Zaborra nola berrerabili hausnartuz

Bilboko Alhondegian, Hondakinen Berrerabilpen Sortzaileari Buruzko Nazioarteko Topaketa egiten ari dira. Zaborra berrerabiltzeko moduen inguruko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Hondakin berrerabiliekin egindako lanen argazki erakusketa. MONIKA DEL VALLE.
Bilbo
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Egunotan, Hondakin nazioarteko topaketa egiten ari dira Bilboko Alhondegian. Hondakin Berrerabilpen Sortzaileari Buruzko Nazioarteko Topaketa da, eta aurtengo leloa Hiri-taktikak, zaborretatik da. Ostegunean hasi eta gaur arte, hiru egunetarako ekitaldi ugariko jardunaldiak antolatu dituzte. Hitzaldiak, tailerrak, dokumental emanaldiak, mahai inguruak, zuzeneko ikuskizunak eta abar prestatu dituzte.

Hiri eraldaketa ekonomikoagoa, iraunkorragoa eta sortzailegoa egiteko erabil daitezkeen baliabideen inguruko gogoeta egitea du helburu topaketa horrek. Gorka Rodriguez jaialdiko komisarioak dioenez, «ikuspegi sortzaile batetik abiatuta, hiriarekiko beste harreman bat erakusten eta proposatzen dute jardunaldi hauek». Berrerabilpena oinarri duen harremana, alegia. Erakustea eta irakastea da asmoa. «Sortzen ditugun hondakinetatik sor genitzakeen espazioen inguruko hausnarketa egin eta ikasitakoa praktikan jartzeko gonbita egiten du topaketak».

Gaur, jardunaldi hauek bukatzeko, hainbat ekitaldi egingo dira. Badago non aukeratu. Goizeko hamarretatik aurrera, Basurama kolektiboko kideek Hiriko esku-hartze taktikoak, tailer teoriko-praktikoa egingo dute. Abandonaturiko orubeak edo esparruak berriro aktibatzeko aukeren inguruko tailerra izango da. Bestalde, goiz eta arratsaldez, hirian barrena bisita teknologikoa egingo dute. «New Yorkeko artista batzuek sakelakorako eginiko aplikazio batekin egingo dute ibilaldia», dio Rodriguezek.

Era berean, arratsaldean, Sarean dokumentala ikusteko aukera egongo da, eta horren ostean, mahai ingurua egingo dute. Halaber, Malaventura Malagako artistak, gauean, ikus-entzunezko sampleo ikuskizuna egingo du. Irudien nahasketa oinarri duen zuzeneko kontzertu bat izango da. Antzinako filmen zatiak nahastuta, berak jarritako audio batekin filmetako musika antzeko bat sortuko du. Ikuskizun horrekin amaituko da aurtengo Hondakin topaketa.

'Hiri hondakin solidoak'

Egitarau zabal horren parte da Hiri hondakin solidoak izeneko erakusketa.

Basurama kolektiboko kideek Latinoamerikan eta Afrikan egindako proiektuen inguruko argazki erakusketa da. Hondakin solido, etxeko, industrial, materiagabeekin eta, batez ere, hiri hondakinekin egindako tresna eta objektuak agertzen dira argazkietan. Liburu bat ere argitaratu dute, bizitako esperientziak laburbiltzeko.

Ruben Lorenzo madrildarra Basurama kolektiboko kidea da: «Gure lana da aztertzea hirietan sortzen ditugun hondakinek zer aukera izan ditzaketen eraikuntzarako eta, batez ere, jarduera kulturalerako». Hamarkada bat baino gehiago igaro da Madrilgo Arkitektura Eskolako zenbait ikaslek Basurama kolektiboa sortu zutenetik. «Lehendabizi, Madrilen hasi ginen», dio Lorenzok. Gero, pixkanaka, lan eremua zabaltzen hasi ziren, eta Espainiako hirietara zein nazioarteko herrialdeetara bidaiatu.

Batez ere, degradatutako esparruetan lan egiten dute, edo erabilpenik gabeko eremuetan, horiek berriro aktibatuta. «Hondakinak dauden eremuetara joaten gara, zer-nolako hondakinak sortzen diren aztertu, eta hondakin horiekin egin daitezkeen sorkuntzak erabakitzen ditugu». Espazio horiek berriro martxan jartzeko, horixe baitute helburu. Betiere, modu kolektibo batean lan egiten dute, tokian tokiko kolektiboekin harremanetan.

La Pazen (Bolivia), Mexikon, Liman (Peru) Santo Domingon (Dominikar Errepublika), Kairon (Egipto), Niamein (Niger) ateratako argazkietan, Basuramako kideen eta tokian tokiko gizarte eragile zein partikularren lanak islatzen dira. Argazkiak ez ezik, bideoak ere badaude.

Mexikon, esaterako, bertako kaleetako zabor biltzaileekin —Pepenador-ekin— aritu ziren elkarlanean. Pepenador-ek erabiltzen dituzten gurdi edo karroak beraiek egiten dituzte, eta zeregin hori nola egiten zuten erakutsi zieten Basuramakoei. Tailer bat egin zuten, artistak, disenatzaileak eta Pepenador-ak batuta. «Karro batekin eta hozkailu batekin irrati mugikor bat egin zuten, eta neska batzuek bizikletak konpontzeko tailer ibiltari bat ere egin zuten», kontatu du Basuramako kideak.

Santo Domingon, malekoian pilatzen zen hondakin multzoari berrerabilpen bitxia eman zioten. Olatu erraldoi bat egin zuten; plastikozko ontziak erabiliz egindako olatua. «Modu sinbolikoan, adierazi nahi genuen itsasora isuritakoa itsasoak berak bueltatzen digula», azaldu du Basuramako kideak. Mezu hori zuen proiektuak, eta horrela, isuri zuten zaborraren erabilpenaren inguruko hausnarketa bideratzeaz gain, kontzientziazio lana ere bultzatu zuten. Gainera, malekoian izan arren, leku abandonatu bat zen; hortaz, «espazioari bizitasuna» eman zioten.

Sortzen duten bizitasun hori ondo erakusten dute Liman eta Niameyn ateratako argazkiek ere. Bietan, erabilpenik gabeko eremuak hartu eta haurrentzako zein helduagoentzako jolas parke antzeko batzuk egin zituzten. Plastikozko ontziak eta poltsak, kartoia, egurrezko paleak eta abar berrerabilita, hainbat zabu eta kulunka egin zituzten. “Umeek harrituta begiratzen ziguten, eta ea probatu zitzaketen galdetzen ziguten—, dio, barrez, Lorenzok. Horrela, Liman, esaterako, tren bat egoteko eraikitako zubi gris abandonatu bat kolorez bete zuten.

Esperientzia «aberatsak» izan direla nabarmendu du madrildarrak. «Guk gure ezagutza eta baliabideak eskaini dizkiegu, baina, aldi berean, asko ikasi dugu haiengandik». Hain zuzen ere, Basurama kolektiboko kideen ezagutza bertatik bertara ikusteko aukera aparta dago Alhondegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.