Joan dira uztaila eta abuztua, eta, haiekin, opor egunak. Eta ostalariei iritsi zaie udak utzitako zenbakiak ateratzeko eta balantzea egiteko ordua. Aurtengo udak krisi ekonomikoa eta eguraldi txarra —batez ere, kostaldean— izan ditu ezaugarri nagusiak.
Euskalmeten datuen arabera, uztailean hogei egun euritsu izan ziren jarraian Gipuzkoako kostaldean. Behe-Bidasoa eta Donostialdeak jaso dute ur gehien udan: Euskalmetek jakinarazi duenez, zenbait tokitan iragan mendearen erdialdeaz geroztik jasotako kopururik handiena.
Eguraldi txarrak, batez ere kostaldeko kanpinei egin die kalte. Aterpetxeetan ez dute eragina hainbeste jasan, udalekuei esker uztailean ere abuztuan bezain emaitza onak lortu baitituzte.
Uztaileko euriak kostaldean izan du eragina, batez ere. Marian Olazabal Hondarribiko Jaizkibel kanpineko harreragilearen esanetan, «uztaila oso kaxkarra izan da. Eguraldi txarraren ondorioz, jende oso gutxi etorri da, eta gutxi horiek eguraldiarekin nazkatuta amaitzen zuten. Abuztua hobea izan da; lortu dugu kanpina betetzea, txikia baita». Dena den, aurreko urteekin alderatzerik ez dagoela dio Olazabalek: «Lehen, 10:00etarako kanpina beteta egoten zen, eta jendea itxaroten egoten zen sartzeko. Askotan, beste kanpin batzuetara deika ibiltzen ginen jendea kanpoan geratu ez zedin. Aurten, berriz, kanpina betetzerako 18:00ak edo 19:00ak jotzen zuten».
Naia Soraluze Mendexako (Bizkaia) Leagi kanpineko harreragileak ere adierazi du uztailean jaitsi egin zela bezero kopurua: «Jendeak astebete edo hamabost egun pasatzen ditu normalean, baina eguraldi txarra egon denez, asko zain egon dira eguraldia noiz hobetuko, eta azkenean egun gutxiago igaro dituzte kanpinean. Abuztuaren lehenengo hamabostaldian izan dugu jende gehien».
Hendaiako Ametza Kanpinean (Lapurdi), berriz, lehengo urtean bezainbeste jende ibili da: «Uztailean eguraldi txarra egin arren, bertan geratu dira». Krisiak ere ez die uste bezainbeste eragin. «Iaz baino jende gehiago izan dela esango nuke: kanpinean geratzea hotel batean ostatu hartzea baino merkeagoa izateak jendea erakarri du», iritzi dio. Oro har, astebeteko egonaldiak egin dituzte bertara joan direnek, eta gehienak frantziarrak izan dira. Ametza kanpinean ere, abuztuan izan dute jende gehien: «Abuztuaren 1etik 25era arte beteta izan dugu».
Nafarroan eta Araban eguraldia ez da arazo izan. Santi Lopez Nuvillako (Araba) Roble Verde kanpineko gerentearen hitzetan, esaterako, iaz baino emaitza hobeak izan dituzte: «Kostan euri asko egin du, baina hemen eguraldiak eutsi dio. Kanpinak bi urte daramatza irekita, eta, beraz, ezin dugu balorazio sakon bat egin; baina aurreko urtearekin alderatuta, askoz emaitza hobeak lortu ditugu. Abuztuko azken egunak kenduta, hilabete osoan lanez gainezka ibili gara».
Lizarrako kanpinekoek (Nafarroa) ere ez dute eguraldiaren kexarik. Oraitz Gartzia harreragilearen esanetan, «eguraldiak ez digu minik egin. Lizarran ez dugu kostan bezalako eguraldi txarra izan. Beste urteekin alderatuta, uztaila freskoagoa izan da, baina euria ez dugu askotan ikusi. Jende aldetik uda ona izan da guretzat. Hori bai, jende kopurua igo den arren, tabernan eta jatetxean kontsumoa jaitsi egin dela nabaritu dugu».
Aterpetxeetan gustura
Aterpetxeei dagokienez, zorte hobea izan dute. Mikel Kintana Oiartzungo Arritxulo aterpetxeko arduradunetako baten hitzetan, «normalean uztailean udalekuak izaten ditugu, eta horiei eutsi egin diegu. Abuztuan ere aurreko urtearen antzera ibili gara. Nabaritu duguna izan da jendeak gehiago erabili duela aterpetxean dugun sukaldea».
Suspergintza sareak aterpetxe ugari ditu, besteak beste, Irunen, Lekeition, Gernikan, Berrizen, Sarrian, Bermeon eta Balmasedan. Haiek ere pozik dira lortutako emaitzekin: «Guk elkarte eta administrazioekin lan egiten dugu, batez ere, eta horiek aldez aurretik egiten dituzte erreserbak. Beraz, eguraldi txarra eginez gero, haien programazioa aldatzen dute, baina ez dute erreserba bertan behera uzten. Balantzea egin dugu, eta datuak iazkoen oso antzekoak dira».
Hotel, ostatu eta landetxeetan bestelakoak izan dira gauzak. Getariako (Gipuzkoa) Saiaz hotelekoek, adibidez, beteta izan dituzte gela guztiak: «Bost urte eta erdi daramagu, eta aurtengoa, orain arteko ekainik onena ez bada onenetarikoa izan da». Lesakako (Nafarroa) Atxaspi hotelekoek ere emaitza onak izan dituzte: «Hotela betetzea lortu dugu: %95 inguruko okupazioa izan dugu abuztuan, adibidez». Iazko emaitzei eustea lortu dute, baina aitortu dutenez, gehiago kosta zaie gelak betetzea.
Nolanahi ere, krisiaren eragina eta zama guztiek sentitu dute. Egonaldien iraupenean antzeman dute, eta guztiek bat egin dute: batez bestekoa, hiru egunekoa da. Hala adierazi dute, esaterako, Kanpezuko (Araba) Ibernalo landetxekoek: «Jendea orain astebetez geratu beharrean, bi edo hiru egunez gelditzen da, eta asko egun bakarrerako etortzen dira». Horri aurre egiteko, neurriak hartu dituzte Mutiloako (Gipuzkoa) Orue landetxekoek: «Iaz, krisia zela eta, eskaintza berezia jarri genuen martxan: sei gau ordainduta, zazpigarrena doan».
Turisten artean, Frantziatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoak nagusitu dira. Ez dira bakarrak, halere. Abadiñoko (Bizkaia) Murueta landetxera, esaterako, italiarrak etorri dira gehien, eta Saiaz hotelean (Getaria), berriz, alemaniar askok egin dute egonaldia. Ibernalo landetxera, aldiz, Euskal Herriko jendea joaten omen da, gehienbat.
Abuztuan jaso dituzte ostalariek turista gehien, lehenengo hamabostaldian, batez ere. Irailari ongietorria ematearekin batera jendez husten hasi dira gehienak: haurrek zein helduek, bakoitzak bere modura, ikasturtea hasteko garaia dute.
Ezarian. Udaren balantzea turismoan
Zapore gazi-gozoa
Udaren amaiera gerturatzearekin batera, ostalaritza sektorea datuei begira jarri da. Krisi ekonomikoa eta uztaileko eguraldi txarrak ezaugarri izan ditu aurtengo udak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu