Parrandarako gogoa eta grina duenak izango du non aukeratu Lezon, mendekosteetarako egitarau oparoa prestatu baitute herrian, bihar hasi eta igandera bitartean. Zabarre pirata bilakatuko da protagonista egun hauetan. Festak bere bila joanez hasiko dituzte; Oroitzene euskaltegiaren parean elkartuko dira.
Ondoren, Aiton Borda eta Ordiziako Umore Ona erretiratuen abesbatzek kontzertua emango dute, Gezala auditoriumean. Jaiak ofizialki 19:30ean hasiko dira, eta alkate txikiak arduratuko dira horretaz. Pregoia irakurri eta suziriarekin lehertuko da festa. Buruhandi eta erraldoiek girotuko dituzte kaleak gero, Lezoko txistularien laguntzarekin.
Aldarrikapenak ere izango du lekua festetan. Etxean ez daudenak oroitzeko, preso eta iheslarien aldeko kartelak itsatsiko dituzte afaldu aurretik. Piraten afaria Gurutze Santuaren plazan izango da. Udalak mahaiak eta sagardoa jarriko du, eta norberak eraman beharko du gainontzekoa. Traband taldeak girotuko du afaria. Behin suspertu eta gero, gazteentzako jolasak, karaokea eta apar festa antolatu dituzte.
Karlos Saldise plazan, rock doinuak izango dira nagusi. Skasti eta Ziztada taldeek joko dute, eta DJ Bull egongo da.
Egun betea etorriko da larunbata ere. Goiz-goizetik ekingo diote festari. Lezoko dultzaineroek diana egingo dute, eta haurrek joko erraldoietan eta zirku tailerrean ederki pasatu ahal izango dute, Euskal Herria plazan. Buruhandi eta erraldoiak ere ez dira faltako etxeko txikienen gozamenerako.
Eguerdian, ikasturtean ikasitako guztia jendaurrean erakutsiko dute Tomas Garbizu Lezoko udalaren musika eskolako bandako kideek. Gurutze Santuaren plazan izango da kontzertua, eta eguraldiak laguntzen ez badu, Gezalagara leku aldatuko dute.
Lezoko euskal dantza zaleek bazkaria antolatu dute indarrak hartzeko, Karlos Saldise plazan. Arratsaldean, puzgarriak eta tailerrak izango dira haurrentzat eta txirrindulari lasterketa ere egingo dute, Iturrin industrialdean. Larunbateko protagonista, hala ere, sagardoa izango da, XVI. sagardo eguna ospatuko baita. Gurutze Santuaren plaza hartuko du edariak bazkalondoan; jan eta edanaren inguruan.
Ongi pasatzen ari denak gaua nahi adina luzatu ahal izango da. Dantzaldiak gustuko dituenak, Gurutze Santuaren plazan bertan Modesto izango du, eta rock zaleak Ibai Ondora jo behar dute. Eztanda, Lady Kotxinas, Getto Boys eta Bietan Egurra taldeekin eta DJ Kabek astinduko dute oholtza.
Goiz-goizetik ekingo diote egunari igandean, dultzaineroen eskutik. Toka txapelketak eta herriko kirolen ikuskizunekin gozatu ahal izango da, ondoren. Arratsaldean, gazte zein helduentzat, altxorraren bila antolatu dute, Gurutze Santuaren plazan.
Festak hasi bezala amaituko dira. Zabarre pertsonaiaren itzulerarekin agurtuko dute jaia. Tomas Garbizu Lezoko udalaren musika eskolako kideek alaituta kalejira egingo dute, eta zezensuzkoaren aurrean korrika eginez ahituko dituzte indarrak.
Jaiak. Lezo
Zabarre piratarekin batera iritsiko da festa herrira
Mendekosteak ospatuko dituzte bihartik igandera arte; sagardo eguna izango da larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu