Azken hamar urteetan, sanferminetako sexu erasoak prebenitzea eta festa berdinzaleak sustatzea izan da Iruñeko Udalaren lehentasunetako bat. Egungo udal gobernuak elkarlan joria izan du Iruñerriko mugimendu feministarekin, eta hainbat egitasmo antolatu ditu harekin batera, hala sanferminetan, nola urteko gainerako egunetan, sexu indarkeriari aurre egiteko. Zapi gorria jantzita ere ez baitituzte betaurreko moreak kendu nahi.
Besteak beste, sexu indarkeriari buruzko informazio gune bat paratzen du urtero udalak, Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpainaren barruan. 2014ko sanferminetan jarri zuten gune hori estreinakoz, eta hurrengo urteetan indartu egin zituzten bai zerbitzua, bai indarkeria matxistaren aurkako kanpaina instituzionalak. 11 urte hauetan, erreferente bihurtu da Gazteluko plazako puntu morea.
Funtsean, sexu indarkeriaren aurkako baliabideei buruzko informazioa, argibideak eta aholkuak emateko leihatila bat da. «Neskei eta emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatua da, eta eskura dituzten baliabideei buruzko informazioa ematen zaie bertan: nora jo, helbideak, ordutegiak, laguntza...», azaldu du udalak, ohar batean. Horrez gain, baina, emakume batek berehalako arta edo laguntza beharko balu, protokoloak aktibatzeko aukera ere izanen luke Gazteluko plazako gunean. Zerbitzua zabalik da sanferminetako egun guztietan, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik gauerdira arte.
Inoiz baino gizon gehiago
Azken urteetan, ohiko bihurtu da Gazteluko plazako kioskoaren parean jende ilara luzea ikustea. Aurten, ordea, errekorra gainditzeko bidean dira: «Informazio gunea zabaldu genuenetik, egunean 2.000tik gora pertsona artatu ditugu batez beste. Uztailaren 6a izan zen egunik jendetsuena, 2.400 pertsonak jo baitzuten informazio gunera», esplikatu du Zaloa Basabek, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.
«Eraso bat dagoen bakoitzean, nabari da jendearen inplikazioa. Emakumeak ez daude bakarrik, ingurukoek ere aurre egiten baitiete erasotzaileei»
ZALOA BASABEIruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzia
Haren irudiko, ez da nolanahiko kopurua: «Iaz, guztira, 14.000 lagun artatu zituzten informazio gunean; aurten gehiago izan litezke, orain arteko erritmoari eusten badiogu». Gazteluko plazako gunetik igarotako asko, gainera, gizonezkoak izan dira, eta hori ere nabarmendu du Basabek. «Gizonen eta mutil gazteen kuadrilla ugari etorri zaizkigu informazio eske. Batzuk, soil-soilik, kanpainari babesa adieraztera eta txapa hartzera, baina beste askok jarrera proaktiboa agertu dute: seinalatu digute, adibidez, hiriko zein tokitan hobetu beharko litzatekeen argiztatze sistema, edo esan izan digute tabernaren batean jokabide sexistak antzeman dituztela».
Optimistak «oraingoz»
Sanferminak hasi zirenetik erregistratutako sexu erasoei dagokienez, berriz, aurtengo festak «lasai antzean» doazela uste du Berdintasun zinegotziak. «Kautela handiz hitz egin behar da halakoetan, baina iazko datuekin alderatuta, oso salaketa gutxi izan ditugu egunotan: lau salaketa, ukitzeengatik. Eta Iruñeko Udalaren zerbitzuetan ez ezik, Nafarroako Gobernuaren esku dagoen Sexu Indarkerien Arreta Integralerako Zentroan ere ez dute kasu bakar bat ere artatu».
Basabek gogoratu du aurten indartu egin dutela emakumeentzako arta zerbitzua baina oraingoz ez dutela protokoloa aktibatzeko beharrik izan. Zinegotziaren ustez, salaketen beheranzko joera horretan badute zerikusia urteotako sentsibilizazio kanpainek: «Eraso bat dagoen bakoitzean, nabari da jendearen inplikazioa. Emakumeak ez daude bakarrik, ingurukoek ere aurre egiten baitiete erasotzaileei».