dituztenak». Horrek «esperientzia jarraituagoa» ahalbidetzen duela azaldu du Youtubeko edukien arduradunak, eta, horren eskutik, ohiko telebistaren moduko sentsazioa errazten dela.
Hamar urteko «hasi berria»
Youtubek hamar urte bete ditu aurten, eta hilero mila milioi erabiltzaile izatea lortu du. Edonola ere, «hasi berri baten moduan» sentitzen dela azaldu du Manuel Bronsteinek. Aurrera begirako erronkez hitz egitean, «egongela berreskuratzeko» lanaz gain, Youtubek «sozializazioan» jarri nahi du arreta: bai ikusleen artekoak, baita edukien sortzaileen eta jarraitzaileen artekoak.
Halaber, offline kontsumoa abiarazteko ekinbidearen berri eman du; hau da, Interneterakokonexiorik gabe ere bideoak ikusi ahal izatea. Proposamen hori garapen bidean diren herrialdeak buruan abiarazi dute. «Wifia dagoen leku batean bideoak jaistea lantzen ari gara, hartara ikusi ahal izango dituzte konexiorik ez dagoenean», azaldu du.
Ildo horretan sakontzeko, Youtubek abiarazi dituen egitasmo berriak aurkeztu ditu. Horietako gehienak AEBetan edota Erresuma Batuan baino ezin dira erabili egun, baina iragarri du «aurki» hedatuz joango direla. Lehen proiektua haurrentzat da: Youtube Kids. Otsailean hasi zuten, eta umeentzako edukiak, interfazea eta bestelako baliabideak eskaintzen ditu: bilaketak ahots aginduen bidez egitea, gurasoek saioari mugak jartzeko tresnak...
Horrez gain, duela aste bat abiarazitako atal baten berri eman du Bronsteinek, Gasteizen: Youtube Gaming. Bideo jokoentza izango da, eta zuzeneko jolasak ikusteko aukera eskainiko du, baita jokalariekin hitz egitekoa ere. «Kaleko ikuskizunen bat ikusten dutenen moduan, ikusleek diruz saritu ohi dituzte gustuko dituzten gauzak».
Interneteko eduki propioak
Youtubeko arduradunak ez ezik, zenbait produkzio etxetako eta telebista katetako arduradunek gogoetatu dute Internetek eskaintzen dituen aukeren inguruan. Jose Manuel Pacheco Atresmediako zuzendariak oroitarazi du euskarri horrekin batera ikus- entzunezkoen kontsumoa handitu egin dela, baita haietan eskaintzeko espresuki sortutako edukiak ere.
Ana Multigner Hearst taldeko eduki digitalen zuzendariak gaineratu du Internetekin«hizkuntza propioa» sortu dela, eta nazioartera begira ematen duen bultzada ere goratu zuen.
Ferran Clavell TV3ko Berrikuntzako arduradunak oroitarazi du errotik aldatu dela ohiko telebista kateek Internetekin zuten harremana. «Hasieran, sustapenerako baino ez zen erabiltzen, baina, etorkizunean, zuzenean emitituko da Internetetik». Raul Berdones Secuoya Taldeko presidenteak gaineratu du «kutxa batean, ahaztuta» zeuden edukiei irteera emateko balio izan duela.
Youtubek «egongela berreskuratzea» du helburu
Youtubek telebista pantailara iritsi nahi duela esan du Bronsteinek.Bi lan ildo berri hasi dituzte aurten, ume eta bideo jolasak xede

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu