Zakila tentetzeko baino ez

Gizon askori berriz erekzioak izaten lagundu dien pilula urdina da viagra. Haren inguruko sinesmen batzuk egia izango dira; beste asko, ordea, gezurra. Baina badira viagra beharrezkoa dutenak zakila tentetzeko. Nolanahi ere, beste kontu bat da desira.

BERRIA.
unai etxenausia
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nahi eta ezin. Desira sentitzen du, baina gorputzak ez dio erantzuten. Zakila tentetu nahi, baina ezin. Gogotsu dago; beraz, pilula bat hartzea erabaki du. Viagrak efektua egin, eta lortu du azkenean: tentetu zaio. Gizonek, sexuaz gozatzeko, ez dute zertan zakila tente eduki edo viagra hartu. Zakilaz gozatu nahi dutenean kontsumituko dute. Argi dago, baina, viagra eta tankerako produktuek asko lagundu dietela erekzioaren disfuntzioa dutenei.

25 urte igaro dira sildenafilo medikamentua merkatura iritsi zenetik. Revatiok, Viagrak eta beste marka batzuek merkaturatzen dute sildenafiloa gaur egun. Viagra izenez egin zen ezagun mundu osoan. Urteotan, zakila tentetzeko zailtasunei irtenbidea emateko hartu dute hainbatek, eta funtzionatzen du: jende askori erekzioak izaten laguntzen dio. Halere, asko dira viagraren inguruko sinesmen okerrak. Medikamentuarekin lotutako sinesmenak ez ezik, desira sexualarekin lotutako sinesmen okerrak ere baditu gizarteak. Horrez gain, gainera, viagra preskripziorik eta kontrolik gabe hartzeak arriskuak eragin ditzake osasunean, eta, beraz, hainbat gauza hartu behar dira kontuan.

Pilula urdin ospetsua kasualitatez aurkitu zuten Pfizer botiken enpresako ikertzaileek. Zientzialariak bularreko angina tratatzeko medikamentua aztertzen ari zirela, ohartu ziren sildenafiloz osatutako botikak imajinatzen ez zituzten albo ondorioak zituela: zakila tentetzen zen. Pfizerreko enpresariek, jakinda 40 urtetik gorako hiru gizonetik batek erekzioaren disfuntzioa izan ohi duela —behin bada ere—, haien ikerketa alor horretara bideratzea erabaki zuten. Azkenik, 1998ko martxoaren 27an merkaturatu zuten viagra lehen aldiz.

Aurrerapen handia izan zen ikerlarientzat jakitea zer efektu zituen sildenafiloak askoren zakilean. Ion Madina urologoak ondo ezagutzen duen medikamentu bat da, erekzioak izateko arazoak dituzten paziente asko artatzen baititu egunero. «Viagra deskubritu aurretik, zakilean botika bat ziztatzen genien pazienteei, erekzioak izan zitzaten. Oraindik ere erabiltzen da teknika hori batzuetan, baina ez da ohikoena. Beste metodo batzuk erabiltzen ditugu», zehaztu du.

Askotariko soslaiak

Merkatuan «lau edo bost produktu» daude erekzio disfuntzioari aurre egiteko balio dutenak. Are, paziente bakoitzari eskaintzen zaion tratamendua pairatzen duen arazoaren arabera alda daiteke, urologoak azaldu duenez: «Pilula askoren efektuek lau edo bost ordu irauten dute; adibidez, viagrarenek. Beste batzuek 36 ordu irauten dute. Jakina, zakila ez da beti tente mantenduko; hartzaileak desira sentitzen duenean tentetuko da zakila, eta baretzen denean edo hazia isurtzen duenean jaitsiko da».

Askotariko profilak dituzten pazienteak artatzen ditu Madinak: «Adinekoak edota 20 urte inguruko gazteak». Jende askok beste gaitz edo gaixotasun batek eraginda du disfuntzioa: tentsio altuak, obesitateak, gehiegizkoa kolesterolak, tabakoa erretzeak... Gazte asko, berriz, beste arrazoi batzuengatik joaten dira urologoarengana. Beldurrek, estresak edo esperientzia txarrek eraginda, «behin huts egiten badute eta ez bazaie zakila tentetzen», blokeatuta geratzen dira; ondorioz, ezin dituzte hurrengo sexu harremanak gozatu. «Buruak huts egiten dienean, sendagai bat emanez hasten dugu tratamendua pazienteekin, goza dezaten, konfiantza har dezaten, gutxinaka bada ere», azaldu du Madinak. «Pixkanaka, dosia jaitsiz joaten gara, arazoa desagertu arte. Horren ostean, zakila berriro tentetuko zaio, inolako pilularen laguntzarik gabe. Arazorik gabe».

Badira, ordea, Interneten eta inolako mediku agindurik gabe viagra erosten duten gazteak. Eduardo Urzelai Emaize sexologia zentroko sexologoarentzat «arazo larria» bilakatu da hori. «Nire ustez, askok oso erraz errezetatzen dituzte viagrak. Bestela, online erosten ditu jendeak; hori ez da ona, ez baitakite zer erosten duten ere. Askotan ez da viagra. Pilulak behar dituena gaztea bada ere, mediku on baten kontrolarekin hartu behar du».

Beste efektuak

Sildenafiloak zakila tentetzeko baino gehiago ere balio duela frogatu zuten aspaldi ikertzaileek. Zainketa intentsiboetako unitateetan erabili ohi da arnasketa arazoak dituzten pazienteentzat, eta biriketako hipertentsioa tratatzeko. Gaixotasun hori ez da ohikoa, baina larria da. Asko laguntzen du gaitza arintzen.

Ugalketa lagunduko zerbitzu batzuek ere erabiltzen dute, umetokian ernaldutako obuluaren habia errazteko. Sildenafiloak eta beste farmako batzuek odola iristea errazten dute. Beraz, endometrioaren baldintza naturalak hobetzen dituzte obuluak onartu eta elikatzeko.

Are gehiago: geriatriko batean egindako ikerketa batek frogatu zuen dosi baxuetan kontsumitzeak egoiliarren buru arintasuna hobetzen zuela eta dementziaren agerpena atzeratu zezakeela, besteak beste.

Sineskeriak, zerrendan

Filmen, iragarkien eta beste hainbat faktoreren eraginez, viagraren inguruko iruditeria faltsu bat sortu da. Sineskeria horietako batzuk gezurtatzen zituen zerrenda bat argitaratu zuten Emaize sexologia zentroko profesionalek Arabako Alea-n. Ekarpenak egin dituzte bi profesionalek.

«Ez du desioa pizten. Uste dut eraginkorrak direla erantzun erektiboan eragina izan dezakeen alterazio kronikoa duten gizonengan, baina ez dute zertan gizon guztiek erabili». Horren harira, Urzelaik argi utzi nahi izan du desira eta erotika direla plazeraren abiapuntu. Zakila tentetzeko zailtasunak daudenean, zakilean odola sartzea erraztuko du viagrak. Hartzaileak «gogoa badu», zakila tentetuko zaio, baina desioa ez bada pizten, ez du erekziorik izango. «Estimulazioa eta desira beharrezkoak dira beti», gehitu du sexologoak.

Ez du, gainera, guztien errendimendua hobetzen. Asko dira jai giroan alkohola eta bestelako drogak hartu ostean viagra hartzen dutenak. Drogekkitzikapenean eta gorputzaren funtzionamenduan eragiten dute. Ondorioz, halakoetan, askotan izaten dira tentetze arazoak —baita lubrikazio arazoak ere alua dutenengan—. Horiek saihestu nahian, alkoholari edota beste drogei botika hau gehitzen zaie askotan, eta epe motzean irtenbidea dirudien arren, osasunerako arriskutsua izan daiteke. Halere, Madinak zehaztu du ez dela ezer gertatzen «bat hartzeagatik», baina ez du gomendatu.

Badira uste dutenak viagrak zakilaren berezko tamaina handitzen duela, baina ez du handitzen. Odolez betetzean eta gogortzean, aldatu egiten da tamaina, modu naturalean edota pilulak lagunduta; baina desira jaistean, odolez hustuko da berriz. Modu naturalean gertatzen ez den prozesua errazten du viagrak, hori besterik ez.

Hala, viagran bakarrik itxaropena izateak ez du ezer ziurtatzen. «Zergatik neurtzen dugu maskulinitatea zakilaren errendimenduaren arabera?», galdegin ohi dute elkarteko kideek.

Urzelaik uste du jende askok sexologoarengana joateko kontzientzia hartu behar duela beste norabait joan aurretik, arazo kroniko bat ez bada behintzat. Pilularen kontsumora ohituta, hori gabe erekziorako arazoak handitu daitezkeela uste du.

Desira eta erotika zabalagoa

Viagrak ez du ziurtatuko harreman erotikoetan gozatzea. Funtzionatuko du desioak funtzionatzen badu: «Zakilean soilik zentratzeak gozatzeko hamaika modu alboratzen ditu». Viagra hartuta ala ez, erotika modu zabalean ulertzea onuragarria dela gaineratu du Urzelaik: «Kontsultara etortzen den jende askok uste du sexu harreman bat mantentzeko zakilak beti gogorra egon behar duela, beste pertsonari huts ez egiteko». Baina «viagra ez da salbazioa».

«Zoritxarrez», jende gehienak uste du gozatzeko zakilak gogor eta tente egon behar duela, eta zakila sartzea dela garrantzitsuena, bai harreman homosexualetan, bai heterosexualetan. Urzelaik badaki, baina, hori baino zabalagoak direla erotika, pasioa, sexua, gogoa eta guztiaz gozatzeko desira: «Desira aldakorra dela onartu. Desira eta sexu harremanak izatea zakila sartzea baino askoz gehiago da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.