Denetarik aurkitu ahal izango dute asteburu honetan Barakaldoko BECera (Bizkaia) biltzen direnek. Denetarik, baina ez objektu berriak; gutxienez 40 urte dituzten objektuak izango baitira salgai. Izan ere, Zaharkinen Azoka antolatu dute, larunbatean eta igandean. 22. aldia du aurten.
BECeko bigarren pabiloian jarriko dute Zaharkinen Azoka. Goizeko hamarretan zabalduko dute, eta arratsaldeko zortziak arte izango da zaharkinak erosteko aukera.
Altzariak, pinturak, eskulturak, lanparak, bitxiak, portzelana, zaharkin teknikoak, bildumak, jantziak, nekazaritzako lanabesak, makilak, ordulariak... Denetarik jarriko dute salgai erakusmahaietan. Baina, hori bai, objektu guztiek gutxienez 40 urte izan beharko dituzte azokan salgai jarri ahal izateko.
Bertakoak eta kanpokoak
Euskal Herriko hainbat erakusketari egongo dira, besteak beste, Hendaiako Raphael Greno, Urruñako Roger Pierre Gaubert, Lizarrako Francisco Javier Lisarri eta Eduardo Perral, Bilboko Manuel Rodriguez eta Dextera zaharberritze tailerra... Baina Euskal Herrikoak ez ezik, Frantziako, Espainiako, Herrialde Katalanetako, Alemaniako eta Herbehereetako erakusmahaiak ere izango dira asteburuan BECen.
Erakusketara joan nahi dutenek sarrera ordaindu beharko dute: egun baterako sarrerak lau euro balio du, eta bi egunetan joateko asmoa dutenek bi egunetarako bonua eros dezakete, sei euroren truke.
Bisitari asko ez dira ziurrenik esku-hutsik joango azokatik. Baina sariren batekin ere bueltatu daiteke bateren bat. Izan ere, 500 euroko opari txekea zozkatuko dute antolatzaileek bisitari guztien artean. Txeke hori hurrengo Zaharkinen Azokan erabiltzeko izango da. Hain zuzen ere, 2011ko maiatzaren 14an eta 15ean egingo den azokan. Bien bitartean, asteburu honetan erosketak egiteko aprobetxatu beharko dute zaharkin zaleek.
ZAHARKINEN AZOKA
Zer. Bitxiak, ordulariak, pinturak, portzelana....
Non. BECeko bigarren pabiloian (Barakaldo, Bizkaia).
Noiz. Larunbat eta igandean, 10:00etatik 20:00etara.
Sarrera. Egun batekoa lau euro; bi egunetakoa sei euro.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK
Zaharrak, baina ederrak
Barakaldo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu