Ezarian. Akuarelak

Zaletasuna eta pasioa

Euskal Akuarelisten Elkartearen 200. talde erakusketa dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan. Bazkideen eta Europako akuarelisten lanak bildu dituzte.

Jose Luis Molina Moraren Niebla matinal en La Benedicta lana ikusgai dago Bilboko Ondare aretoan. Guztira 76 koadro batu dituzte, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. EUSKAL AKUARELISTEN ELKARTEA.
Bilbo
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Akuarelak arte mota guztien mailan jartzea. Horixe izan da Euskal Akuarelisten Elkarteko bazkideen zeregina azken hamarkadetan. Sorreratik dihardute horretan, eta horrela heldu dira 200. talde erakusketara. «Akuarelen mundua topikoz beterik dago. Batzuentzat arte txikiago bat da, zirriborro artea. Guk akuarelak maite ditugu, eta erakutsi nahi dugu beste arteen maila berean dagoela», azaldu du elkarteko presidente Maria Eugenia Luzarraga Zabalak (Galdakao, Bizkaia, 1957).

Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko Ondare aretoan dute erakusketa ekainaren 18ra arte (Maria Diaz de Haro, 11). Luzarragaren hitzetan, halako erakusketak antolatzea herritarrek akuarelak estimatzeko modu bat da. 68 urteko ibilbidea bete dute aurten, eta epe horretan 200. talde erakusketara iristea ospatzeko nahiko motibo bazela pentsatu zuten. Hala, horra heltzeko urteetan kideek egindako lana omendu gura izan dute, eta, bide batez, ospakizuna Europako «lagunekin» partekatu. «Zenbait herrialdetako akuarelistekin harremana dugu, Europako akuarelista elkarteen konfederazioan baikaude. Beste lekuetan egiten dutena ikustea gustatzen zaigu; oro har, goi mailako profesionalak daude».

Hastapenen lekuko dira, esaterako, aretoko bitrina batean jarritako margo, pintzel, akuarela eta lehen presidente Juan de Aristegiren argazkia. «Elkartearen alde behar egin dutenen inplikazioa islatu gura izan dugu. Artearekiko, akuarelekiko maitasunagatik lan egin dutenei eskerrak emateko modua da». Dioenez, azken hamarkadetan egindako lan onagatik «harro» egotekoa da.

76 koadro dira guztira, «zein baino zein ederragoak». Paisaia hutsak zein abstrakzioz beterikoak daude ikusgai. Euskal Herrikoak eta atzerrikoak. Artisten irudimenaren aletxoz jantziak, eta xehetasunez josiak. Zenbaitetan abstrakzioa muturrera eraman, eta ia zein paisaia den antzeman ezin direnak. Baita perfekzioa laztanduz ia argazkiak diruditenak ere. Askotarikoak dira sortzaileak, eta askotarikoak, halaber, haien sormenak.

Erakusketan asko dira itsasoarekin zerikusia duten akuarelak. Juan Manuel Mendezen Urdinak lana Bilboko itsasadarraren eta inguruko industriaren erakusle da. Ontzioletako garabiak ageri dira mutur batean, eta ibaiaren handitasuna nabarmentzen da. «Bistakoa da gure itsasadarra dela. Itsasbeheran marraztu du, harri eta guzti». Gloria Cortinaren Itsasbehera akuarelan, ostera, ez da itsasoaren arrastorik antzematen.

Errekak, ur-jauziak, portuak, mendi eta baso bazterrak, Paisaia elurtuak, katedralak, olibadiak... marraztu dituzte batzuek. Beste batzuek hirien paisaiak erakusten dituzte: Jose Luis Molina santurtziarraren Goizeko lainoa-Benedicta akuarela klasikoak, esaterako. Carlos Espigak Arangoiti auzoa erakusten du Bilbo Arangoitik lanean. Hiriburuaren grisa soilik Iberdrola Dorrearen eta ondoko beste eraikin baten argiek lagunduta. Marene Lasagabasterrek Bilboko beste ikuspegi bat jaso du Etorkizunari begira akuarelan. Eta Ana Aldak Guggenheim museoaren inguruak margotu ditu. Juan Carlos Langek Andra Mari Zuriaren plaza ekarri du Bilbora haren lanean. Euskal Herritik kanpoko hiriak ere badira. Besteak beste, Juan Manuel Egurrolaren New York zaharra, Itziar Nazabalek Xauen ilunpetan eta Julio Gomezek Williamsburg zubia.

Erakusketa birtuala

Denak ez dira paisaiak. Esate batera, Armando Juez San Salvadorrek zaldi lasterketa bat margotu du Azkeneko tarte zuzena izeneko lanean, eta Juan Manuel Lumbrerasek belaontzien estropadak islatu ditu Estropadak koadroan. Abstrakzio hutsa dira asko. Horren adibide dira Rosa Arzaren Mugimendua, Juan Arroyoren Islak Venezian, Pepe Carazoren Desoreka eta Richard Perezen Ikuspegi gorria. Erretratuak ere ez dira falta. Tartean, Julia Morkechoren Begira. Luzarragak dioenez, «erretratuetan espezialista da; sekulakoak egiten ditu». Neska bat marraztu du kantin bat urez betetzen; kamera baten objektiboari begira dagoela dirudi.

Halaber, Europako adiskideen hamasei akuarela daude. Besteak beste Frantzia, Italia, Polonia, Belgika, Norvegia, Estonia, Suedia, Danimarka, Islandia eta Finlandiako lagunenak.

300 bat kide ditu egun elkarteak, eta Euskal Herriko bazkideez gain, Espainiako, Europako eta diasporakoak daude. Guztien akuarelak ezin izan dituztenez batu, erakusketa birtuala jarri dute aretoan. «Ia 200 akuarela bildu ditugu bideoan», dio elkarteko presidenteak. Musikaz girotu dute, Kepa Hernandezek beren-beregi sorturiko Gaueko Izar Bakartia melodia goxoarekin lagunduz. Erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatz eta ekainerako. Ostiralean izango da azkenekoa, Juan Manuel Lumbreras bazkideak elkartearen hastapenei buruzko berbaldia emango du Ondare aretoan bertan, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.