YouTuberen tatuaje bat egin beharko nukeela esan dit batek baino gehiagok», dio Ignacio Unzeta iruindarrak. Eta ez da gutxiagorako, sareko bideoen ataria bere bizitzako ametsa bete ahal izateko bitartekari izan baita. Hainbat talderen bertsioak kantatuz, dozenaka bideo igo ditu YouTubera, eta, horri esker, ekainean bere lehen diskoa grabatuko du Los Angelesko (AEB) Furocius Music diskoetxearekin, eta bira bat eskainiko du ondoren.
600 lagunen artetik aukeratu dute 19 urteko gaztea, eta iragan den udan jarri ziren lehen aldiz hartu-emanean Unzetarekin. «Hondartzan nengoen, eta diskoetxetik idatzi zidaten galdetuz ea lagun musikariren bat banuen». Berak kantatzen duela eta, bere atariaren helbidea laga zien, eta hortik aurrerantzean harremanetan jarraitu zuten. «Azkenean, nire aldeko apustua egin zuten», eta ekainean joango da Los Angelesera. Horretarako, ordea, batxilergoko azken urtea amaitu beharra dauka, eta unibertsitatean sartzeko hautaproba ere egin beharko du. Horretaz gain, beste baldintza batzuk ere bete beharko ditu, eta ingelesa menderatuta joan beharko du, «hemendik ekainera arte lan handia daukat egiteko», onartu du.
Orain arte, nazioarteko talde ezagunen abestien bertsioak egin ditu Unzetak, baina, diskoa grabatzen duenerako, abesti berriak idazten ari da. Bere ildo musikala popetik doala argitu du, eta hori erakusten du orain arte egin dituen bertsioen hautaketak ere. Beyonce, Pink, Moulin Rouge, Metallica, Lady Gaga eta Jason Mraz. Azken hori izan zen gainera diskoetxeko ordezkariei bidali zien lehen kantua.
Betidanik kantuan
Kantatzea oso gogokoa duela azpimarratu du Unzetak, eta bizitza osoan horretan aritu da. «Dutxan, igerilekuan lagunekin nagoela, gogoko izan dut betitik kantatzea», dio. 13 urterekin kantu akademia batean egon zen ikasten, baina, ikasketak zirela medio, utzi egin behar izan zuen. Behin DBH amaitutakoan, ordea, kantagintza jorratzeko bideratu zituen ikasketak, eta arte eszenikoetara bideratutako batxilergoa egiten aritu da azken urteetan. Aurten amaituko du.
Bertsioak kantatzen batxilergoa egin aurretik hasi zela zehaztu du. «Sakelakoarekin grabatu nituen nire lehen saioak». Baina kalitatea hobetzeko asmoz, estudioko mikrofono bat erosi zuen Unzetak. Grabazio horiek ikusita, Plaza de la Cruz ikastetxeko bere irakasleek bideo horiek sarean jartzeko aholkatu zioten, «oso ongi kantatzen nuela esaten zidaten, eta merezi zuela ahalegina egitea». Harrera beroa jaso du Unzetak YouTuben izaniko bi urteko ibilbidean, «jende askok zertan huts egiten dudan esaten dit, eta niretzat oso tresna baliagarria izan da».
Hori guztia dela eta, sareko atariarekiko hitz onak baino ez ditu. Are gehiago, gitarra eta pianoa jotzen ikasteko ere erabili du. «Bertan bakarrik ikasteko ikastarotxo asko topatu izan ditut, eta musika tresna horiek jotzen ikasteko baliagarria suertatu zait». AEBetara joango da ekainean, eta han geratzeko asmoarekin gainera. Izan ere, diskoa grabatu ostean aurkezpen bira bat emango du herrialdetik barrena. Eta gero, «batek daki, baina han jarraitu nahiko nuke».
YouTubetik ospera salto
Ignacio Unzeta AEBetara joango da ekainean diskoa grabatu eta bira bat ematera. Duela bi urte jarri zuen lehen bideoa YouTuben, hainbat talderen bertsioak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu