Asteburuko proposamenak

Zartagin eta mailu hotsak nonahi

Larunbatean ospatuko dituzte kaldereroak hainbat herritan, datorren asteko inauterien iragarle

Erredakzioa
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zartagina eta mailua eskutan, larunbatean ehunka lagunek zalapartaka iragarriko dute inauteriak gertu direla hainbat herritan. Ijitoz mozorrotuta, eta kantu eta zartaginen soinuen artean, herriz herri ibiltzen ziren eskulangile horien lana eta bizimodua gogoratuko dute.

Tolosan, Plaza Zaharrean hasiko dira pregoiarekin, 19:00etan. Urdina Txiki elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta elkarteko lagun batek iragarriko du kaldereroak herrian direla. Ondoren hasiko da desfilea: Solana kalean, Korreo kalean eta Kale Nagusian ibiliko dira kaldereroak zartagina eta mailua eskuan dituztela, eta bueltan Plaza Zaharrera itzuliko dira. Ordu berean, baina Udal Musika Eskolan, kalderero kontzertua eskainiko dute eskolako musika ikasleek.

Irunen ere larunbatean aterako dira kaldereroak, 19:00etan, Alberto Anguera plazatik. Konpartsaren laguntzaz, hainbat herritar kalez kale ibiliko dira ijoto jantzita. Biharamunean, berriz, Inude eta Artzainen konpartsa Santiago karrikatik aterako da eguerdian. Inude eta Artzain bikoteek eta musikariek kaleak alaituko dituzte. Haiekin batera ibiliko dira kalejiran gainerako pertsonaiak ere: alkatea eta emaztea, gotzaina, apaiza, mikeleteak... Garai bateko jantziak soinean, festa gogoz biltzen den edonork izanen du parrandarako aukera.

Eibarren ere, inauteriak hasi aurreko asteburuko ohiturari jarraituz, koko eskea eta koko dantzak egingo dituzte larunbatean. Osasun etxe aurreko parkean elkartuko dira dantzariak, 19:00etan.

KALDEREROAK

Non. Tolosan eta Irunen (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.