Zapore berrituko gozokiak

Tafallako El Caserio gozoki enpresak merkaturatu dituen zapore berriko gozokiek oso harrera ona izan dute, eta horren lekuko da ostegunean Madrilen jaso zuen saria.

El Caserioko lantegian milaka goxoki egiten dira egunero. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Tafalla
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azken 70 urteotan ekoitzi duen gozoki beratz eta mastekatzeko modukoari ukitu berria eman dio Nafarroako El Caserio lantegiak. Orain arte pinaziekin egiten zuen gozokia baztertu gabe, zapore berriak merkaturatu ditu. Eskaintza berriak arrakasta izan du, eta ostegunean Urteko zaporea saria jaso zuen Madrilen.

1964. urtean jaio zen enpresa gisara, Tafallan, baina lehenago hasi zen El Caserio enpresako gozokiaren historia. Sortzailea Jesus Ramirez zena izan zen. 14 urterekin Tarbera (Okzitania) joan zen gozogintza ikastera, eta zortzi urte eman zituen han ofizioa ikasten. Bueltan, Donostiako osaba batek zuen gozotegi batean aritu zen ikasten. 36ko gerra lehertu zenean Tarbera itzuli zen, eta, gerra bukatuta, berriro itzuli zen Tafallara, iragan mendeko 30eko hamarkadaren bukaeran.

«Gozogile izatea zen haren ametsa», gogorarazi du Maribel Ramirez alabak, eta ametsa bete egin zuen. Herrian gozo denda bat zabaldu, eta gozokiak egiten hasi zen. Garai hartan ohikoak ziren kafesne zaporeko gozokiak, eta horiei berrikuntza bat gehitu zien: pinaziak. Horrela, beste gozoki bat sortu zuen. Eskaera gero eta handiagoa zenez, gozo denda enpresa bilakatu zen 1964. urtean. Euskal kulturarekin eta baserriarekin zerikusia zuen oro gustuko zuenez, El Caserio izena jarri zion lantegiari, eta baserri baten itxura hartzen zuen eraikina egin zuen. Hortik datozkio izena eta kanpoaldeko baserri itxura enpresari.

Lau gozoki berri

El Caseriok hamarkadak egin ditu produktu hori merkaturatzen, baina azken hiru urteetan Nafarroako Gobernuarekin eta Lizarrako Urederra Teknologia Zentroarekin garatutako ikerketa proiektu bati esker, Krema gozoki familia berria sortu du lau zapore berri merkaturatuz: pistatxoa, banilla, kafesnea eta almendra. Zaporean ez eze, produktua lehen mailako lehengaiekin egiten dutela azpimarratu du Ramon San Martin El Caserioko kudeatzaileak. «Gantz trasgenikorik gabeak dira, zeliakoentzat egokiak, eta lehengai naturalak erabiltzen ari gara, behi esnea eta azukre naturala».

Produktu berriek oso harrera ona izan dute. Horren froga da gozogintza arloan Espainian urtero ematen den Urteko zaporea saria jaso izana iragan ostegunean Madrilen. Saria Madrid Fusion sukaldaritzaren eta jakien inguruko nazioarteko jardunaldietan jaso du enpresak. «Sariak merkatu berrietan sartzeko aukera emanen digu. Enpresa txikia izanik ere, gozoki beratza eta mastekatuaren bidean jarraitzeko aukera dugu. Gaur egun merkatua bide horretan mugitzen ari da eta».

Kontsumitzaile berrien bila

Egun merkatuan dauden gozoki gehienak haurrentzat eta nerabeentzat egiten badira ere, El Caseriokoek beste bezero mota bat dute, helduentzako gozokia egiten baitute haiek. Pinaziekin egiten zuten gozokiaren bezero nagusia 65 urteko emakumea zen. «Oso bezero fidela, baina handitzeko aukerarik ematen ez zuena», dio San Martinek. Hori ikusirik merkatua zabaltzeko beste gozoki batzuk proposatzea erabaki zuten. «Gozoki berriok 30 eta 40 urte arteko kontsumitzaileentzat eginak daude. Gainera, gerora ez du arazorik izanen pinaziekin egiten dugun gozokira egokitzeko».

Produktu berriak merkaturatzeaz gain, irudia ere berritu dute. Hasierako garaietako letra tipoa eta baserriaren irudia berreskuratu dituzte. Azken finean, «hasierako ohiko irudia berreskuratu eta bultzatu nahi izan dugu».

Guztion ahotan dagoen krisia ez dute nabaritu gozokien salmentan, lehengaien garestitze «basatian» baizik. Azukrea Brasildik ekarri behar dute, eta lortzea gero eta zailagoa da. Mozkinen tartea, berriz, gero eta txikiagoa.

Tafallako lantegian 23 beharginek egiten dute lan eta enpresan600.000 kilo gozoki produzitzen dira urtean. Horrek esan nahi du urtero350 milioi gozoki egiten dituztela. Lantegia ireki zenetik 7.000 milioi gozoki egin dituztela kalkulatzen dute.

Enpresa ezagutarazten eta produktu berriak egiten jarraituko dute aurten ere. Txokolatez estalitako gozoki bat plazaratu berri dute. Bestalde, Nafarroako eskoletako haurrei gozokiak modu industrialean nola egin erakusteko kanpainan hasi du enpresak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen laguntzarekin. Ikastetxeetatik 2.000 ikasle etorri dira El Caserio enpresara nola lan egiten duten ikustera. Horretarako ipuin bat ere prestatu dute. Gozokiak nola sortzen diren azaltzen dute ipuinean. Ikasturtea bukatzean, arbel digital bat zozkatuko dute parte-hartzaileen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.