Jaiak. Burlata

Zahatoa husteko sei eguneko festak

Asteartean hasiko dira Burlatako festak, eta aurten ere ikurrinaren omenaldiak piztu du ika-mika

Gazte bat, zahatotik edaten, Burlatako festetan. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Iruñerriko udako festa bakarrenetarikoak dira Burlatakoak. Sanferminak igarota ez da izaten besterik inguruan, baina bada salbuespen bat: Burlata. Asteartean hasi eta datorren igandera arte iraungo dute aurtengo festek. Aitzitik, aurten ere bi programa egoteak markatuko ditu egunak. Batetik, Udalak aurkeztutako programa, eta, bestetik, Burlatako eragileek egindako jai herrikoien egitaraua. Dena den, giroa ziurtatuta dago, bi egitarauek elkar osatzen dutelako. Ez da zereginik faltako.

Ikurrinaren erabilerak ika-mika sortu izan du Nafarroako zenbait herritan, eta Burlatan ere ikur horrek eragin du desadostasuna. Ikurrinari egindako omenaldia ekitaldi politikotzat jo du UPNk, etaUdalak ez du programan sartu nahi izan. Ondorioz, herri mugimenduko eragileek ez dituzte haien ekimenak udal egitarauan barnebildu. Herri mugimenduko kideek adierazi dute udalarekin elkarlana lortu nahidutela, baina desadostasunak direla medio ezin izan dutela egitarau bateratua atera. Nolanahi ere, herri egitaraua ez da Kultura eta Jai Patronatuaren programaren ofizialaren «kontrakoa» eta «alternatiboa», «osagarria» da.

Hala, musikak hartuko du herria asteartean. Eta hurrengo igandera arte egongo da nahikoa entretenimendu. Astearte eguerdian txupinazoa botako dute, burlatarren gozagarri, eta orduantxe hasiko dira jaiak. Gero, 20:30ean txistulariek eta dantzariek ikuskizuna eskainiko dute, herriko plazan. Egunari bukaera emateko afaltzeko aukerarik ez da faltako: kuadrillen afaria, herri afaria eta autogestionatutako afaria antolatu dituzte.

Asteazkena hasteko 09:30ean triki-bermuta antolatu dute, trikitiaz lagundutako poteoa, alegia. Helduak tabernaz taberna ibili, eta gero umeen tartea helduko da. Egun osoan haurrentzako parkea muntatuko dute, Intxaustian. Helduentzat, aldiz, bada zer aukeratua: pilota partidak egongo dira, peñek jaitsiera egingo dute, eta garagardo jaia izango da Mikel Castillo plazan. Gainera, gaua dantzan amaitu ahalko dute festazaleek; AC/DCri omenaldia eskainiko diote zenbait taldek, Gazte Gunean, eta Txipirons Blue Band-ek kontzertua emango du, Aldabean. Dantza baino kantua nahiago dutenentzat, ordea, karaoke herrikoia prestatu dute, gauerdian, Axular Peñan.

Osteguna ardoa edanda hasiko dute Burlatan, ardotegiar hamarretakoa antolatu dutelako. Gero, tripak mugiarazten dituenez hankak Zumadiraino joango dira burlatarrak, kaldereteak prestatu eta dastatzeko. Han egingo dute kalderete lehiaketa. Jan ondoren bapo, ibilalditxoa izango dute herrian barrena: poteoa antolatu dute Karrikas taldearen musikak lagunduta. 20:30ean ariketa fisikorako beta izango dute. El conquis izeneko lehiaketa antolatu dute herriko peñen artean, proba fisikoz eta psikikoz osatutako jokoa. Gaua bukatzeko, berriz, gorputza alaituko duen musika aditu ahalko da. Guatekea izango da DJ Txulorekin, Aldabean. Erritmoari eutsiz jaiak igandean bukatuko dira. Artean egongo da ikusteko, egiteko, eta gozatzeko astia.

Ororentzat prestaturikoak

Burlatako herri eragileek adierazi dute festetan pertsona guztien «idiosinkrasia» eta «identitatea» errespetatuko dituztela. Horregatik jai «laiko, herrikoi eta parte hartzaileak» iragarri dituzte. Ez dute jarrera sexista, xenofobo eta homofoborik onartuko. Berdintasunean oinarritutako festak izango dira. Hori dela eta, herritar guztien eskura dauden ekitaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako.

Batean eta bestean azkenaldian gertatu diren murrizketak eta lan erreformak ere kritikatu dituzte, eta prekarietate egoeran lan egiten dutenei elkartasuna adierazi diete herri eragileek. Hori dela eta, krisi egoerari aurre egiteko, egitarau herrikoian antolatutako ekimen guztiak doakoak izango dira, eta bazkarietarako eta afarietarako prezio merkeak jarriko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.